euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Larunbat honetan, Uztailaren 9an, ospatuko du Chascomuseko Euskal Etxeak bere 20. urtemuga jaia

2011/07/06

Zingirako Euskaldunak euskal etxearen 20. urtemugarako gonbitea
Zingirako Euskaldunak euskal etxearen 20. urtemugarako gonbitea

PUBLIZITATEA

Hau ez da honakoa urte arrunt bat Chascomuseko euskaldunentzat. Hogei urte joan dira euskal etxearen bigarren sorrera gertatu zenetik eta 1991eko uztailaren 4 hartan osatu zen hura bezala bezala, erakundearen gaur egungo Zuzendaritza Batzordeak bizkor egiten dio aurre Argentinako barrualdeko herri batean euskal kultura bizi eta zabaltzeko erronkari. Eta ez da gutxi helburu horretan 'Zingirako Euskaldunak' euskal etxeak egin duena azken 20 urte hauetan. Hori dela eta hainbat amets errealitate bihurtze aldera batera edo bestera lan egindako lagun guztiak gonbidatu ditu euskal elkarteak urtemuga ospakizunetan parte hartzera. Datorren larunbatean izango dira, arratsaldeko 6etatik aurrera, afari erraldoi batekin bukatuz.

Chascomus, Argentina. “1991. urtean euskaldunen ondorengo eta dantzari batzuek Martin Larralde jaunak 1952. urtean hasitako proiektuari jarraitasuna ematea erabaki zuten eta 'Zingirako Euskaldunak' euskal etxearen egoera formalizatu zuten, erakundeko zuzendaritza batzordea osatuz. La Platako Euzko Etxea babesle izendatzea eta izaera juridikoa bideratzea izan ziren talde berriaren lehenengo urratsak eta horren ondoren hamaika ekintza antolatzen eta gauzatzen hasi zen, tartean, dantzak, euskal poesia ikastaroak, erakusketak eta jaiak”. Hitz hauekin laburtzen dute 'Zingirako Euskaldunak'-eko arduradunek euskal etxearen historia.

Zingirako Euskaldunak 20. urtemuga 2011 0202

[Eusko Hazia Taldeko gazteak (argazkiaEE)]

Duela bi hamarkada hartutako engaiamendu hori ez da inoiz ahuldu eta Euskal Herriko kulturaren alde lan egiten dute buru belarri Chascomuseko euskaldunek. 1991ean berpiztu zuten 'Zingirako Euskaldunak'-en Eusko Hazia dantza taldea sortu zen, eta kirolaren arloan, primerako pilotariak eman ditu euskal etxeak. 'Zingirako Euskaldunak'-eko muslariek Argentinako txapeldunak izan dira 1998an eta aurten bigarren postuan geratu dira Nestor Fuentes eta Luis Moreno Chascomustarrak. Euskaldunen hizkuntzak ere leku berezia du Chascomuseko euskal etxean, eta era berean babesten dira Euskal Herriko beste hainbat kultur adierazpen, tartean, sukaldaritza, musika eta historia, batzuk aipatzearren.

Zingirako Euskaldunak 20. urtemuga 2011 0101

[Nestor Fuentes eta Luis Moreno Chascomustarrak Necocheako Mus Txapelketan bigarren postuan geratu dira (argazkiaEE)]

Hogei urte hauetan eta Eusko Jaurlaritza eta etxeko kideen laguntzari esker erakundeak bere egoitza propioa izatera heldu zen. “Herritar eta kide asko izan dira honaino heltzeko bidea erraztu digutenak, batzuk batzordekoak izan dira, beste batzuk ordea, anonimatuan lan egin dute”, adierazi dute euskal etxeko arduradunek. “Eta guztiei eskertu nahi diegu une berezi honetan”, azaltzen dute Chascomuseko euskaldunek.

20. urtemugaren ospakizuna

Begi bistan dago ospatzeko arrazoi anitz dituztela 'Zingirako Euskaldunak' euskal etxeko kideek. Hori dela eta komunitate osoari luzatzen diote urteurreneko ekintzak parte hartzeko gonbitea. Uztailaren 9an izango da jaia, eta arratsaldeko 6etan hasiko da euskal etxeko egoitzan. Lehenenego zeremonia honetan, omenezko plaka bat desestaltzearekin batera euskal etxeko aretoari Jose Maria Larralde izena jarriko zaio. Segidan, iluntzeko 7etan, Nuestra Señora de la Merced katedralean esker-emate meza ospatuko da. Gaueko 9etan, afari bat eskainiko da herriko Fortin-ean. Afariko sarrerak eskuratzeko, euskal etxeko batzordekideekin jarri behar da edo e-mail honetara idatzi maureguilarranda@yahoo.com.ar. Helduentzako sarrerak 85 peso balio ditu eta txikintzakoak 35.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia