Diaspora euskal-argentinarrari eta, besteak beste Llavallolgo Euskal Echea erakundeari lotuta agertzen den gizona da, Victor Mendizazal ordiziarra. Bi urtean behin bere sorterrian egoitza duen Victor Mendizabal Fundazioak izen bereko beka deitzen du Ordiziarekin zerikusia daukaten ikerketa gaiei eskainia. Otsail honen azken egunean, datorren 28an, asteartea, amaituko da aurtengorako proposamenak aurkezteko epea.
Ordizia. Gipuzkoa. Euskal diaspora argentinarrari zeharo lotutako pertsona izan zen Victor Mendizabal Gorostizu ordiziarra (1860-1957), bere anaiekin batera Argentinara emigratu eta bere kabuz arrakasta izan zuen gizona, ekimentsua oro har eta aktiboa oso amerikar euskalgintzan eta, besteak beste, hezkuntza eta ongintza arloko Euskal Echea erakunde handian; gizon apala eta motorea, elkartasuna eta mezenasgoa praktikatu eta emaitzak bere inguru osoan utzi zituen, azken zatian Ordizia sorterritik, bere anaietan bakarra izan baitzen Euskal Herrira itzultzen. 1943an bere izena daraman fundazioa sortu zuen Ordizian, bertako gazteen eskola eta hezkuntza saritu eta sustatzeari lotua, eta Laguntasuna elkartea, hau ere sustapena eta bere inguruaren aurrerapena leragiteari eskainia. Fundazioak eta Ordiziako Udalak bi urtean behin deitzen du bere izena daraman beka.
“Victor Mendizabal–Ordizia” IV. Ikerketa Bekaren helburua natur, giza eta gizarte zientzien arloan ikerketarako ohitura sustatzea da. Ikerketaren muina edozein izan daiteke, ardatz nagusia Ordizia eta bertako jendea hartuta. Arlo-zerrenda zabala ian daiteke: Historia, Artea, Ondarea, Arkeologia, Geografia, Ekonomia, Soziologia, Etnologia, Hizkuntza, Literatura, Folklorea, Turismoa, Abeltzaintza, Industria, Biologia, Ingurumena… Bekaren iraupena 12 hilabetekoa da eta 7.000 euroko zuzkidura dauka.
Bere lehenengo deialdian, Mendizabal bera hartu zuen ikergai hautatu zen proposamenak, eta lan hori euren gain hartu zuten Jon Ander Ramos eta Marcelino Irianni historialariek, Euskal Herrikoa bata eta euskal-argentinarra bestea.
Bekara bakarrik nahiz taldeka aurkez daiteke. Taldea aurkeztuz gero (identitate juridikorik gabeko pertsona fisikoen taldea), Zuzendaritza arduradun bat hautatu beharko da. Ikerketa lana originala eta bakarra izan behar du.
Eskaerak otsailaren 28ra arte aurkez daitezke. Horrekin batera, proiektuaren oinarrizko gida-lerroa, metodologia eta unitate analitikoak, eta lana zein hizkuntzetan aurkeztuko den zehaztuz ikerketa proiektuaren Memoria-Sintesia aurkeztuko da (gehienez 20 folio). Ondorengo lanaren luzera gutxienez 100 orrikoa izango da.
Informazio gehiago Ordiziako Udalaren webgunean edo +34 943 805 630 telefonora deituta.