euskal diaspora eta kultura
2011/05/23
PUBLIZITATEA
Paris, Frantzia. Ostegun honetan, maiatzaren 26a, "Debekatua dago oroitzea" dokumentala izango da ikusgai Pariseko Colegio de España delakoan (7E bd Jourdan). Luzemetraiak "Dokumental Onenari Colegio de España Saria" jaso zuen berriki Nanteseko Zinemaldian eta orain erakunde horren egoitzan egingo da emanaldi berezi hau. Filmaren bi zuzendariak, Josu Martínez eta Txaber Larreategi, bertan izango dira. Emanaldia 19:30tan hasiko da.
Dokumental honek 36ko gudaren ostean Mutrikuko Saturrarango kartzelan giltzaperatu zituzten emakumeen lekukotasuna jasotzen du. Presondegia Saturraran hondartza ederrean zegoen bainuetxe zahar batean egin zuten eta, leku ederra izanik ere, bortxa eta tratu txarren gune bihurtu zen. Kartzelaldiaz gain bigarren zigor bat ere jasan behar izan zuten emakume hauek: urte askotan euren sufrimenduari buruz ezin hitz egitea, bizitakoa gizartearentzako erdi ahaztuta gelditu zen arte. Martinezek eta Larreategik euren istorioa argitara ekartzeko eta salatzeko aukera eman zieten Saturraranen izan ziren 2000 emakume horietatik bizirik gelditzen diren gutxi batzuei dokumental honekin.
Emanaldia Saturraranen bertan
Luzemetraia nazioarteko ibilbide polita egiten ari da gutxinaka, eta Donostiako Zinemaldian estreinatu ostean, Tolosan (frantsesean), Nantesen eta Mexikoko Guadalajaran izan da ikusgai, besteak beste. Josu Martinezek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, aurki Mexiko DFn ere izango omen da. Zuzendariek irrikaz itxaroten duten beste hitzordu bat udan Mutrikun egingo dena da: emanaldi bat hondartzen, zutik gelditzen den kartzelaren horma bakarra pantaila bezala erabiliz.
-Informazio gehiago "Debekatua oroitzea' filmaren webgunean
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus