euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

David Romtvedt: “Ez nuen euskal artzainen bizitza bakartiari buruzko beste istorio estereotipiko bat kontatu nahi”

2015/11/25

Idazleak hamar gehi bat gai sartu ditu Zelestinaren istorioa kontatuaz batera (Argazkia: D.R.)
Idazleak hamar gehi bat gai sartu ditu Zelestinaren istorioa kontatuaz batera (Argazkia: D.R.)

PUBLIZITATEA

‘Zelestina Urza in Outer Space’ (Zelestina Urza espazio hutsean) du David Romtvedt idazle, musikari eta unibertsitate irakasle oregondarrak (AEB) azken nobela eta amaitu berri du berau aurkezteko bigarren bira. Montanan, Coloradon, Idahon eta, batez ere, bizitoki duen Wyoming-en egin ditu aurkezpenak. Bill Douglass izenaz berbataiatu duten Renoko Center for Basque Studies-eko blogean argitaratu dutenez, “Iparraldeko bere jaioterria atzean laga eta Wyomingo herri txiki batean instalatzen den emakume baten istorio erakargarria kontatzen du eleberriak”. Romtvedt-ek berak EuskalKultura.com-i esan dionez, “ez nuen euskal artzainen bizitza bakartiari buruzko beste istorio estereotipiko bat kontatu nahi”.

Ander Egiluz Beramendi. Langile porrokatua da David Romtvedt (Portland, AEB, 1950) olerkaria: aurten urte sabatikoa izanda ere, poema berriak idazteaz gain, “musika eta literatura batuko dituen proiektu batean” ere ari da lanean. Eta bitartean, Zelestina Urza in Outer Space nobela jendaurrean aurkezten jarraitzen du.

Azken eleberrian etorkinen inguruan egiten duzu berba baina, taldea deskribatu beharrean, pertsona bakarrean zentratu zara. Zergatik?

-Ez nuen helburu etorkinen kronika egitea, baizik eta pertsona bakar baten bizitza kontatzea, gertakariek beragan duten eragina agertuz. Narratzaileak Zelestinarekin duen erlazioa interesatzen zitzaidan gehiago.

Zelestinak bi mundu erabat desberdin, Euskal Herrria eta Wyoming, batera jartzen dituelako?

-Horixe da. Narratzailearentzat Zelestina beste planeta batekoa izan zitekeen eta, izatez, Wyoming beste planeta bat da Zelestinarentzat. Pertsona bakar batek geure bizitza erabat aldatzen duenean eta bere begien bitartez geure burua ikusten dugunean, posible da geuk ere arrotz ikustea geu garen hori.

Nor da Zelestina Urza?

-Fikziozko pertsonaia da, baina badu oinarririk Wyomingen ezagutu ditudan hiru emakumerengan: nire emaztearen amona eta haren bi ahizpa, hirurak euskaldunak. Bi Arnegin jaioak eta bat Wyomingen. Badago beste emakume bat, euskalduna ez zena eta aurrez-aurre ezagutu ez nuena, baina haren kontuak nigana heldu dira; kotxeak, amoranteak, eta abar… Emaztearen ama ere, nire moduan, euskal komunitatera ezkondu zen eta bere esperientziak ere jaso ditut. Wyomingera datorren emakume baten istorioa kontatzearekin batera euskal kulturaren luze-zabalez ere hitz egin nahi nuen. Ez nuen euskal artzainen bizitza bakartiari buruzko beste istorio estereotipiko bat kontatu nahi.

Fikziozko nobela dugu hau, baina pasarte historikorik ere txertatu duzu.

-Bai, Wyomingen kokatu dudan Wolf fikziozko herrian gertatzen da dena, Zelestina eta bere ingurukoen bizitza. Baina narratzaileak benetako gertakizunez ere egiten du berba, tartean euskal kulturak izandako garaien inguruan, Erromako inperioaz, Espainiako gerrate zibilaz, faxisten eta Elizaren arteko harremanaz, euskaldunen paleo-historiaren inguruan… Yellow Bird Daughter pertsonaia indiarrak europarren eta amerindioen arteko harremanaz ere hitz egiteko beta ematen dio narratzaileari.

Gai askoren inguruan aritzeko aukera izan duzu, beraz.

-Askok aipatu didate hori, eta egia da. Narratzaileak, libreki, gaiak jorratu eta utzi egiten ditu, nahieran. Gerra modernoen oinarria, Gobernu desberdinek indigenak nola tratatzen dituzten, Kristautasunak gizartean duen tokia, hurkoaren onarpena, Euskal Herriko eta Europako historia, europarrak Amerika inbaditu zuteneko garaien inguruan indiarrek duten ikuspegia, genero berdintasuna, musika, dantza eta, argi dago, hizkuntzak. Euskara bezalako hizkuntza txikien lekua eta hiztun-taldeek pentsamendua kontrolatzeko duten gaitasuna.

Honen aurretik, Buffalon bizi diren euskaldunen antologia batean ere egin zenuen lan. Zerk edo nork piztu zizun euskal munduarekiko interesa?

-Wyomengera etorri eta nire emaztea izango zena ezagutu nuen (Margo Iberlin Etchemendy; Arnegikoak zituen aitona-amonak). Bertako euskal dantza taldeko (Zaharrer Segi) musikari hasi nintzen. Orduan jendea euskal munduaz hasi zitzaidan galdezka eta nire ezjakintasunaz ohartu nintzen. Hala ere, beti izan dut gizarteko botere banaketa desorekatuen inguruan interesa. Nola botere guneetan daudenak botererik ez dutenak presionatzen dituzten.

Euskaraz ikastea ere erabaki zenuen eta ondo moldatzera iritsi zara.

-Aspaldi, lagun batek esan zidan ez nuela komunitate bat benetan ezagutuko harik eta bere hizkuntza, komunitate txiki horren hizkuntza, neurri batean behintzat ezagutu arte. Bazekien harek zerbait! Jo eta su ibili naiz euskara ikasten eta hizkuntza bera baino askoz gehiago ikasi dut. Ezagutzen ez nituen lekuetara ematen duten ateak agertu eta zabaldu egin zaizkit begien aurrean.


Hemen eros daiteke ‘Zelestina Urza in Outer Space’ liburua



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia