euskal diaspora eta kultura
2014/07/18
PUBLIZITATEA
Gooding, AEB. Meza izango dute goizeko 11:00etan eta horren ostean, eguerdi aldera, bazkalduko dute. “Egunean bertan prestatuko dugu janari guztia”, azaldu du Sarasquetak. Bertako lagunek (euskal jatorrikoak eta ez, lehendakariak azpimarratu gura izan duen lez) emandako “hamar-hamabi” bildots egingo dituzte barbakoan, bai eta solomoa piperrekin, euskal arroza (Sarasquetak azalduta, txorizoa, oilaskoa, piperrak, kipula, berakatza eta garagardoarekin egindako arroz “arrakastatsua”), baba gorriak, entsalada, edatekoak eta ogia izango dute jateko. 16 dolar ordaindu beharko dituzte nagusiek, hamalau 65 urtetik gorakoek eta zortzi dolar umeek.
[Gooding-eko Euskal Etxearen egoitza. Etxe berria, euskaldunek euskal etxea izateko propio eraikia da eta areto zabalak dauzka ekitaldi jendetsuak egiteko (argazkia EuskalKultura.com)]
“Urtean bi beka ematea gustatzen zaigu –argitzen du presidenteak−, inguruko gazteak unibertsitatera joan daitezen”. Horretarako eta Euskal Etxeko eraikina ordaintzen laguntzeko enkante bat egingo dute bazkalostean. Bengoechea familiak, urtero legetxe, bi bildots eman ditu horretarako. Beste hainbat kidek ere beren ekarpena egingo dute enkantea ondo atera dadin eta ahalik eta diru gehien lor dezaten.
Programa oparoa
Boiseko (Idaho, AEB) Oinkari dantza taldeko kideen emankizuna izango da gerora eta, jarraian, txapelketa zerrenda luze batez gozatzeko beta izango dute bertaratuko direnak: sokatira, txinga eramatea, lasterketak, zahato norgehiagoka (zahatotik ahalik eta luzeen edatean datza, tanta bat ere bota gabe)… Harri jasotze ikuskizuna izango dute ere Euskal Etxean bertan eta, euskal kulturaz harago historian interesatuta daudenek pare-parean dagoen Gooding County museora joan ahalko dira, zabalik egongo baita egun horretan. Umeentzako puzgarriak ere egongo dira.
Boiseko euskal museoak salgai izango ditu hainbat produktu bertan jarriko duten etxolan eta arrastiko 15:00etatik aurrera txorizoa eta kalimotxoa egongo da salgai gura duenarentzat. “Ehunka lagun jaso ohi ditugu urtero”, gogoratu du Sarasquetak, eta aurten litekeena da inoz baino gehiago batzea, Euskal Etxean aire girotua baitute eta horrek, egiten duen beroarekin, kide zaharrenak ere anima baititzake, lehendakariaren ustetan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus