euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dena prest Uruguaiko Flores departamenduan apirilaren 15ean hasiko den II. Euskal Asterako

2012/04/04

Uruguaiko Flores departamenduko 2011ko Euskal Asteko meza (argazkia EE)
Uruguaiko Flores departamenduko 2011ko Euskal Asteko meza (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Bertoko Euskal Etxearen eskutik eta udalak antolatutako ‘Flores-ko Hilabetea’ jaialdiaren baitan gauzatuko da Uruguaiko Flores departamenduan Euskal Aste Nazionalaren II. edizioa. Euskal Festa apirilaren 15ean hasiko da Sukaldaritza eta Eskulan Azoka batekin eta segidako igandean, apirilaren 22an, bukatuko da Bildots Erretzaileen Lehiaketa eta Mezarekin. “Flores-ko Hilabetea jaialdiaren antolatzaileekin batera ari gara lanean, uste dugulako euskaldunok ez gaudela isolaturik gure herrian; alderantziz, honaino heldu ziren lehenengo euskaldunen eragina toki guztietan ikus daiteke. Horretaz gain, eta nahiz eta Flores departamenduan burutuko den, gure euskal jaia ‘Nazionala’ da Uruguai osoan eta ezaugarri hauekin egiten den bakarra delako”, adierazi zuen prentsaurrekoan euskal etxeko bozeramale Celia Bessonart-ek.

Trinidad, Uruguai. Iazko eskarmentu arrakastatsuak animaturik, Flores-ko II. Euskal Asteari ekingo diote laster Uruguaiko departamendu honetako euskaldunek. Ekitaldia interes kultural eta turistikokoa izendatua izan da eta ‘Flores-ko Hilabetea’ delako ekitaldiaren barruan gauzatuko da, apirilaren 15etik 22ra arte.

Egitarauari dagokionez, Astea ‘Euskal azoka’ eta ‘Paella Erraldoiarekin’ hasiko da. Azokan era askotako standak ikusi ahal izango dira, tartean janari tipikoak eta eskulanak salduko dituztenak. Azokako ikuskizun erakargarrienetako bat Paella Erraldoia izango da. Izan ere, antolatzaileen esanetan “gure paella handia Flores departamenduko klasiko bat da. Nazioarte mailako sukaldari batek prestatuko du eta beste gauzekin gertatuko den legez, azokan salduko da, zatika”. Standen inguruan, kalitate handiko ikuskizunak ere egongo dira. Hitzordua apirilaren 15ean da, iluntzeko 7:30etan eta herriko Konstituzio Plazan. 

Programarekin jarraituz, apirilaren 19tik 21era Euskal Pilota Txapelketa Nazionala egingo da Flores-en. “Lehiaketan Nazioarteko pilotari onenetako batzuk neurtuko dira, tartean, Txile, Argentina eta Uruguaiko jokalariak, gizonezkoak zein emakumezkoak”, jakinarazi dute Uruguaiko euskaldunek.

Ardo zaleentzat

Ardo onaren zaleei begira, ekimen berezi bat proposatuko dute Flores-ko Euskal Etxeko lagunek. Joan den urtean egin zen bezala, 2012ko edizioan ere Ardo eta Euskal Sukaldaritza dastaketa eskainiko zaie jaialdiko gonbidatu guztiei. “Iazko dastaketak oso harrera ona izan zuen publikoaren artean. Euren produktuak erakutsi zituztenentzat ere esperientzia bikaina suertatu zen; hori dela eta, II. Aste honetan upeltegi gehiagok hartuko dute parte”, adierazi du Alvaro Fagalde euskal etxeko batzordekideak. “Sukaldaritzaren arloan, mota askotako mokaduak prestatuko dira: paella, arkume errea, pintxoak eta izozkiak, batzuk aipatzearren soilik. Dastaldiak nolakoak diren ez dakitenentzat gustatuko litzaiguke azaltzea ez dela mahai batean afaltzera esertzea. Topaketaren aretoan ‘geltoki’ edo ‘standak’ daude, eta gune horietan zenbait ardo eta plater ezberdinak dastatu ahal izango dira”. Dastaldian parte hartzeko txartelak, Uruguaiko 350 peso balio ditu (erakundeko kideentzat; kideak ez direnentzat, 500 peso). Aretoan sartzean gonbidatu bakoitzari kopa landu bat oparituko zaio ardoa dastatzeko. ‘Ardo Aretoa’ apirilaren 20an izango da, Club Campestre delakoan.

Asteko azken ekintzak

Floresko II. Euskal Astea ixteko, ‘Dr. Tabare Regules’ elkartean Meza egingo da igandean, 22an. Azken egun honetan Bildots Erretzaileen II. Lehiaketa egingo da topagunean. “Iazko esperientzia paregabea izan zen eta aurtengotik ez dugu gutxiago espero. Ekintza, partaideek ordezkatzen dituzten instituzioen alde egingo da eta izena emateko epea irekita dago. Epaimahaia Uruguaiko beste departamendu batzuetako kideek osatuko dute, inpartzialtasuna bermatzeko”, azaldu dute Flores-eko Euskal Asteko arduradunek.

Igandean, lehiaketaz gain, meza, bazkari herrikoia eta ikuskizunak egingo dira asteari amaiera emateko. “Euskal etxetik esker beroak eman nahi dizkiegu lagundu diguten guztiei. Zerrenda luzea da baina bereziki aipatu nahi ditugu Kirol eta Turismo Ministerioa, Kultur Ministerioa, Flores Departamenduko Biltzarra, Eusko Jaurlaritza, Espainiako Enbaxada eta gurekin dauden enpresa guztiak”, azpimarratu du etxeko bozeramaile den Celia Bessonartek.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia