euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Datorren otsailaren 6an euskal immigrazioari buruzko erakusketa zabalduko da Ellis Island-en (AEB)

2009/12/23

Sei aretotan banatuta, erakusketak argazkiak, audio materiala, bideoak, artelanak, kultur material zahar eta modernoak eta osagai interaktiboak izango ditu
Sei aretotan banatuta, erakusketak argazkiak, audio materiala, bideoak, artelanak, kultur material zahar eta modernoak eta osagai interaktiboak izango ditu

PUBLIZITATEA

New York hiriaren aurrean dagoen uhartetxo bat da Ellis Island, baina 1892tik 1954ra AEBetara bertatik sartu ziren 12 milioi emigrante europarrentzat, bizimodu berri baterako sarrera eta hastapena izan zen [edo 'amerikar ametsa' lortzeko ate itxia beste hainbatentzat, lur amestua ia ikutu arren, eriak eta beste hainbat atzera bota baitzituzten]. Gainerako emigranteentzat bezala, urte horietan New Yorketik legepean emigratu eta estatubaturatu ziren euskaldunentzat ere, euren historiako parte da. Izan ere, bertan gordetzen dira egun euskal-amerikar diren hainbaten aita-ama, aiton-amona edo aurrekoen datuak, noiz sartu eta nondik heldu ziren. Gaur turisten lekua den Ellis Island-en emigrazioaren historiaren euskal zatia islatzen duen erakusketa zabalduko du Boiseko Euskal Museoak, Jaurlaritzarekin lankidetzan, datorren otsailaren 6an, hiru hilabetez, 300.000 bisitari espero dituztela.

Vitoria-Gasteiz. Gaur egun 104 urte dituen Lucy Garatea lekeitiarrak, bera ere gazte-gazte zela (1920ean, 15 urterekin) Ellis Island-etik pasatutako euskaldunak, aurkeztu eta kontatuko dio erakusketara hurbilduko den bisitariari Estatu Batuetara emigratu zuten euskaldunen historia. Ellis Islandetik sartuz geroztik bizitza Ameriketan egin duen Lucy Idahoko Boisen bizi da. Beste hainbat emigrantek bezala, bi munduak bildu izan ditu bere baitan: sorlekuko erroak, izaera eta tradizioak, eta biziak ekarri dion nazio berria, berak bere egin duena, planak bertarako eginda, euskaldun gisa bertan integratu eta ondoko belaunaldien sorleku izan duena.

Euskal emigranteen ikur eta adierazgarri ona izanik, Lucyren bideo bat izango dute harrera-emale erakusketara hurbilduko direnek. Sei areto edo zati nagusitan banatuta, 20-30 minututan, bisitariak ibilbide laburtu bat egiteko aukera izango du, Euskal Herria non den eta euskaldunak nor diren ikusiz, New York eta Estatu Batuetarako euren bidaia eta iritsieraren berri jasoz... Gainerako emigranteekin amankomunean duen istorioa segituko ahal izango du, ondoren who are the Basques (nor diren euskaldunak, herri hori) galdera orokorrean zertxobait sakontzeko: batetik, euskara, euskal kultura, eta Ameriketako euskal kulturaren printzak eskainiko zaizkio.

Euskaldunen eta euskal emigrazioaren ikuspegi orokorra

Bestetik, euskaldunek munduan eginikoa historian zehar, hainbat izen propio ekarriz, tartean itsasgizon eta esploratzaileak, balearen arrantza, misiolarien berri... eta Estatu Batuetan utzitako marka, Bizkaiko Forua eta AEBetako Konstituzioa, azken ehun urteotan AEBetako euskal komunitateak zenbait alorretan emandako izen eta pertsonaiak, eta ekarpenak, hala nola politikan, Armadan, arteetan, eta abar, gaur egunera heldu arte, Estatu Batuetan zein Euskal Herrian.

Azkeneko parteak, historia garaikidea islatuko du, Gernikako sarraskia --Picassoren koadroaren lau metro luzeko erreprodukzioa barne--, Gernikako Arbola, diktadurapeko urteak, ETA, egungo gizartearen berri, hiriak eta paisaiak... Eta euskal emigrazioaren fenomenoa AEBetara, ardi industria, euskal ostatuak Oestean, egoera estatuz estatu... Bukatzeko, EAEko panorama, industria, merkataritza, Zinemaldia, sanferminak, munduko euskal etxeen fenomenoarekin lotuz eta Estatu Batuetako euskal komunitateak sortu dituen erakundeak ere bilduz, tartean Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroa, Idahoko Euskal Museoa, NABO, Boiseko Ikastola, Jaialdi, eta euskal-amerikar geroa markatzen ari diren bestelako ekimenak.

Hiru urteko bidea

Proiektuaren ideia Eusko Jaurlaritzaren Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Zuzendaritzaren baitan sortu zen, 2006an AEMIko (Association of European Migration Institutions, Europako Migrazio Institutuen Elkartea) lehenengo bilera batean parte hartu ondoren, Europako zenbait emigrazio museo bisitatzen ibili baitziren, orduan asmo zen Euskal Emigrazioaren Museorako esperientziak biltzeko bidean. "Egin genuen bisita horietako bat San Marinoko Museoa zen, eta eurak egin berria zuten erakusketa bat Ellis Island-en", diosku Benan Oregi, proiektuan hasieratik egon den Zuzendaritza horretako teknikariak.

"Handik oso gutxira, 2006ko urrian, New Yorkera joan ginen, Jesus Galindezi bertan egin zitzaion omenaldira, eta hor egin genuen lehenengo kontaktua Ellis Island Fundazioarekin. Aukera bazegoela esan eta zein pauso eman behar genituen argitu ziguten, tramitazioa nola egin, nola egituratu... Bueltatu eta proposamena planteatu genuen, Boiseko Euskal Museoari ideiaren berri eman genion, lehen gidoia eta planteamentuak aztertu, eta interesez hartuta Boisen baiezkoa eman zioten. Geroztik, poliki joan da, lehenengo proiektu bat aurkeztu genuen New Yorken eta atzera bota zuten, zuzendu eta geroztik Boiseko Museoarekin lankidetzan ibili gara, bertatik koordinatu baitute lana".

Ellis Island-etik Boisera Jaialdirako

Erakusketa 2010eko otsailaren 6ean inauguratuko da, Amaia Arberas euskal sopranoa, euskal abesbatza, Martin Goikoetxea bertsolari euskal-amerikarra, Boiseko Oinkari dantzariak eta euskal, amerikar eta euskal-amerikar ordezkaritza zabala bilduko dituen ekitaldian. Izan ere, inaugurazioaren inguruan ekitaldi bat baino gehiago egingo dira Ellis Island eta New Yorken. Datorren urtarrilean Boiseko Museoak erakusketaren webgune propioa aurkeztuko du. Egungo programaren arabera, erakusketak giutxienez hiru hilabete egingo ditu Ellis Islanden, otsailaren 6tik, apirilaren 6a bitartean. Uztailean Idahoko Boisera pasatuko da eta bertako Euskal Museoan egongo da ikusgai Jaialdi euskal festa erraldoiaren egunetan (uzt. 28-abuzt 1), bertan denbora bat emateko. Eskakizunik eta egokierarik balego, Estatu Batuetako beste leku batzuetara ere bidaiatu daiteke ondotik.

DATUAK

-Izenburua: "Hidden in Plain Sight: The Basques" (Begibistan ezkutatuta: Euskaldunak)
-Datak: Zabalik Ellis Island-en, otsailaren 9tik apirilaren 9ra, 2010
-Egileak: Zuzendariak: Michael Vogt (proiektuko zuzendaria) eta Patty Miller (Museoko zuzendaria); Diseinu Aholkulariak: Catapult 3, Boise; Aholkulariak: Alberto Santana eta John Bieter (Boise State University); Argitxu Camus, Lisa M. Corcostegui (University of Nevada, Reno); Benan Oregi eta AEBetako Euskadiko Ordezkaritza (Eusko Jaurlaritza); Gloria Totoricaguena eta John Ysursa
-Babesleak: Eusko Jaurlaritza, Boiseko Euskal Museo eta Kultur Aretoko langileak eta partikularren dirulaguntzak



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia