euskal diaspora eta kultura
2010/03/15
PUBLIZITATEA
Bartzelona, Katalunia. Abian da Bartzelonan, euskal literatura hedatu eta ezagunagoa egiteko antolatzen den Literaldia literatura jardunaldien seigarren edizioa, aurten datorren ostegunetik St. Jordi eguneraino garatuko dena. Hona egunez egun ekitaldien egitaraua:
Martxoak 18 – Apirilak 14
“Batekmila: euskal munduak mons bascos” erakusketa Nola gara euskaldun gaur egun? Zerk egiten gaitu euskaldun gaur egun? Zerk egiten du euskaltasuna gaur egun? “Batekmila-Euskal munduak” erakusketak euskararen eta euskal kulturaren ezagutzera eta galdekatzera gonbidatzen zaituzte. Prozedura teknologiko eta interaktibo anitzek euskal munduen ikuspegi moderno eta berdingabe bat eskaintzen dute. Bidaia sentikorra, unibertso soinudun eta bisual baten bihotzean, gaurko artista, argazkilari, idazle, musikari eta errealizadore batzuen ikuspegi gurutzatuek osatu kaleidoskopio baten pare... Erakusketa honek Euskal Herriko eta diasporako euskal munduen gaurko aipamen eleaniztuna euskaraz, frantsesez, espainolez eta katalanez eskaintzen du. Martxoak 18 – Apirilak 14 | Universitat
Martxoak 18 osteguna
“Stock 13” liburuaren aurkezpena eta Txalapartaren “Literotura” bildumaren eta euskal literatura erotikoaren inguruko hitzaldia Edorta Jimenez. 15.00etan | UB (2.2. gela, sarrera Aribau kaletik)
Martxoak 18 osteguna
“Batekmila: euskal munduak / mons bascos” erakusketaren inagurazioa. Amaia Riouspeyrous eta Gorka Knörren musika emanaldiak. Amaia Riouspeyrous 1984ean sortu zen Donapaleun eta Anhauzen bizi da. Anhauztarra du aita eta ama Ezterenzubikoa. Garaziko ikastolan ikasi zuen aurrena Baigorriko kolegioan gero. Orduan sartu zen Mikel Erramouspek eta Joseph Marisek kudeatzen zuten “Iguzki Lore” koralan. 1993an, bederatzi urte zituela, kantu-txapelketan parte hartu zuen “Okarrina” taldearen sorkuntza batekin. Daniel Xalbadorrek idatzi zituen hitzak. 2009ko apirilean “Har Ezazu” izeneko lehen diskoa grabatu zuen Agorila disketxean. 18.30ean | UB (Eraikuntza historikoko sarreran)
Martxoak 19 ostirala
Mahai ingurua: Euskal literatur kritika eta egungo kanonaren inguruan. Edorta Jimenez, Iratxe Retolaza, Beñat Sarasola, Aritz Galarraga. Nork du boterea euskal literaturaren barruan? Nork eman dio botere hori? Nork ematen ditu sariak? Zergatik? Zein irizpide erabiltzen dira? Erreferentzialitatea non daukagu, Euskal Herrian bertan ala kanpoan? Kiratsa dario euskal literaturari? Testu bat eta bera al dira jatorrizkoa eta itzulpena? Iratxe Retolaza, Beñat Sarasola eta Aritz Galarraga literatur kritikoak eta Edorta Jimenez idazlea mahai baten bueltan, korapilo horiek denak askatzen saiatzeko. 19.30ean | Euskal Etxea
Martxoak 23 Asteartea
Duela gutxi Txilen atxilotu duten Asel Luzarragaren egoeraren inguruko hitzaldia. Hizlaria, Lutxo Egia Euskal Pen Klubeko ordezkaria. “Punkamie” punk-taldeko kidea, idazlea, irakaslea, anarkista, euskalduna… Horixe dena da Asel. Joan den urtean Txilera joan zen bizitzera eta han maputxeen aldeko mugimenduarekin bat egin zuen. 2009ko azken egunean atxilotu zuten, Txilen izandako atentatu batzuekin zerikusia zuelakoan. Haren ingurukoek dena poliziaren muntaia izan dela salatu dute eta elkartasun-ekimen ugari jarri dira martxan (www.aselaskatu.org). Martxoaren 10ean etxera bidali zuten, eta orduz geroztik han daukate giltzapetuta, epaileak haren kasuaren gainean erabaki bitartean. Aselen egoeraren berri emango du Lutxo Egia, Euskal Pen Klubeko kide eta Aselen adiskideak. Harekin batera, maputxeen ordezkari bat eta Kataluniako Pen Klubeko ordezkari bat. As | 20.00etan | Euskal Etxea
Martxoak 24 Asteazkena
Alaliriria. Xabier Lopez Aranburu Mariano Iñigoren bizitzari buruz egindako dokumentala. Izatez Gaztelakoa izan arren, Euskal Herrian landu zuen bere poesia ibilbidea. 20.00etan | Euskal Etxea
Martxoak 26 ostirala
Mihiluze Lehiaketa. Bai Euskal Telebistan, bai TV3n arrakasta handia izan duen txapelketa da hau. Kasu honetan Bartzelonako euskara ikasleak dira lehiakideak eta hizkuntzarekin jolasean lehiatuko dira: esamesak, hieroglifikoak, potokumeak... Euskal hizkuntza eta kultura ongien ezagutzen dituztenak izango dira txapeldunak. 18.00etan | UB (104 gela. Eraikuntza historikoko “Pati de Lletres”)
Martxoak 26 ostirala
“Haiek zergatik deitzen diote Euskal Herria eta guk Ithaka?” liburuaren aurkezpena, Marc Biosca-ren eskutik. Euskal Herriko eta Herrialde Katalanetako kantagintzek nazio identitatearen sorkuntzan izan duten eragina aztertu du Marc Biosca soziologoak, Euskal Herrian urtebetetxo eman ondoren argitaratutako saiakera-liburuan. “Herri-kantua prozesu politiko baten musika” dela dio bertan, eta, musika gidari hartuta, hizkuntza, estetika, historia, politika… errepasatzen ditu Bioscak. Salvador Cardús-ek Antton Olanok euskaratutako liburuaren hitzaurrean dioen moduan “nahiz eta kantagintzari buruzko hausnarketa izan, irakurleak, bi herrien argazki garbia aurkituko du” liburu honetan. 19.00etan | Euskal Etxea
Martxoak 26 ostirala
Bertso afaria. Euskal Herriko ahozko literatura ezagunenaren inguruan afaria Euskal Etxean. 21:30ean | Euskal Etxea
Apirilak 7 asteazkena
IK, Irakurle Kluba: Kirmen Uriberen “Bilbao-New York-Bilbao”. Euskal literatura Katalunian ezagutarazteko abian ipinitako ekimena, urte osoan zehar garatzen da. Liburuak euskaraz sorturiko literatur lanak dira, baina euskaraz ez dakitenek ere parte hartzeko aukera izan dezaten, jatorrizkoak ez ezik itzulpenak ere berdin-berdin erabiltzen dira. Dinamizatzaile batek gidatuko du saioa. Gaur, Kirmen Uriberen "Bilbao-New York-Bilbao". 19.00etan | Euskal Etxea
Apirilak 9 ostirala
Ibilbide literarioa Bartzelonan barrena. Beharrezkoa izango da aldez aurretik izen ematea. 19.00etan | Euskal Etxea
Apirilak 9 ostirala
Ipuin gaua. Contacontes. Euskaraz eta katalanez. 22.00etan | Euskal Etxea
Apirilak 14 asteazkena
“Babel o barbarie. Una política lingüística legítima y eficaz” liburuaren aurkezpena. Patxi Baztarrikaren eskutik. Komunikazioaren eta informazioaren aroan, demokrazian oinarritutako kohesio soziala etorkizuneko politika publikoen mamia eta funtsa dugu gaur egun. Ikuspegi horretan, hizkuntz politikoak berebiziko garrantzia dauka: gizarte modernoak eleaniztasunera jotzen dute argi eta garbi, elkarren kontra jardun beharrean, elkarren ondoan eta elkar aberastuz bizi behar duten kultur eta hizkuntz nortasunak egituratzeko ardatz gisa hartuta aniztasun hori. Liburuaren egilea bera, Patxi Baztarrika, Antoni Mir, Linguamón- Casa de les Llengües-eko zuzendaria, eta Bernat Joan, Kataluniako Generalitateko Hizkuntz Politikarako idazkaria izango dira aurkezpenean. 18.30etan | UB (Eraikuntza historikoko kaperan)
Apirilak 14 asteazkena
“Literatura DJ-ren garaian”. Hitzaldia, Harkaitz Cano hizlari. Gaztetan hasi zen Harkaitz Cano idazten eta orain, gaztea izaten jarraitzen badu ere, sormen literarioaren alorrean ibilbide luzea egindakoa da. Ibilbide horretan bere hainbat lan gaztelaniara itzuli ditu eta hainbat sari ere irabazi ditu askoren euskal literaturaren erreferente bihurtuz. Aurtengo Literaldian bi hitzaldi eskainiko ditu Bartzelonan: lehenengoa, Bartzelonako Unibertsitatean “Literatura DJ-en garaian” izenburupean, eta, bigarrena, Drassanesko Hizkuntz Eskola Ofizialean, “Zinea eta literatura: begiaren ajeak” saiakera liburuan oinarritutakoa. 19.30ean | UB (Eraikuntza historikoko kaperan)
Apirilak 15 osteguna
Zinea eta literatura: begiaren ajeak. Hitzaldia, Harkaitz Canohizlari. Gaztetan hasi zen Harkaitz Cano idazten eta orain, gaztea izaten jarraitzen badu ere, sormen literarioaren alorrean ibilbide luzea egindakoa da. Ibilbide horretan bere hainbat lan gaztelerara itzuli ditu eta hainbat sari ere irabazi ditu askoren euskal literaturaren erreferente bihurtuz. Aurtengo Literaldian bi hitzaldi eskainiko ditu Bartzelonan: lehenengoa, Bartzelonako Unibertsitatean “Literatura DJ-en garaian” izenburupean, eta, bigarrena, Drassanesko Hizkuntz Eskola Ofizialean, “Zinea eta literatura: begiaren ajeak” saiakera liburuan oinarritutakoa. 19.30ean | EOI Drassanes (areto nagusian)
Apirilak 16 ostirala
“Peachy Joke” eta mikroipuin gaua. Kontzertua. Bartzelonan bizi diren bost gazte euskaldunek osatzen duten “Peachy Joke” taldearen kontzertua. 60. eta 70. belaunaldiko rock estiloko musika jotzen dute batez ere. Taldearen notekin lagundurik, publikoak teknologia berrien laguntzarekin ipuin bat osatuko du. 20.00etan | Euskal Etxea
Apirilak 21 asteazkena
Poemaren dohaina. Poesia-errezitaldi komentatua. Beñat Sarasolaren eskutik. Bi poesia liburu idatzi ditu, 'Kaxa huts bat' (2007) eta 'Alea' (2009). Gaur egun Berria egunkarian literatur kritikak egiteaz gain Literatur Teorian doktoretza egiten dihardu Bartzelonako Unibertsitatean. Poesia errezitaldia eskainiko digu; euskal eta katalan poema sorta baten irakurraldi komentatu bat eginez. 19.30ean | Drassaneseko HOE (areto nagusian)
Apirilak 21 asteazkena
“Devenir perra” eta “Un zulo propio” liburuen aurkezpena. Itziar Ziga-ren eskutik. Zakur-emeen idazkera darabil Itziar Zigak, zigortzen eta zikiratzen gaituen gizartearen bazterrean gelditzen den literatura. Emetasun parodikoa aurkezten digu, feminismo ez-hegemonikoa lantzen duten testuen bidez, eta isilik ez gelditzearen alde egiten du, nahi duguna esan eta egitearen aldeko deiadarra. Emakume ala gizon izan diagnostiko mediku eta soziala dela diosku, eta emakume-izatasun horri heltzen dio baina ez hanka-tartean duenagatik, estrategia politiko gisa, baizik, hau da, “gisa horretara bortxatua izan naizelako; fisikoki, sexualki, afektiboki, ekonomikoki, sinbolikoki...”. Bi liburu argitaratu ditu Itziarrek (“Devenir perra” eta “Un zulo propio”), eta horien aurkezpena egingo du. 20.00etan | Euskal Etxea
Apirilak 22 osteguna
Hau ez da nobela bat. Literatur hitzaldi. Kirmen Uribe hizlari. “Hau ez da nobela bat” haratago eramaten gaituzten pasadizoez osatutako eskultura da, hau da, une ttikiez eta sentiberatasun urratzaile batez mosaiko handia, alegia. Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970) euskal poeta eta eleberrigileak Espainiako Narratiba Sari Nazionala irabazi berri du "Bilbao-New York-Bilbao" eleberriarekin. 13:00etan | UAB
Apirilak 22 osteguna
Kirmen Uriberekin berriketan. Literatur solasaldia. Kirmen Uribe Kirmen Uribe (Ondarroa, 1970). Euskal poeta eta eleberrigilea. Espainiako Narratiba Sari Nazionala irabazi berri du "Bilbao-New York-Bilbao" eleberriarekin. 20:00etan | Euskal Etxea
Apirilak 23 ostirala | Sant Jordi
Erregea eta bufoia. Afaria + bertsolari eta antzerki saioa. Lipus eta Paia. Erregea eta bufoia, nor baino nor, bertsolaria eta aktorea!! Hitza ongien zeinek aipatu da erregearen eta bufoiaren arteko borroka honetan esperimentatu nahi den jolasa. Bertsoa eta antzerkia, antzezlea eta bertsolaria. Norgehiagoka horretan, gehiago nor izango? Zalduan tokian tokiko herrira eta egoeretara egokitutako gaiek erabateko bat-batekotasuna ematen diote emanaldiari. Aktoreak pertsonaia desberdinak erabiliko ditu bertsolariaren hitzei aurre egiteko. Ez du lan erreza izango, bertsolaria errege baita hitzarekin jolasten. Bufoiak, berriz, erregearekin jolastu nahi du, burla eta trufa eginez. Erregea eta bufoia, nor baino nor, bertsolaria eta aktorea!! 21.30ean | Euskal Etxea
LITERALDIA’10: MIKROIPUINAK
blog.euskaletxeak.org eta twitter-en. “Cuando despertó, el dinosaurio todavía estaba allí”. Horixe da, gaztelaniaz behinik-behin, dagoen mikroipuinik ezagunenetakoa. Bartzelonako Euskal Etxeak aurtengo Literaldiak irauten duen bitartean mikroipuinen erakusleiho bilakatu nahi ditu bere bloga eta twitter kontua.
Lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek Euskal Etxearen http://blog.euskaletxeak.org gunera bidali behar dituzte beren ipuinak. Era berean,, Literaldia’10 jaialdian parte hartzen duten idazleek ipuin kolektibo bat sortuko dute, etorri ahala euren 133 hizkiko (Twitterrek onartzen duen karaktere kopurua) ekarpena eginez.
Honela, Literaldia’10 amaitzean, hainbat mikroipuin izango ditugu eta Bartzelonara bisitan etorritako idazleen artean ipuin kolektibo bat osatuko dute.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus