euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dena prest Barilocheko Mendi'ko Euzko Etxean, bihar hasiko den Kolektibitateen 27. jaialdian parte hartzeko

2007/07/05

Iazko jaialdian parte hartu zuen Euskal Etxeko kide bat (argazkia BarilocheEE)
Iazko jaialdian parte hartu zuen Euskal Etxeko kide bat (argazkia BarilocheEE)

PUBLIZITATEA

Urtero legez uztaila heldu ahala Bariloche hirian, Argentinako Patagonian, dena prest dago Europar-Argentinar Kolektibitateen jaialdia ospatzeko. 1978az geroztik egiten den jaialdia da hau eta bere helburua herrialde honetara bizi berri baten bila heldu ziren inmigranteen ohiturak mantendu eta zabaltzea da. Euskal kolektibitateak parte hartze garrantzitsua du jaialdian eta azken hogei urteetan antolakuntza taldean egon da, beste hamar kolektibitateekin. Gogor aritu dira lanean euskaldunak egunotan, etzi hasi eta igandean bukatzen den jaialdirako dena prest egon dadin.
Mendi’ko Euzko Etxea euskal elkartea jo eta su ari da lanean 2007ko Kolektibitateen Jaialdian dagokion zatia prestatzen. Azken hogei urteetan bertan izan dira euskaldunak eta aurten ere ez da euskal standa faltako, jaki tipikoak eta patxaran tragoska bat eskaintzeko inguratzen diren lagunei. Gainera elkarteko dantza taldeak, Mendiko dantzariak, erakustaldia eskainiko du jaialdian, ikusleei euskal dantzen mundua ezagutzeko gonbitea luzatuz. Taldea gaur egun 25 dantzari nagusik eta 18 dantzari txikik osatzen dute.

[Goiko irudian Mendiko Dantzariak taldeko kide batzuk iazko Kolektibitateen Jaialdian (argazkia BarilocheEE)]

Europar-Argentinar Kolektibitateen Jaialdia 1978az geroztik ospatzen da. Gaur egun jaialdian parte hartzen duten hamaika kolektibitateak honokoak dira: alemaniarra, suitzarra, espainiarra, italiarra, danimarkarra, esloveniarra, euskalduna, croata, austriarra, errusiarra eta hungariarra. 1987az geroztik jaialdiaren antolakuntza batzordeak kolektibitate guztietako ordezkariek osatzen duten zuzendaritza batzordea sortu zuen, 22 lagunek osatua. Juan Carlos Odeón, diruzaina, eta Stella Larraburu, bokala, dira aurtengo batzordean Barilocheko euskal komunitatearen ordezkariak.

Mendiko dantzariak dantza taldea ere jaialdiaren parte garrantzitsua da. Aurtengoan ere gogor ari dira prestatzen euskal dantzariak, ostiralero eta larunbatero entseguak eginez, jaialdian euren onena emateko. Gainera aurten ere Argentinako Euskal Astean parte hartzea pentsatzen ari dira eta urrian Rosario hirira egin beharko duten bidaia prestatzen hasi nahi dute. [Ezkerreko irudian Mendiko dantzariak dantza taldearen erakustaldia 2006ko Kolektibitateen Jaialdian (argazkia BarilocheEE)]


Lotura interesgarriak

Castor Leopoldo Garate Barilocheko Euskal Etxeko lehendakari
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko apirilaren 13an

Euskal Teknologi parke bateko ordezkaritza Barilochera
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko otsailaren 12an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia