Elko, Nevada, AEB. "Elko Jaietan", honela, euskaraz, da Elkon euskal festa dela-eta banatzen diren esku-programa eta kartelean erabiltzen den leloa. Euskal historia, marka eta eragin nabaria duen herria da Nevada iparraldeko desertua zeharkatzen duen 80 zenbakidun estatuarteko errepidearen alboan topatzen den herri hau, basamortu inguru zabal bateko handiena. Nevadako gainerakoak bezala, kasinoak ditu ezaugarri, mehategiekin batera, eta euskal tradizioak sendotuta daude hemen, tartean uztaileko Euskal Jai Nazionala.
Festen hasiera --'kick off' deitzen diote hemen ingelesez, eta programak 'Txupinazua' dio, euskaraz-- ostiralean izango da, arratsaldeko seietan, Euskal Etxean. Izan ere Elkoko Euzkaldunak elkarteak --hemengo Euskal Etxeak-- egoitza dotorea eta zabala dauka, ongi kokatua, baina aldi berean ez herrigunean bertan, azalera estalia zein aire zabalekoa ere duena, berdegunea ere barne, eta aurtengoan bertan zentralizatuko dira programako ekitaldi nagusiak. Ostiralean, bertako Ariñak dantza taldekoak arituko dira erakustaldi bat eskaintzen, herri kirol erakustaldiak ere izango dira harrijasotzaile eta aizkolariekin eta, bistan da, jateko eta edatekoa ere euskal festa bati dagozkion moduan. Gau horretan suziriak botako dira --4th of July aurretik ospatuz-- eta behatoki egokia izango da zeruko kolore eta argi-soinu jokoari erreparatzeko.
[Alfonso eta Mary Ygoa senar-emazteak izango dira aurten kabalkadako "grand Marshals" (foto EuskalKultura.com)]
[Elkoko 54. Basque National Festival-eko kartela eta programa (arg. EuskalKultura.com)]
Larunbat goizean eguna ariketa fisikoz hasi ahal izango dute hala nahi dutenek, urtero euskal jaiarekin batera egiten den "5K run" korrituz. Ondoren, 11 aldera parada, kabalkada edo desfile tipikoa hasiko da herriko kale luze nagusietan zehar, herriko Fairgrounds-etan bukatzeko (aurten, gainera, Alfonso eta Mary Ygoa izango dira kabalkadako "grand marshal" edo buruzagiak). Bertatik Euskal Etxera pauso bat besterik ez dago eta ekitaldiek hantxe segituko dute hurrengo bi egunetan. Arratsaldez, 13:00etatik aurrera, musika eta dantza emanaldiak, kirol erakustaldi gehiago, jan-edariak, soka-tira... Iluntzeko 9:00etatik aurrera, berbena zuzeneko musikarekin.
Igandea, euskal meza katolikoarekin hasiko da, 11etan, euskaraz eta ingelesez emana. Hura amaituta, euskal artzain ogi artesau enkantea egin eta piknikari ekingo zaio, barbakoa modukoa, berriz ere programa oso bat lagun, oraingoan tartean jota eta irrintzi txapelketak ere.