euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Datorren astelehenean hasiko da aurtengo entrenamenduekin La Platako 'Athletic Club de Bilbao' Eskola

2010/03/11

La Platako 'Athletic Club de Bilbao' Eskolako umeak (argazkia EE)
La Platako 'Athletic Club de Bilbao' Eskolako umeak (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Martxoaren 15ean hasiko dira kirol ekitaldiak La Plata hiri argentinarreko Euzko Etxea Euskal Etxean. Futbolean, Athtletic-eko Eskolaren ekimena, euskal jatorriko gazteei ezezik La Platako gazte guztiei irekia da, eta futbolaz gain Hockey eta Pilota klaseak ere eskaintzen ditu. Futbolean, 6 urtetik gorako haurren entrenamenduak datorren astelehenean hasiko dira. Hockey klaseak, berriz, asteartean, 6 urtetik gorako neskei zuzenduta. Pilota paletako eskolak, berriz, lehenago, datorren larunbatean. Klaseetan neska-mutil guztiek har dezakete parte. Praktika guztiak euskal etxearen egoitzan izango dira, hiriko 58 eta 14 kaleetan.

La Plata, Argentina. Duela bi urte sortu zen Buenos Aires probintziako hiriburuan La Platako 'Athletic Club de Bilbao' eskola, haur eta gazteentzat, futbolean ikas eta praktika zezaten. Euzko Etxeko lehendakaria, Javier Clua, talde bizkaitarrarekin harremanetan jarri zen eta bilbotarren onespena jaso zuen eskolaren izenak. Orain bere hirugarren urtea hasiko du eskolak, eta 6 eta 15 urte arteko haur eta gazteei egiten die deialdia. Eskolaren koordinazioaren ardura Marcelo Zozayak hartua du bere gain; ondoan, alderdi fisikoa zainduz, Martin Smith ari da gazteen trebakuntzan. Bi profesionalen artean daramate haurren taldea (6 urtetik 12 urtetara) eta jubenilena (13 urtetik 15 urtetara). Datorren astetik hasita, klaseak astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan izango dira, arratsaldeko seietan, euskal etxearen egoitzan.

Hockey eskola eta Pilota Paleta

Hockey Eskola, berriz, Diana del Barrio irakaslearen ardurapean sortu zen 2002an. Normalean praktikak euskal etxeko egoitzan izaten dira baina, Eskolak beste erakunde batzuekin egindako hitzarmenei esker, aire zabaleko kirol zelaian jokatzeko aukera era badute neskek.   

Egun, Eskola Celina Aguirreren gidaritzapean dago eta hogeita hamar neska ditu ikasle, 1. eta 10. kategorien artean. 2009. urtean Euzko Etxeko taldeak lagunarteko partidak jokatu zituen, besteak beste, hemen ospea duten Santa Bárbara eta Klub Unibertsitarioaren aurka.

Pilotari dagokionez, esan daiteke betidanik ikusi ahal izan direla pilotariak eta pilota partidak La Platako Euzko Etxean. Are gehiago, euskal etxeko pilotari batzuk kirolari gorenetarik dira mundu mailan. Praktikak euskal etxeko trinketean egiten dira eta bertan gauzatzen dira, batzuk aipatzearren, lagun arteko partidak Argentina eta Uruguaiko pilotarien kontra. Gaur egun, modalitate hauen eskolak garatzen dira: 1) Larruzko pilotarekin, 6 urtetik gorako haurrentzat, larunbatetan iluntzeko 7etatik 9etara, Gustavo Ugarte irakasle. 2)Argentinako Paleta, 6 urtetik gorako umeentzat, larunbatetan arratsaldeko ordu 2etatik 5etara. 3) Eskuz, Lisandro Jaccoud gainbegirale. Larunbatetan arratsaldeko 5etatik 7etara. 4) Xare: asteburuetan, Ivan Viden irakasle.

Informazio gehiago jaso edo eskolan izena eman nahi izanez gero, jo Euskal Etxeko idazkaritzara, 14 eta 58,  edo 457-1638 telefonora, arratsaldeko bostetatik bederatziak bitartean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia