euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Datozen bi asteburuetan euskal festak San Frantziskon eta Chinon, eta ondokoan New Londonen eta Montrealen

2024/08/19

Chinoko Euskal Piknikeko artxiboko irudia Ipar Amerikako datozen euskal jaien lau kartelekin: SFO, Chino, New London eta Montreal
Chinoko Euskal Piknikeko artxiboko irudia Ipar Amerikako datozen euskal jaien lau kartelekin: SFO, Chino, New London eta Montreal

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Segitzen du Ipar Ameriketan urtero jarduera ugarikoa den udako sasoiak. Azkeneko aste osoan Saint Pierre eta Mikelunen Euskal Besta bizi ondoren, eta larunbatean Wyomingeko Buffalokoa, datorren asteburuan San Frantziskoko Gure Euskal Etxeak ospatuko du, abuztuaren 24 eta 25ean, sasoi honetako berea, Udako Besta. SFOko programan, mus eta pilota partidekin, Zazpiak Bateko klika eta dantzariekin, BEOren zinemarekin, BBQ afariarekin, eta igandeko euskal meza, euskal pastiza lehiaketa, klika, dantza eta moxkor saldarekin, bertako pilotariak jardungo dute; eta programako parte izango dira Europatik propio etorri gonbidatuak, hain zuzen ere Jean Louis Bergara eta Beñat Chaubadindeguy musikariak eta, esku huska arituko dira  Iker Espinal, Mikaël Darmendrail, Pierre Etcheverry, Luis Sanchez, Andoni Iphar eta Ellande Orhategaray pilotariak, euren trebatzaile Michel Etcheverry kantariarekin, Lauak Sport-eko euren babesle JM Charritton lagun. Pilota espedizio hau, San Frantziskon (24 eta 25ean), Bakersfielden (27an) eta Chinon (abuztuaren 31n eta irailaren 2an) arituko da, Kaliforniako euskal pilotazale ugarien gozamenerako.


Afixak: 2024ko San Frantziskoko Gure Euskal Etxeko Udako Besta eta Chinoko Euskal Etxeko piknika


Kalifornian abuztu-irailean hiru euskal etxe kantxadunak bisitatuko dituen pilota espedizioa

Hona datorren asteburuko San Frantziskoko egitaraua:

'UDAKO BESTA'
San Frantziskoko Gure Euskal Etxean

Abuztuak 24, larunbata

- 08:00etan Mus Txapelketa (7:15etan izen ematea)
- 14:15ean Filma: Jainkoak Ez Dit Barkatzen BEOk bultzatua, Euskal Zine Zikloan
- 15:30ean Pilota Jokoak
- 18:00etan Aperitifa
- 19:00etan BBQ txuleta afaria
- 21:00etan Dantzaldia

Abuztuak 25, igandea

- 9:00-10:00 Euskal pastiza lehiaketa (goizean pastiza uztea, txapeldunak eguerdian adieraziko dira)
- 10:00etan Meza Zazpiak Bat klika eta dantzariak; eta Elgarrekin koralarekin
- 12:00etan Aperitifa
- 13:00etan BBQ Arkume Bazkaria
- 16:00etan Pilota Jokoak
Moxkor Salda (festa ondoko baratxuri zopa)
(programa xehetasun guztiekin, hemen)

Eta Chinon, Chino Basque Club antolatzaile izango duen Euskal Bestaren programa. Europatik heldutako pilotariekin batera (ikus izenak gorago), Kaliforniako honako pilotariak ariruko dira: Jesse Aramburu, Marcos Medina, Michael Pereira, Alberto Reyes, Joshua Tellez, Tony Huarte eta Luis Almazan.

 'CHINOKO EUSKAL PIKNIKA'

Abuztuak 31, larunbata

- 15:00 Pilota partidak Aphessetche Trinketean, Euskal Herritik etorri pilotariak eta Kaliforniakoan

Irailak 1, igandea
(Brinderson Hall-en, Chino Fairgrounds, 5410 Edison Ave.)

- 11:00etan Euskal Meza Aita Antton Egiguren emaile, Chinoko klika, dantzariekin, Besta Berri eginez
- 13:30etan BBQ bazkaria, arkumea eta oilaskoa
- 15:30etan Klika and dantza taldeen emanaldiak
- 18:00etan Lukainka sandwitxak
- 20:00etan Dantzaldia Jean Louis Bergara & Beñat Chaubadindeguy-ren musikarekin
- 21:00etan Zozketak, ondoren dantzaldiarekin segitzeko
(programa Chino Basque Club-en webgunean, hemen)

Irailak 2, astelehena

- Goizetik hasita eta arratsaldera arte, euskal komunitatearen elkarretaratzea Centro Basco ostatuan, esan nahi baita euskal brunch edo gosari/bazkari tradizionala, musika, kantu, dantza, pilota partidak bertako kantxan eta giro ederrarekin

ONDOKO ASTEAK, iraileko lehenengoak, irailaren 8a izango du igande, esan nahi baita Euskal Diasporaren Eguna (EDE). Data hau, gure diasporaren egitatea aldarrikatuz ospatu ohi dute azken urteotan munduko Euskal Etxe askok, eta Euskal Herrian ekitaldi instituzional bat antolatzen du urtero Eusko Jaurlaritzak, aurten Oñatin, lehenengoz Pradales lehendakaria buru. Oñatiko ekitaldiak bat egingo du gainera Diasporako euskaldunen lehenengo ikasle espedizio bat 1974-75 ikasturtean Boiseko Unibertsitatetik Oñatira bidaiatzearen 50. urteurrena ospatzearekin. Aste horren hasieratik, informazioa iristen joan ahala, ematen joango gara, ekitaldi horren berri, baita mundu osoan euskal etxeek Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko antolatutako programez ere.

Urterokoak diren eta aurten asteburu horretan egingo diren beste bi piknik edo Euskal Jairen berri ere aurreratuko dugu lerro hauetan. Montrealen bata, bertako Quebec-eko Euskaldunak euskal etxea antolatzaile; eta apur bat hegoalderako baina kontinenteko ekialde kostan baita ere, New London hirian, Basque FEST, New England Basque Club delakoa antolatzaile. 


NABOko kide baita ere, Quebec-eko Euskaldunak-en 'Euskal Besta' irailaren 6 eta 7an izango da


New Londonen, Euskal Jaia irailaren 7an egingo da New England Basque Club antolatzaile

Montreali dagokionez, bere euskal etxekoak gogoz ari dira prestatzen asteburu horretako besta, besteak beste abuztuan zehar mutxikoak eta euskal dantzak entseatzen. Salgai ipini dituzte dagoeneko larunbateko bazkarirako txartelak, eta lehenbailehen erostea gomendatu, ahitu aurretik, lekuak mugatuak baitira. Menua ere iragarri dute: "bakailao entsalada eta oilaskoa, elkarteko sukaldariak maitekiro prestatuak, eta bere euskal pastel famatua, ardi gasnarekin". Bereziki kontent dira aurten Maider Cigarroa kantari senpertarra lagun izango baitute bere doinuekin,

New London, Connecticut-en, New England Basque Cluba ere azken ikutuak ari da ematen bere Euskal Jaiari, irailaren 7an, aurten 'Connecticut Maritime Heritage Festival'arekin batera, euskaldunak eta itsasoarekiko euren lotura sakona ohoratuz. AEB Mendebaldetik Oinkariko euskal dantzariak etorriko zaizkie jendaurrean aritzeko eta musika eta dantzatzeko erritmoak jartzeko Jean Flesher eta Amerikanuak bere banda. Ez dira faltako herri kirol erakustaldiak, tartean txingak, aizkolaritza eta sokatira eta gastronomiak ere leku nabaria izango du, Euskal Herriko janari eta edariez. Aspaldi New Yorken oinarria ezarria duen Guillermo Zubiaga komikigileak, berriz, euskaldunen bale-ehiza eta Joanes the whaler bere sailean ingelesez zein euskaraz publikatu dituen lau albumak aipatuko ditu, baita une honetan bukatzen ari den titulu berria ere.

Irailaren 2tik aurrera sakonduko dugu Euskal Diasporaren Eguneko hitzorduekin. Zeurea bidali nahi baduzu, info@euskalkultura.eus-eta idatz dezakezu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia