euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Delfina Uriarte busturiarrak ehun urte bete ditu aurten, Obamaren zorion-gutun eta guzti!

2014/05/20

Delfinak Uriarte Busturiako Altamira auzoan jaio zen 1914an (argazkia Diana Ugalde)
Delfinak Uriarte Busturiako Altamira auzoan jaio zen 1914an (argazkia Diana Ugalde)

PUBLIZITATEA

Busturiako Altamira auzoko Delfina 1939an heldu zen Estatu Batuetara, Angel Uriarte senarrarekin batera. Angel, busturiarra berau ere, New Yorken bizi zen, baina herrira itzuli zen emazte bila. Brooklynen familia sortu eta han hazi zituzten seme-alabak, bilobak eta berbilobak. Aurten ospakizunetan murgilduta dabil Delfina, martxoaren 13an 100 urte bete zituen eta. Egun horretan, senitarteko eta lagunen deiekin batera, Etxe Zuriko zorion gutun bat heldu zitzaion etxera, Barack Obama presidenteak eta haren emazte Michellek sinatuta.

Dover, AEB. Estatu Batuetan ohitura da presidenteak gutun bidez zoriontzea ehun urte betetzen dituzten biztanleak. Delfinarena beraz, ez da aparteko kasua --2010ean AEBetan 50.000 lagun ziren ehun urteak betetakoak, egin kontu--, baina erraz irabaziko genuke postura egingo bagenu bera dela etxean Barack eta Michelle Obamaren zorion-gutuna jaso duen busturiar bakarra.

Ezta marka makala; hala ere, esan beharra dago Delfina Irlandan jaioa izan balitz herri hartako presidentearen gutunarekin batera 2.500 euroko txekea jasoko zukeela, "Centenarians' Bounty" delakoa, alegia.

Delfina Uriarte Obama

[Barack eta Michelle Obamak Delfina Uriarteri bidali dioten zorion-gutuna (argazkia Diana Ugalde)]

Delfina Uriarte Busturiako Altamira auzoan jaio zen 1914an eta 1939an heldu zen AEBetara, Angel Uriarte senarrerekin. Angel New Yorken bizi zen, hiri honetara etorri baitzen sei urterekin, guraso eta aiton-amonekin batera. Angelen aita itsasgizona zen eta berak ere lanbide hura hartu zuen. New Yorkeko Grace Line konpainian ingenieria izan zen. "Nire aitte be Altamiraku zan eta, amumak halan esanda, herrira jun, bertan ama ezagutu eta ezkondu egin ziren", azaldu dio EuskalKultura.com-i Delfinaren alaba Dianak, etxean ikasitako bizkaiera jator-jatorrean.

Delfina Angel Uriarte

 [Delfina eta Angel, ezkonberritan (argazkia Diana Ugalde)]

Brooklynen hazi zituzten seme-alabak: Jose Luis eta Diana, eta bertan bizi izan zen bikotea 80. hamarkadan New Jerseyko Dover herrira lekualdatu ziren arte. Delfinak euskara gorde eta seme-alabei erakutsi egin die. New Yorkeko Euskal Etxea beti izan da familia handi honen topagunea eta hiriko euskal komunitatearekin harreman estua dute.

Delfinak sasoi ederrean eta bizipoz itzelarekin bete ditu ehun urteak. Zorionak Delfina!

 



Komentarioak

  • Happy birthday!

    Zorionak Delfina! Zuri eta familia guztiari! Besarkada handi bat EHtik!

    Iker Goni, 2014/05/21 09:59

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia