euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dena prest Iruñean eta munduko euskal etxeetan bihar txupinazoarekin San Fermin jaiei hasiera emateko

2007/07/05

Iazko entzierroa Caracaseko Eusko Etxean
Iazko entzierroa Caracaseko Eusko Etxean

PUBLIZITATEA

Iruindarrak eta egunotan nafar hiriburura helduko diren bisitari andana aurtengo San Fermin jaiak noiz hasiko zain irrikitan daude jada. Bihar bertan, eguerdian, Gaztelu Plaza jendez gainezka egongo da txupinazoarekin jaiei hasiera emateko. Diasporan ere asko izango dira eguna segitu eta euren jaia egingo duten euskal etxeak. Batzuk, Nevadako Elkoko euskal etxea kasu, joan den asteburuan egin zuten jaia, nahiz eta aurten zezenik ez zen heldu euren entzierro famatura. Beste askok, Argentina, Mexiko edota Venezuelan, asteburuan ekingo diote bestari.
Aurten ere zenbatzen ari dira iruindarrak San Ferminetako jaiari hasiera emateko falta diren orduak. Giro berezia bizi da jada Nafarroako hiriburuan eta elkarte eta lagun taldeek dena prest dute bihar eguerdian Gaztelu Plazan egingo den txupinazorako. Bertan egon ezin dutenek komunikabideetan ikusi ahal izango dute ekitaldia. Aurten Kukuxumusu enpresak telebista digitala sortu du, www.sanfermin.com/tv, eta jaietako giroa interneten bidez erakutsiko dute, euren marka den umore bizi eta lotsagabearekin. EITBk ere sortu du San Ferminetako webgune berezia, www.eitb.com/sanfermin, bertara erreportaiak eta argazkiak jasoko dituztelarik, besteak beste.

Euskal Herritik kanpo daudenek --eta San Fermin jai digitalekin aski ez dutenek-- beste aukera bat ere izango dute: egunotan afariak eta ekitaldiak antolatu dituzten Euskal Etxeetara hurbiltzea. Batzuk, entzierro eta guzti izango dira. Halaxe izan ohi da Elkoko (EAB) Euskal Jaialdian, urtero ekaineko azken asteburuan milaka ikusle biltzen dituen entzierroa (Running from the bulls) egiten baitute. Aurten, ordea, ezinezkoa izan da, zezenen garraioarekin arazoak egon direlako eta jaialdia giro onean bai baina ekitaldi 'sanferminero' hori gabe egin baita.

Murtzia eta Argentina

Elkotarrak izan ziren goiztiarrenak, eta bihar bertan jaiekin bat egingo duten hurrengoak Murtziako (Espainia) Euskal Etxeko kideak izango dira. San Fermin afaria egingo dute eta bertaratu nahi duen orok San Ferminetako janzkera eraman beharko du: galtza zuriak eta zapi gorria. Baina ororen buru larunbata izango da munduko euskal etxeetan zehar jenderik gehien bilduko duen eguna, nafar etxe eta euskal elkarte askok San Fermin egunean bertan egingo dutelako euren ospakizuna.

Argentinan leku dexentetan ospatuko dute jaia. Buenos Aireseko Nafar Etxea izango da horietako bat. Eguerdian lagunarteko bazkaria egingo dute elkartearen egoitzan eta etxeko taldeak erakustaldia eskainiko du ekitaldi honetan. Chivilcoy hiriko Beti Aurrera Euskal Etxeak ospakizun bikoitza izango du: alde batetik San Fermin, eta bestetik elkartearen 7. urteurrena. Afari handi bat egingo dute Chivilcoyko 22 de Octubre klubean.

Mexikotik San Franciscora

Mexiko DFko euskal etxeak afari bat prestatu du etzirako eta elkarteko kideek Iruñeko entzierroa telebistaren bidez ikusteko aukera izango dute. Venezuelan, aldiz, Caracaseko Eusko Etxeak kide eta lagunak goizean goiz bilduko dira eta 11:00tan euskal elkartean urteroko 'entzierroa' egingo dute, bigantxa batekin. Jarraian korrikalariek indarrak hartzeko aukera izango dute, elkartean egingo den bazkariarekin.

San Franciscon, AEBtan, ez da bigantxarik izango, baina 'entzierro' berezi bat egingo dute hiriko kaleetan barna: iaz egin zuten bezala, bertako euskaldunek poteo berezi bat egingo dute, zuri eta gorriz jantzita 'San Ferminetako giro apartan'. Ameriketako beste puntan, jaiak jarraipena izango du igandean, Argentinako Tres Arroyosen Hiru Erreka Euskal Etxeak antolatu duen jaiarekin. San Ferminak eta elkartearen 8. urteurrena ospatuko dituzte, jaialdi gastronomiko eta musika eta dantza ikuskizunarekin.

San Fermin jaiak ospatuko dituzten beste euskal etxe batzuk Concordia, Trelew, General Villegas eta Paraná (Argentina), Paris (Frantzia), Sydney eta Towsville (Australia) izango dira, besteak beste. Asko dira eta ziur aski ez dugu guztien berri. Datozen egunetan gure erredakziora deialdi eta argazkiak heldu ahala emango dugu.


Lotura interesgarriak

San Fermin Caracaseko Eusko Etxean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko uztailaren 17an

San Fermin Astea Concordiako Euskal Etxean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko uztailaren 14an

San Fermin Paranako Urrundiken
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko uztailaren 13an

Sydneyko Euskal Etxeak San Fermin ospatu zuen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko uztailaren 13an

General Villegaseko euskaldunak eta San Fermin
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko uztailaren 13an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia