Boise, AEB. Boiseko erdigune historikoko bizitasuna eta giroa sustatu nahi ditu bertako Downtown Boise elkarteak eta ekitaldi berezi bat antolatu ohi du hilero lehen ostegunean. Ostegun hau uztailaren lehena da eta euskal kulturari egokitu zaio protagonismo berezia, Downtown Boise Basque Museum & Cultural Center-rekin lankide eta hiriko artista eta merkatariekin batera, proposamen erakargarriz beteriko gaua prestaturik hurbiltzen direnei eskaintzeko.
Ekitaldiak, oro har, arratsaldeko 17etatik 21etara egiten dira, baina merkatari eta artista bakoitzak bere ekimena planifikatzen du eta horregatik, Downtown Boise-ren webgunean ikus daiteke parte hartzen duten ekitaldien, denden eta lokalen zerrenda, ordutegiak eta xehetasunak ezagutzeko. Weborrian nabigatzean, bakoitzak aldez aurretik diseina dezake bere ibilbidea Boiseko erdigunean, gustuen arabera nork bere gaua planifikatzeko.
Ostegun honetan euskal pilota erakustaldia egingo dute Anduiza frontoian eta Oinkari dantza taldea erdiguneko kaleetan zehar ibiliko da euskal dantzak plazaratuz. Zuzeneko musika, DJak eta plazako jolasak ere izango dira. Arte galeriek bere erakusketak irekiko dizkiote publikoari. “Gallery 601”ren kasuan, gainera, salmenten % 20 Basque Museum-i emango dio, honen 40. urteurrenaren ospakizunrekin bat eginez.
Euskal gastronomia ere protagonista izango da ekitaldian: pintxo, sagardo, kalimotxo eta menu bereziak dastatzeko aukera eskainiko da, baita promozioak baliatzeko aukerak ere. Leku Ona, Bar Gernika, The Basque Market, el Euskal Museoa edo Euskal Etxea bera bisitatzeko abagunea da Downtown Boiseko lehen osteguna. Betiko lekuak, gustukoenak eta berriak ezagutzeko aukera paregabea.
Zure ibilbidea diseinatzeko, sakatu hemen.