euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Datozen asteotan Floridako Legebiltzarrean egingo diren akordioen aurrean baikor Jai Alai jokalari eta zaletuak

2016/01/21

Egoera latza bada ere, esperantzarik ez dute galdu nahi AEBetan bizi diren Jai Alai jokalariek (Argazkia: JM Fundazuri)
Egoera latza bada ere, esperantzarik ez dute galdu nahi AEBetan bizi diren Jai Alai jokalariek (Argazkia: JM Fundazuri)

PUBLIZITATEA

Floridako Legebiltzarrak hasi berriak ditu Tallahassee-n (estatuko hiriburuan), aurtengo aurrekontuak zehazteko bilerak. Jai Alairen etorkizuna mahai gainean dago, beste hainbat gaien artean, baina “baikor” daudela adierazi dio EuskalKultura.com-i Mercedes Mendive aktibistak, Fernando Lejardi pilotari erretiratu berriaren emaztea ere badenak. “Ongi aterako da dena, baina badugu oraindik zer borrokatua”. Otsail amaiera arte iraungo dute bilerek.

Elko/Miami, AEB. Badira oraindik Euskal Herritik Floridarako bidea egiten ari diren pilotari gazteak eta hori da Mendiveren baikortasunaren arrazoi nagusia. Jon Goenaga mutrikuarra da horietako bat baina, “badagoz (kasu berean) beste hamar edo hamabi (pilotari) be”, adierazi du pilotarien sindikatuko (UAW-IJAPA) ordezkari den Juan Mari Fundazurik.

“Momentuz esperantza emoten dau jende barria gogotsu ikusteak. Egoerak bildurra emoten deutse batzuei, baina beste batzuk ausartzen dira”, gehitu du.

Miami eta Florida atzean laga eta Elkora (Nevada) joan da bizitzera Mendive, familiarekin, baina harreman estua mantentzen du oraindik ere Eguzkiaren Estatuarekin eta aldaketa sumatzen ari da bertako gizartean: “Lehenago, jokalari berriak ekartzeko bisatu eskaerekin zer ikusirik nahi ez zuen arduradunetako batek (David Jonas), Jai Alai erditik kentzen saiatzen ibili den pertsona hura bera, jokalari berriak ekartzen ari da orain. Kirolaren garrantziaz ohartzen hasia dela pentsatu nahiko nuke”, diosku.

Hala ere, deabruaren abokatuaren rola hartzen du Fundazurik: “Gaur egun, Miamiko jende askok jakin be ez daki Jai Alai zer dan, zaharrak kenduta...”

Edozelan ere, miamitarrek argi dutena da ez dutela (jokoari dagokionez) Las Vegasen moduko hiri bat bihurtu nahi, sindikalistaren berbatan. Eta, hori, oso puntu garrantzitsua da. Eztabaidatzen dabiltzan lege aldaketen artean, frontoien jabe diren Paramutualak lortu nahi dutena legedi malguagoa baita. Alegia, frontoiak mantentzeko egungo obligazioa gainetik kendu --bai eta txakur eta zaldi lasterketak--, ahalik eta makina txanpon-jale gehien jartzeko, finean Jai-Alaiarekiko obligaziorik gabe kasinoak mugarik gabe handitu ahal izateko.

Fundazuriren esanetan, “Paramutualek gura dabena (enpresei Jai Alai mantentzeko) obligazioa kentzea da. Gastu handia direla diote”. Legebiltzarrak ez du, oraindik, kirolari euskaldunen gaia jorratu baina Tallahassee-n bertan lanean dagoen beren lobbygile Dough Russel jaunak, dagoeneko igorri dio sindikatuko ordezkariari Jai Alai mantentzearen alde komentzi daitezkeen politikarien zerrenda, horiekin harremanetan sartu eta Jai-Alaiaren alde bozka dezaten.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia