euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Datorren azaroan berriz abian jarri nahi dute Bizkaiko, Mexikoko eta Estatu Batuetako hiru Durangoen topaketa

2008/03/01

Mexikoko Durango hiriko katedrala. 1563an sortu zuen hiria Francisco Ibarra durangarrak
Mexikoko Durango hiriko katedrala. 1563an sortu zuen hiria Francisco Ibarra durangarrak

PUBLIZITATEA

Mexikoko Durango hiriko ordezkaritza bat Euskal Herrian izan da egunotan, eta Bizkaiko Durango eta Donostia bisitatu ditu. Durangon, bertako alkatearekin, Juan Jose Ziarrustarekin, bildu zen ordezkaritza eta Jorge Herrera alkate mexikarrak gonbidapena luzatu zion, datorren azaroan Mexikon hiru Durango senidetuen arteko topaketa berri bat egitearren, Mexikoko Durango, Bizkaiko Durango eta AEBetako Coloradoko izen bereko hirien ordezkariak bilduz.
Durango hiri mexikarreko ordezkaritza bat Euskal Herrian izan da egunotan, Donostiako eta beste hiri batzuetako Hiri Antolakuntza Planak ezagutzeko asmoz. Egonaldian mexikar taldeak, Jorge Herrera alkatea buru, Bizkaiko Durangoko herria eta udal agintariak agurtu nahi izan zituen eta karia hortara Udalak harrera egin zien joan den ostegunean.

Bi hiri hauek eta izen bereko AEBetako Durango (Colorado estatuan) 1985an senidetu ziren eta hiru hirien arteko topaketa batzuk antolatu zituzten harremanak sendotzeko asmoz. Ideia, topaketak hiru urtean behin egitea zen, nahiz eta epeak ez diren bere horretan errespetatu. Oraingoan, Jorge Herrera mexikarrak azaroan bilera berri bat egiteko proposamena egin zion bere kargukideari eta Durango mexikarra eskaini zuen horretarako egoitza.

Izen bereko hirien topaketa

Zenbait topaketa egin dituzte orain artean hiru hiri senidetuek. Lehendabizikoa Mexikon egin zuten, 1985an. Ekitaldian bilera hiru urtetan behin egiteko asmoa adostu zuten ordezkaritzek eta horrela, hurrengo bilera 1988an egin zen Bizkaian. Ondoren 1991ean AEBetako Durangon egin zena izan zen. Geroztik 2003an beste bilera proposamen bat egin zen, 2003an eta 2006ean Euskal Herrian topaketa berri bat antolatzeko saiakera egin zen, baina azkenean bertan behera gelditu zen. Orain, mexikarren gonbidapenarekin bilera berria gertuago egon daiteke.

Bileraren helburua hiru hirien arteko harremanak estutzea eta antola daitezkeen 'truke kultural, turistiko eta ekonomikoetan sakontzea' litzateke, Jorge Herrera alkateak Durangon azaldu zuenez. Mexikar ordezkariak zera nabarmendu zuen ere, hiru hiri senidetuen arteko harremana gorde egin behar dela nahiz eta toki bakoitzeko udal gobernu taldeak aldatu.

Francisco de Ibarrak sortua

Mexikoko Victoria de Durango hiriak 463.800 biztanle ditu eta Durango estatuko hiriburua da. Estatua menditsua da eta basoak eta Sierra Madre mendilerroak osatzen dute bere zati handi bat. Duela 2.000 urte nahoa leinukoak, Ipar Amerikako herri nomada, bizi ziren han. 1554an Francisco de Ibarra durangarrak hasi zuen kolonizazioa eta Nueva Vizcaya izena eman zion lurraldeari. 1563an Ibarrak berak sortu zuen, hiriburu bihurtuz eta Durango izena eman zion bere jaioterriaren gomutan.


Lotura interesgarriak

Hiru hirien aurreko bilkura (erdaraz)
2003ko urtarrilaren 4ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Durango, Bizkaia
Wikipedian

Durango, Mexiko
Wikipedian

Durango, Colorado, AEB
Wikipedian (gazteleraz)


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia