euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dena prest Quebec-en Euskaldunak-en elkartearen 15. urteurrena eta NABO bilkura ospatzeko bihartik goiti

2011/09/15

Euskaldunak elkartearen 15. urteurreneko afitxa
Euskaldunak elkartearen 15. urteurreneko afitxa

PUBLIZITATEA

Jai handia prestatu du asteburu honetarako Quebec-eko Euskaldunak elkarteak, bere sorreraren 15. urteurrena ospatzen duela eta. Ekitaldi honekin batera ardura handia hartu du elkarteak bere gain, eta larunbatean Ipar Amerikako Euskal Etxeen bilkura egingo dute Montrealen, quebectarrek antolatuta. Bilkura hau AEBetatik kanpo egiten den lehen aldia izango da eta euskal etxeetatik andana bat ordezkari etorriko dira Quebec-era. Bilera egiteaz gain, Euskaldunak-eko lagunekin bat egin eta urteurrena ospatu eta gozatu ahal izango dute.

Montreal, Quebec. Montrealen du egoitza Euskaldunak euskal elkarteak eta azken 15 urtetan gogor aritu da lanean ezagutzera emateko Quebec-en euskal kultura eta euskaldunek herrialde honetan duten eta izan duten presentzia. Bada, beraz, lana albo batera utzi (edo egia esateko, utzi gabe) baina urte hauetan eginikoa ospatzeko garaia!

Euskaldunak-ek bihar hasi eta igandea arte jai egitarau zabala prestatu du eta Quebec-eko euskaldunez gain Estatu Batuetatik etorritako lagunak batuko zaizkie urteurrena ospatzeko. Quebec-eko Euskaldunak NABO elkarteko parte da (Ipar Amerikako euskal erakundeak biltzen dituen federazioa) eta larunbatean Montrealean egingo den bilkurara euskal etxe horietako makina bat ordezkari bilduko da. Euren presentzia eta urteurrenaren ospakizunak eskaintzen duen erakuslehioa baliatu nahi dute Euskaldunak-ekoek euskal kultura Quebec-eko biztanleen artean zabaltzen jarraitzeko.

Gau euskal-quebectarra

Ekitaldiak bihar hasiko dira, gaualdi euskal-quebectar batekin. Arratsaldean Montrealeko alde zaharra bisitatzeko osteratxoa egingo da, euskal etxearen egoitzatik irtenda (hitzordua 17:00tan). Helbidea 429 Viger Est da. Ondoren, 19:00etan, Quebec-eko jaki tipiko bat dastatzeko aukera izango da euskal etxean eta 20:00etan kontzertua emango dute Kalakan talde euskaldunak eta Liette Remon eta Gabrielle Bouthillier kantari quebectarrek (Ahuntsic-Cartierville-eko kulturgunean, sarrera doan).

Larunbatean, goizean goiz, NABOren bilera egingo da Euskal Etxean, arratsaldeko hiruak arte. Ondoren, 17:00etan 15. urteurreneko jaia hasiko da Euskal Etxean. Kalakan taldeak kontzertu berri bat eskainiko du eta Iparraldeko Konpilazio proiektuaren aurkezpena egingo da, eta 19:00etan afaria hasiko da. Afalostean, dantzaldiaren txanda izango da, Takatunk taldearen musikarekin. 

Artea eta herri kirolak

Igande goizean Mont-Royaleko lakura bisita egingo da eta eguerdian Montrealeko Club Espagnol delakoan egingo den bazkariarekin amaituko dira urteurreneko bestak.

Horrez gain, asteburuan zehar bi erakusketa izango dira ikusgai euskal etxean: batetik, Angela Mejias argazkilariaren 'Geroa eta Itxaropena", Euskal Herriko tradizio eta modernitateari buruzkoa; eta Michel Hacala margolariaren Saint Laurenteko euskal arrantzaleei buruzko bost margolan.

Era berean, AEBetatik etorriko diren Rhode Islandeko euskal etxeko lagunek herri kirol erakustaldia egingo dute.

-Informazio gehiago Euskaldunak Quebec elkartearen webgunean, hemen
-Egitaraua, ingelesez, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia