euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dave Bieter euskal amerikarrak Boiseko alkatetzarako hauteskundeak irabazi ditu, hirugarren aldiz

2011/11/10

Dave Bieter kanpaina abiarazteko Boiseko Euskal Etxean egin zuen jaian (argazkia DaveBieterforBoise)
Dave Bieter kanpaina abiarazteko Boiseko Euskal Etxean egin zuen jaian (argazkia DaveBieterforBoise)

PUBLIZITATEA

Euskal Diasporan gertatzen denak gero eta oihartzun handiagoa du Euskal Herrian, eta horren adibide da astearteko --asteazkeneko, Euskal Herrian-- berri euskal-amerikarra, Argia eta eitb.com bezalako komunikabideek islatua: Dave Bieter euskaldunak Boiseko alkatetzan jarraituko du beste lau urtez. Euskaldunen ondorengoa eta euskal hiztuna da Bieter, eta hau bere hirugarren agintaldia izango da. Boiseko Euskal Etxearen egoitzan jaso zituen hauteskunde gaueko emaitzak: botoen %75a berarentzat izan zen.

Boise, Idaho. Asteartean Boiseko alkatetzarako hauteskundeak irabazi ditu, hirugarren aldiz jarraian, Dave Bieter euskal-amerikarrak. Bieterrek botoen %75a jaso zuen, eta David Hall aurkariak %25a. Ohi duen legez, Bieterrek Boiseko Euskal Etxean abiatu zuen bere hauteskunde kanpaina, eta bertan jaso zituen astearte gauen bozketen emaitzak ere.

Boiseko euskal komunitateko kide ezagunenetakoa da Dave Bieter, eta zortzi urtez jarraian izan da jada alkate. AEBetako estatu-hiriburu bateko kargu horretako euskaldun bakarra da.

Hirugarren belaunaldiko euskal-amerikarra, bost anai-arrebetan politikara dedikatu den bakarra da eta horretan bere aitaren urratsak segitu zituen, hura hilez geroztik hartu baitzuen haren ordea Idahoko Ordezkari Ganberan, lehenik designazioz, ondoren hautetsi gisa. Izan ere errepublikanoek erabateko nagusigoa daukaten ganberan demokrata gutxietako bat baitzen, lehenik Pat Bieter, eta ondoren Dave haren semea. Kargu horretan trebatu ondoren eman zuen Dave Bieterek jauzia Boiseko alkate bilakatzeko hauteskunde berezi batzuetan, aurreko alkate errepublikarrak legez kanpoko diru-xahutzeak zirela-eta kargua utzi behar izan ostean.

Bera alkate bihurtu aurretik ere bertako euskal komunitateak, eta instituzionalki Udalak ere, harreman bereziak zeuzkan Euskal Herriarekin eta partikularzki Gernikarekin, Euskal Herriaren sinbolo den herriarekin, harekin senidetuta baitago, aktibo eta indarrean segitzen duen harremanean.

Abokatua --lau anai-arrebetan hiru abokatu dira, horietarik bat epailea--, Dave Bieter-ek Euskal Herriarekin harreman estua du gainerako senideak bezala eta politika zein kultura arloan Euskal Herria eta Boise arteko hartu-emanak sendotzen lan handia egin du azken urteotan.

Politikoki, Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen alde azaldu izan da, euskaldunen hitza eskuratzeko eta euren buruaz erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz. Zeregin horretan lagun eta maisu izan du Pete Cenarrusa Idahoko estatu-idazkari ohia, bi politikari euskal-idahotarrok bidea egin baitute 'euskal eskaerei' dagokienean euren kargu politikoetatik.

Zorionak Dave!

-Berria Argian eta eitb.com-en



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia