Brusela, Belgika. Bi aste eskas geratzen dira Euskal Herriari buruzko argazki lehiaketan izena emateko, Bruselako Euskal Etxea antolatzaile eta Saint-Gillesko Udala eta Eusko Jaurlaritzaren Bruselako Ordezkaritza lankide izan dituen ekimenean. Parte hartzeko asmoa baduzu, garaiz zaude, baina oroitu irailaren 30a dela lanak aurkezteko azken epea. Irabazleak bi pertsonarentzako gau bat jasoko du Hondarribiko Parador hotelean eta bost lan onenak erakusgai ipiniko dira Bruselan abenduaren 7tik 5era Pilgrims Etxean, orduan hirian egingo den Euskal Astearen egitarauko parte.
Gogora ekar dezagun argazki lehiaketako gaia Euskal Herria dela. Bi gai proposatzen zaizkie parte-hartzaileei: Euskal Herriko paisaiak (mendia, ozeanoa, lautada, animaliak...). edo Euskal Herriko kultura (folklorea, jaiak, erretratuak, musika...). Parte-hartzaile bakoitzak gai bakarrean izena emango du eta gai horrekin zerikusia duten 6-10 irudiz osatutako argazki multzo koherentea aurkeztuko du.
Izen-emate eta lan-bidalketak 2018ko irailaren 30eko gaueko hamabiak arte egin daitezke. Hautagaiek argazkiak zenbakizko-fitxategi formatuan WeTransfer doako programaren bitartez bidaliko dituzte helbide honetara: vdmphotographie@yahoo.fr. Emaitzak urriaren 31ean egingo da posta elektronikoz.
Erakusketaren inaugurazioa abenduaren 7an egingo da, ostiralez, Saint Gillesko (Brusela) Pilgrims Etxea izeneko kulturetxe ospetsuan 18:30etan. Argazkiak Bruselako Euskal Etxeko webgunean eta Facebooken ere erakutsiko dira.
Oinarriak euskaraz hemen kontsulta ditzakegu (pdf); edota hemen, flamenkoz, frantsesez, euskaraz edo gaztelaniaz (klikatu esteketan testuaren amaieran)