euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Datorren urtean 100 urte beteko dituen New Yorkeko Eusko Etxeak Aberri Eguna 2012 ospatu zuen (I)

2012/04/10

New Yorken bizi den Aitzol Azurtza donostiarrak eta Anna Mari Aguirre newyorktarrak irakurri zuten igandean Etxeorratzen Hirian Aberri Eguneko 2012ko agiria, datorren urtean 100 urte beteko dituen EENYn (argazkia EuskalKultura.com)
New Yorken bizi den Aitzol Azurtza donostiarrak eta Anna Mari Aguirre newyorktarrak irakurri zuten igandean Etxeorratzen Hirian Aberri Eguneko 2012ko agiria, datorren urtean 100 urte beteko dituen EENYn (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Munduko euskal etxe askotan ospatzen den jaia da Aberri Eguna eta datozen egunotan horren isla izango dugu EuskalKultura.com-en, bateko eta besteko euskal etxe eta komunitateetatik iritsiko zaizkigun berriek adieraziko dutenez. Ospakizunaren kronikak New Yorken hasiko ditugu, datorren urtean 100 urte beteko dituen Eusko Etxea of New York-ek urteko hitzordu garrantzitsuena gisa bizi baitu Berpizkunde Igandeko hau, aurten gainera Mendeurreneko ekitaldi programa prestatzen ari direla. Datozen egunetan euskal etxe eta komunitate gehiago.

New York, Estatu Batuak. Eckford Street-eko egoitzan ospatu zuten EENYeko kide eta lagunek joan den igandean Aberri Eguna, New Yorkeko Josu Iriondo apezpikuak eguerdiko hamabietatik aurrera emaniko euskarazko meza batez hasita, ondoren elkarretaratze, agiri-irakurketa eta afaria ere errenkeran etorri zirela, gaueraino luzatu zen ospakizun ekitaldian.

Itziar Albisu Kobayashi elkarteko lehendakariak ongi etorri hitzak eginik, Aberri Eguneko agiri bat ere irakurri zuten New Yorkeko euskaldunek, euskaraz eta ingelesez, hirian bizi den Aitzol Azurtza donostiarrak eta Anna Mary Aguirre bertako euskaldunen ahotik, izan ere elkartearen datorren urteko Mendeurrena, arbasoen gomuta eta, halako aukera esanguratsuan, Durango eta Gernikaren bonbardaketen 75. urteurrena eta Nafarroako Erresumaren erorpena aipatuz. Agiri irakurketa, aldez aurretik banatu ziren hitzek lagundurik, bozgorailuetatik jarri zuten Nafarroako Ereserkia abestuz bukatu zuten bertaratutakoek.

Aurretik eta ondotik, euskal etxearen tabernaren inguruan, pintxo eta mokadu aukera ugaria zerbitzatu zuen New Yorken lanean urte dexente daramatzan Iñaki Lete sukaldari bilbotarrak. Afari goiztiarra ere zerbitzatu zuen, eta ondoren kanturako eta dantzarako ere izan zen beta, molde amerikarrean zein euskal musikari eta taldeen piezak entzunda.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia