Cañuelas, Argentina. Buenos Aires probintziako Cañuelas hiriak urtarrilaren 22an ospatu berri du bere 197. urtebetetzea. Ekitaldia Plaza Nagusian egin zen, udal agintariak –Gustavo Arrieta alkatea eta Marisa Fassi kabineteburua buru–, erakundeetako ordezkariak, kolektibitateak eta herritarrak lagun, tartean hiriko Denak Bat euskal etxeko kide eta ordezkariak ere. Hainbat banderadun lekuko, lore eskaintza egin zuten mandatariek hiria fundatu zutenen omenean.
Urtero bezala, hiriko Euskal Etxeak lagundu zuen komunitatea bere ospakizunean eta dantzari talde batek, banderadunak barne, ikurrina eta Argentinako bandera eraman zituen ekitaldi ofizialean.
Bestalde, euskal etxetik jakin arazi zaigunez, datorren astean jakinaraziko du Euskal Etxeak Aberri Eguneko Dantzarien Topaketan parte hartzeko voucherraren prezioa. Gogora dezagun Cañuelasko Aberri Eguneko Gazteen 13. Topaketa apirilaren 6an eta 7an izango dela.