Munduko Euskal Etxeetako gazteei formakuntza emateko urtero antolatzen den Gaztemundu programak euskal dantza tradizionala hartuko du 2018ko dizio honetan ardatz eta bertan parte hartzeko epea bere azken egunetara heldua da, ekainaren 18an --datorren astelehena-- izango baitu parte hartzeko eskabideak bidaltzeko azkeneko eguna. Parte hartzeko asmoa baduzu, presatu zaitez apur bat, gauza jakina da-eta behin epea gandituta, minutu batengatik bada ere, ez dagoela programan sartzeko modurik, datorren urtera arte nederen.
Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzak argi eta garbi adierazten ditu Gaztemundun parte hartzeko dauzkan baldintza eta prozedurak horretarako propio prestatutako baliabide honetan: Gaztemundu 2018.
Gogoratu, dena den, laburpen gisa, aurtengo deialdiak 15 leku plazaratu dituela munduko euskal etxeetako gazteentzat. Irailaren 1etik 16ra egingo da Gaztemundu 2018, Vitoria-Gasteiz hiria oinarri harturik, baina irteerak Euskal Herri osoan barrena eginda. Hauek dira bete behar diren baldintzetako batzuk:
1.– 18 eta 35 urte bitartean izatea 2018ko urtarrilaren 1ean.
2.– Bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldetik kanpo izatea.
3.– Ofizialki aintzatetsitako eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribaturiko euskal etxe bateko bazkide izatea deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik, gutxienez.
4.– Gaztemundu programako egonaldiren baten onuraduna ez izatea, 2003an arautu zenetik.
5.– Euskal dantzak irakasteko jakintza egiaztatzea, bideo bat aurkeztuz.
Epaimahaiak gogoan hartu eta balioetsiko ditu, esaterako:
a) Bideo grabaketaren balorazioa (40 puntu, gehienez).
b) Eskatzailearen parte hartze maila partaide den euskal etxearen bizitza sozialean (40 puntu, gehienez).
c) Euskara jakitea (10 puntu, gehienez).
d) Euskal Herrian inoiz egon gabekoa izatea (10 puntu).
Bideoan balioetsiko dira
– Eskatzaileak aukeratu duen dantzari buruzko ezagutza (10 puntu, gehienez).
– Dantzatzeko duen gaitasuna eta dantzaren esanahia azaltzekoa (15 puntu, gehienez).
– Dantzaren exekuzioa irakasterakoan frogatzen duen ezagutza pedagogikoa (15 puntu, gehienez).
Beste zenbait ezaugarri eta puntu nola baloratuko diren eta deialdiaren xehetasun guztiak deialdian bertan irakurtzea komeni da, bertan esaten denak baitauka balio ofizial bakarra.
-Deialdiaren argibide xehetuak, hemen
-Deialdiaren xehetasunak, hemen
-Deialdia pdf formatoan, hemen
-Deialdia testu elebidunean, hemen
Eta gogoratu, epemuga luzaezina, ekainaren 18a da, datorren astelehena.