euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Deia luzatu diete AEBetako euskal profesional, exekutibo eta enpresariei Emprebask USA elkartea sortzeko

2009/03/05

Deia datorren asteazkenerako egin da Miamiko Euskal Etxean. Argazkian, Miamiko Euskal Etxea aurreko bilera batean, artxiboko irudian (argazkia EuskalKultura.com)
Deia datorren asteazkenerako egin da Miamiko Euskal Etxean. Argazkian, Miamiko Euskal Etxea aurreko bilera batean, artxiboko irudian (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Asmoa azaldu eta aurreneko urratsak prestatzeko lehenengo bilera, Estatu Batuetako hegoekialdeko profesional eta enpresariei zuzendua, datorren asteazkenean egingo da Miamin, bertako Euskal Etxearen eskutik. Elkarte berriak AEBetako euskal jatorriko eta Euskal Herriarekin loturarik daukaten profesional, exekutibo eta enpresariak bildu nahi ditu, kezka eta arazo (aman)komunak elkarrekin planteatu eta indarrak metatuko dituen enpresari sare euskal estatubatuarra sortzeko. Miamiko datorren asteko bileraren ondotik, beste bi deitu dira apirilerako, Kaliforniako San Frantziskon bata, AEB Mendebaldeko bazkidegaiak biltzeko, eta Salt Lake Cityn bestea, proiektua NABOren aurrean aurkezteko.

New York, AEB. Estatu Batuetako euskal jatorriko profesional, exekutibo eta enpresariak bilduko dituen elkarte bat sortzeko planak Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritzatik ari dira butzatzen. New Yorken dauka egoitza Ordezkaritzak eta aurretik SPRIko Estatu Batuetako bulegoko zuzendari izandako Aitor Sotes gazte donostiarra dauka buru. Emprebask izeneko enpresari elkarteak lanean dabiltza jadanik euskal Diasporaren presentzia daukaten beste herrialde batzuetan, hala nola Txilen, Mexikon, Venezuelan eta Kolonbian. Izan ere, azken herrialde honetan jaiotako Santiago Uribe gazte prestatua da New Yorketik AEB nazio osoko enpresa, euskal etxe eta euskal komunitateekin harremanetan jartzen ari dena, eskualdeka bilerak antolatu eta lehenengo pausoak ematea proposatzen. Elkartea, izan ere, enpresari, profesional eta exekutiboek berek antolatuko dute --datozen sei hilabeteon barruan espero da-- eta estatubatuarrek osatutako elkarte estatubatuarra izango da.

Aurkezpen bilera hauetako lehenengoak Estatu Batu hegoekialdeko interesatuak bilduko ditu Miamin, Floridako hiri honetako Euskal Etxean, datorren asteazkenean, martxoaren 11ean, arratsaldeko sei t'erdietan. Ikusentzuneko bat proiektatuko da, Aitor Sotesek Euskadiren Estatu Batuetako Ordezkaritzari buruzko hitz batzuk esango ditu eta elkarteari buruzko proposamena xehetuko du Santiago Uribek.

Bilerak San Frantziskon eta Salt Lake Cityn

Bigarren bilera bat, baina Mendebaldeko profesional eta enpresarientzako prestatua, San Frantziskoko Basque Cultural Center-en egingo da, apirilaren 16an. Bi egun berantago, apirilaren 18an, ekimenaren arduradunak Salt Lake Cityn mintzatuko dira, NABOko ordezkariek egun horretan Utah-ko hiriburuan egingo duten udaberriko bileraren aurrean. Bitartean, herrialdeko beste euskal komunitate batzuetan egingo direnak ere ari dira prestatzen, hasteko Boisen, Chicagon eta New Yorken, seguruenik.

Ekimen honetaz xehetasun gehiago lortu edota euren inguru edo komunitatean bilerarik egiteko aukera dagoela pentsatzen dutenak, hona idatz dezakete eta zuzenean Santiago Uriberekin mintzatu.

Lotura interesgarriak

Estatu Batuetako SPRIren webgunea
www.usa.spri.net

Emprebask Txileren webgunea (sortu zen lehena)
www.emprebask.com

Emprebask Mexikoren webgunea
www.emprebask.com.mx



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia