euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dataren esangurari buruzko hitzaldi-debate batez ospatu zuten Aberri Eguna Rosarioko Euskal Etxean

2009/04/30

Zazpirak Bat-eko lehendakari hautatu berria, Claudio Esnal, bertako idazkaria, Nelly Apesteguia, eta elkarteko lehendakari ohi eta egun zuzendaritza batzordekide den Raul Bereciartua, dantzari txikien taldeko neska-mutikoekin
Zazpirak Bat-eko lehendakari hautatu berria, Claudio Esnal, bertako idazkaria, Nelly Apesteguia, eta elkarteko lehendakari ohi eta egun zuzendaritza batzordekide den Raul Bereciartua, dantzari txikien taldeko neska-mutikoekin

PUBLIZITATEA

Diaspora argentinarreko euskal etxe batzuk Aberri Eguneko ospakizunak Aste Santuarekin batera egiten badituzte ere, ez dira gutxi opor garaian geratzen ez den hileko beste astebururen batera pasatzen dutenak. Hala egiten du Rosarioko Euskal Etxeak, esaterako. Rosarion Aberri Eguna muntatu dutenek argiro diote 'abertzaleen egutegiko urteko datarik garrantzitsuena' dela. Aurtengoan, programa apirilaren 17 eta 18an garatu zen, hitzaldi eta afari batez, helburu batekin: 'Aberri Egunaren mamia eta esangura azaltzea, askatasunaren aldarrikatzaile eta gizakion duintasunaren defendatzaile denez gero', esplikatu dute.

Rosario, Argentina. Apirilaren 17an, ostiralez, ekin zitzaien Santa Fe probintziako garrantzitsuena den hiri honetan Aberri Eguneko ospakizunei. Egitarauak zioenari jarraituz, ostiralean bertan iluntzean, Felipe Eiheragibelek --euskal etxeko lehendakari ohia, eta egun FEVAko lehendakaria dena--  Nociones básicas de Euskal Herria y su organización geográfica y política (Euskal Herriari buruzko oinarrizko hasi-masiak, bere kokapen geografiko eta politikoa) izeneko hitzaldia eman zuen. Ondoren, bertaratutako zenbaitek euren iritzia azaldu eta debate polita sortu zen publikoa partaide.

2009ko Aberri Eguna 03

[Zazpirak Bat-eko dantza taldekoak, ohorezko dantzak egiten Aberri Egineko ospakizunetan]

Biharamunean, larunbatean alegia, apirilak 18an, lore-eskaintza egin zuten Claudio Esnal Zazpirak Bat-eko lehendakariak eta Nelly Apesteguia erakundeko idazkariak euskal egoitzaren barnean, liburutegian, Sabino Arana ikurriña handi batek inguratuta agertzen duen koadroaren aurrean. Ospakizunak bukatzeko, dantzariek edertu zuten afari batean elkartu ziren Euskal Etxeko kide eta lagunak, dantza taldeko dantzari gazte zein txikiak partaide.

2009ko Aberri Eguna 02

[Nelly Apesteguia eta Claudio Esnal lore-sorta uzten Sabino Aranaren koadroaren aurrean]

'Egun hauetan abertzaleen egutegiko datarik garrantzitsuena da gogora ekartzen duguna', azaldu diote EuskalKultura.com-i Zazpirak Bateko arduradunek. Ahalegin berezia egin behar dela, diote, honen guztiaren esangura bereziki gazteei eta ez-euskaldunei azaltzeko. Euren ustez, 'Aberri Egunaren mamia eta esangura' behar da azaldu, 'askatasunaren aldarrikatzaile eta gizakion duintasunaren defendatzaile denez gero', adierazi dute.

Lotura interesgarriak

Gratien Olhagarairen lekukotasuna Iparraldeko lehenengo Aberri Egunaz
http://mediateka.fonoteka.com/orokorra.php?idi=eus&sec=24&id=II-135b



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia