euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Datorren asteartean 130 urte beteko dituen Buenos Aires-ko Laurak Bat-ek bere euskara eskolak iragarri ditu

2007/03/07

Buenos Aireseko Laurak Bat-eko Zuzendaritza Batzordearen bilera gela (EuskalKultura.com)
Buenos Aireseko Laurak Bat-eko Zuzendaritza Batzordearen bilera gela (EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

1877an sortua, zabalik segitzen duen munduko euskal etxerik zaharrena da Buenos Aires-ko Laurak Bat eta datorren asteartean ospatuko dute bertako bazkide eta lagunek urtebetetze biribil hori, esker-emate meza batekin, ikasgela berrien inauguratzearekin eta lagunarteko afari batekin hain zuzen. Horrekin batera, datorren astean bertan hasiko diren euskara eskolak ere urtebetetzeari edukia emateko beste modu bat izango dira. Ostegunak 15 ekingo zaio 'Sarrera Euskara eta Euskal Kulturaren Ikasketei' izeneko bost asteko ikastaroari, eta pixkanaka oinarrizko euskarakoari, hirugarren eta bostgarren urratsei, Boga-koei eta 'Euskal Kultura eta Identitatea' izeneko tailerrari.
Honelako urteurren biribil batek eskatzen duen moduan ospatu nahi du Laurak Bat-ek bere 130.a. Ekitaldiak urtean zehar luzatuko dira, baina heldu den asteartean izango dute abiapuntua, egun horretan bertan Esker-Emate Meza egingo baita Montserrat-eko Amaren Parrokian hildako bazkideen alde arratsaldeko zazpi t'erdietan, ondotik zortzi t'erdietan Ikasgelen inaugurazioari ekin eta duela gutxi eginiko berrikuntzei bisita egingo zaielarik, guztia Urteurren Afari batekin amaitzeko, bederatzi t'erdietan, Belgrano Hiribideko 1144ko egoitzan.

Ospakizun hauek iragartzearekin batera, Laurak Batek --kasu honetan bere Euskara Taldeak-- datorren astean bertan hasiko dituen euskara eskolen berri ere eman du. 2007 ikasturtean eskainiko diren euskara eskolak aurrez-aurrekoak edota internet bidezkoak izango dira (Boga sistema).

Oinarrizko Euskaratik V Urrats eta Bogaraino

Lehenengoetan, 'Oinarrizko Euskara' eskainiko da astearte eta ostegunetan, 19:00etatik 21:00etara, datorren asteko ostegunetik hasita, lehenengo bost saioetan 'Sarrera Euskara eta Euskal Kulturaren Ikasketei' izenekoa emango delarik. 'Hirugarren Urratsa' ikastaroa astearte eta ostegunetan eskainiko da, 19:00etatik 21:00etara, eskolak apirilaren 3an hasiko direla. 'Euskera V'-ek, berriz, eguna zein ordutegia baieztatzeke dauzka.

Bogari dagokionez, hastapenekoari ('Boga inicial') bagagozkio bihar bertan, ostegunak 8, edo datorren asteartean, martxoak 12 --eguna ikasle bakoitzarekin adostuz--, egingo da 'Boga Programa Aurkezteko Klasea'. Hortik aurrera, martxoaren 15etik 22ra bitartean 'Sarrera Euskara eta Euskal Kulturaren Ikasketei' saioei ekingo zaie, eta apirilaren 28tik aurrera mintza praktika saioak egingo dira bi astero, ostegunetan 19:00etatik 21:00etara. Boga aurreratuari buruz ('Boga avanzado'), mintza praktika saioak aurrekoen egun eta ordu berean egingo dira.

'Euskal Kultura eta Identitatea' ikastaro-tailerra

Azkenik, 'Euskal Kultura eta Identitatea' izeneko ikastaro-tailerra eskaintzea pentsatu du aurtengoan Laurak Bateko Euskara Taldeak. 'Gure Etxean gure euskal izateari dagozkion gaiak elkarrekin banatu eta solasteko eremu bat sortzea; zabala eta anitza nahi dugun eremu bat, guztion artean eraikiko duguna, herri baten kultura eraikitzen den gisan'. Ekimena Laurak Bateko bazkide eta Euskerako lehen urratseko irakasle den Maria Blanca Irustak koordinatuko du. Asteazkenetan, 19:00etatik 21:30etara izango da, apirilaren 4tik aurrera.

Bestelako datu jakingarriak: matrikula, 20 peso; hileroko kuota, 20 peso, eta Laurak Bat-eko bazkideen kasuan, 3 peso (materialengatik). Izenemateak martxoaren 14a baino lehen beharko dira egin, 16:00etatik 19:30etara, Belgrano Hiribideko 1144ko bigarren solairuan.

Informazio osagarria 130 urteurreneko afariari buruz: menua, hestebete taula eta gazta; Legatza saltsa berdean milorriekin; Sagarraren kurruskaria izozkiduna; kafe, xanpain kopa eta edaritzat Viña Antigua tempranillo ardoa, ura edo freskagarria. Prezioa, 35 euro. Erreserbak 4383-3903 telefonoan, astegunetan 12etatik 18etara.


LOTURA INTERESGARRIAK

Buenos Aires-ko Laurak Bat Euskal Etxearen webgunea
www.laurakbat.com.ar

'125 años del Centro Vasco Laurak Bat de Buenos Aires'
Gonzalo Auza idazle, Euskonews.com-en

FEVA, Euskal Argentinar Bazkun Elkartea
www.fevaonline.org.ar


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia