euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dena prest San Frantziskon asteburu honetan bertako Basque Cultural Center-en 33. urtemuga ospatzeko

2015/02/12

Frontoiak izango du garrantzia berezia aurtengo urteurrenean, joko garbi, pala eta esku pilota partidei esker (Irudia: Euskal Kultura)
Frontoiak izango du garrantzia berezia aurtengo urteurrenean, joko garbi, pala eta esku pilota partidei esker (Irudia: Euskal Kultura)

PUBLIZITATEA

Larunbatean eta igandean, hilaren 14an eta 15ean, ospatuko du San Frantziskoko Basque Cultural Center-ek bere 33. urtemuga. Joko garbi, pala eta esku pilota partidak izango dituzte ikusgai bertaratzen direnek bai eta Jose Mari Miura, Pedro Salaburu eta Kayet Sorhouet-eri egindako omenaldia. Zuzendaritza Batzordeko Valerie Echarren-ek EuskalKultura.com-i esan dionez, oraindik lor daitezke bazkari eta afarira joateko txartelak, baina “ahal bait arinen erostea” aholkatu du.

San Frantzisko, AEB. “6.542 lagun espero ditugu; handia izango da aurtengo festa”, esan du, txantxetan, Arrecheak. Edozelan ere, espero duten lagun kopurua ez da batere makala: bostehun pertsona egun bakoitzeko; 1.000 lagun guztira.

Larunbatean, arratsaldeko 15:00etan, emango diote jaialdiari hasiera San Francisco Junior Pala taldeko gazteek. Horien ostean, Uztaritzeko Kapito Harri joko gabi taldeko Ximun Destaillac, Bruno Irachabal, Pantxo Lissar eta Eneko Sarratia arituko dira biparetan. Arratsaldeko 17:00etan, Euskadiko Pilota Federakundeko esku pilotarien txanda izango da, tartean Xabier Erostarbe, Francisco Jauregi, Unai Legarreta, Miguel Perez, Xabier Santxo eta Xabier Urbieta lehiatuko direlarik. Profesionalen azken bi partida hauek ikusteko sarrerak 10 dolarrean daude (hamazazpi urte beherakoentzat doan izango da) eta lortutako diru guztia Euskal Etxeko ume eta gazteen pilota taldea sendotzeko baliatuko dute antolatzaileek.

Kirolak atzean lagata, 18:30ean hasiko da afaria ematen Alphonse Acheritogaray-k buru izango duen sukaldarien taldea. Barbakoan egindako haragia prestatuko dute eta, oraindik, azken orduko izen emateak onartzen ari dira (izena eman nahi baduzu, ahalik eta arinen igorri egizu emaila rsvp@sfbcc.us helbidera). Afarirako tiketak 30 dolarrean daude, eta hamabi urte azpiko umeentzat 10 dolarrean. Mixpirarrak Taldeak emango dio gauari bukaera, abesti ezagunak joz.

Iganderako plana

Igande goizean Women’s Club-eko kideek txokolatea, kafea eta kruasanak salduko dituzte, Cultural Center-eko ume eta gazteen aldeko programetarako dirua biltze aldera. 10:00etan hasiko da Lastiri aitak emango duen meza eta, bertan, Elgarrekin abesbatzak, Zazpiak Bat dantza taldeak eta Klika eta Txistu taldeetako kideek ere hartuko dute parte.

Jarraian omenduko dituzte Jose Mari Miura, Pedro Salaburu eta Kaiyet Sorhouet, San Frantziskoko Bizi Emankorra saria emanez. “Urte askotan zehar emandako laguntzagatik omendu nahi ditugu, Zuzendaritza Batzordean zein boluntario gisa egin dituztenengatik”, adierazi du Arrecheak. Aurreneko biak Elizondotik abiatu ziren 1960. hamarkadan eta, azkena, Arnegi aldetik.

Barbakoan sukaldatutako artxoa izango dute jateko, eguerdiko ordu batean, euskaltzaleek. Aurreko eguneko prezio berean daude sarrerak salgai. Bazkalosteko joko garbi eta esku pilota norgehiagokekin amaituko da aurtengo pilota jaialdia, euskal festarekin segitzeko Gure Euskal Etxearen egoitzan bertan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia