Joseba Etxarri. Pariseko Eskual Etxeko Sustraiak-Erroak elkarteko eskoletan ikasi zuen euskara eta Bordelera mugitu zenean, beharra zegoelarik, euskara klaseak ematen hasi zen Akitaniako hiriburuko Eskual Etxean. Bi alabaren aita da, hauek ere bera bezala Euskal Herritik kanpo jaioak, eta gogor enseatzen da guraso bezala, eta Pariseko Euskal Etxeko lehendakari bezala, euskara eta euskal kultura atxikitzen eta biziarazten bereziki belaunaldi berrietan. Euskal etxean denetarik egina du eta bertako bazkideek lehenik lehendakariorde hautatu zuten eta, duela urte batzuk, lehendakari. Ogibidez, haatik, ENACeko ingeniaria da eta kontrolatzaile ari da lanean Bordeleko aire kontrolgunean.
-Aire kontrolatzaileek ospea dute, nik uste, batetik, diru asko irabazteaz eta, bestetik, grebalari gisa.
Ez naiz soldataz kexatuko, baina Europan desberdintasun handiak daude herrialdeen artean. Frantzian soldata apalagoak ditugu, konparazio, Erresuma Batua, Alemania edo Espainiako kontrolatzaileen aldean. Zerbitzua pribatizatu ez duen azken herrialdea gara eta langile publikoak izaten segitzen dugu. Egia da duela hamarkada batzuk greba handiak egin genituela, aldaketa asko zeudelako egiteko, funtzionamendu zein soldata aldetik, eta harek jende askorengan eragina izan zuen, albistegiak gurekin zabaltzen ziren, eta horren jendearen kontzientzia kolektiboa markatu zuen, nonbait, grebaren gaiaz, nik uste ordutik datorkigula hori.
-Zertan datza hain zuzen zuen lana?
Aireko zirkulaziozainak gara. Zerutik hegazkin asko dabiltza eta, lurrean autoek bezala, semaforoak eta jarraipideak behar dituzte ibili ahal izateko eta elkarren bidean ez jartzeko. Gu gara semaforo horiek eta irratiz mintzatzen gatzaizkie pilotoei gurutzatzerik egon ez dadin, edo ongi gurutza daitezen, bakoitza bere goratasun edo altueran eta egotzi zaion bidean, Trafikoa izugarri hazi da azken urteotan. 2008an apaltze bat ukan badugu ere krisiarekin, baina geroztik goititzeari ekin dio berriz ere. Ber denboran, aurrekontu murrizketez mintzo zaizkigu. Kontrolatzaileon soldata eta gure lan azpiegitura guztiaren mantenimendua, aire konpainiek eta hegazkinak erabiltzen dituztenek ordaintzen dituzte. Guk teknologia, eta teknologia moderno eta eguneratua behar dugu lanean, baina 2008ko krisia eta gero Frantzian gobernuak tipitu egin zituen tasak eta orain sistemak dirua galtzen du. Hori ere gure ardura da, eta ekainean greba bat egin genuen kati horretara.
-Zenbat kontrolatzaile egon daitezke, esaterako, zuk lan egiten duzun Bordeleko kontrolgunean?
Behar dut esan lehenik bi kontrolatzaile mota daudela: aireportuetan lan egiten dutenak, eta gero kontrolguneetan lan egiten dutenak. Aireporuetan ari direnak, hegazkinen lurreratze eta aireratzeak kontrolatzen dituzte, eta puntu eta altuera batetik aurrera gurea bezalako kontrolgune baten eskuetara pasatzen da hegazkina. Gu Frantzian gaindi ibiltzen diren hegazkinak kontrolatzen ditugu. Esaterako, Parisetik Biarritzera edo Bilbora doan hegazkina gure zentroak kontrolatzen du, edo Londrestik Bartzelonara doana. Oso eremu zabala kontrolatzen dugu, ekipo anitzekin. 300 bat jende kontrolatzaile izango gara Bordelen.
-Lankide euskaldunik inguruan?
Ezagutzen ditut bizpahiru kontrolatzaile euskaldun. Bat, esaterako, Bordeleko Euskal Etxera etortzen da eta euskara eskolak hartzen ditu gurekin. Familia Biriatu eta Angelukoa du, Lapurdin.
-Lan orduetean kontrolgune batean hegazkinekin hizketan, eta zeure denbora librean Bordeleko Eskual Etxeko lehendakari.
Halaxe da. Bordeleko Eskual Etxean gogor egiten dugu lan eta hunkigarria da horren parte izatea eta laguntzaile izatea, hainbat jende euskara eta euskal kultura atxikitzen, eta lekukoa ondoko belaunaldiei pasatzen egiten ari diren enseatze eta ahaleginean. Ekintza aunitz obratzen ditugu, musikan, koraletan, arteetan, euskararekin, kiroletan, ikastaro eta kultur emanaldietan... Haurrak oso gogoan ditugu, eta hirian ere integraturik gaude, elkarlanean Udalarekin elkarte gisa. Aurten, adibidez, ehun urte bete dira Luis Mariano kantaria hil zela eta hura Irunen sortua bazen ere, harreman oso hestua izan zuen Bordelerekin eta atzo berean liburu bat aurkeztu genuen mendeurrena kari. Orain Eguberrietan sartzen ari gara eta Olentzeroren bisita izanen dugu, ipuin-kontatzaile eta opariekin... Urtarrilean ere kontzertu berezi bat antolatu dugu udako uholdeetan Iparraldean kaltetu ziren familien alde, 25ean urteroko Biltzar Nagusia eginen dugu, 30ean argazki-erakusketa baten partaide gira Ziburuko Itsas-Begia elkartearekin... Eta bizkitartean astero, klaseak, errepikak, partidak... Elkarte atxikia gara, irekia eta dinamikoa. Eskualetxe.org da gure helbidea interneten.