Cañuelas, Argentina. Badira 19 urte Cañuelasko Denak Bat euskal etxeak Dantzari Topaketa eta Aberri Egunaren ospakizuna antolatzen dituela. Aurtengo edizioa egitarau zabaldua eta berrituarekin dator. Apirilaren 5ean izango da elkarretaratzea eta oraingoan, ohi ez bezala, ekitaldia ez da larunbat iluntzean hasiko, eguerdian baizik. Bazkari bat eskainiko dute eta arratsalde, iluntze eta gauean jarduera ugari egingo dira, hala nola mus txapelketa, pilota erakustaldia, jolasak, artisautza, gastronomía, kalejira, danborrada, abesbatza, dantza ikuskizuna eta, amaitzeko, erromeria.
Cañuelasko Denak Batek 65 urte beteko ditu uztailean eta ohoratzeko, Aberri Eguneko hitzorduaren programa berregin dute, lehenago hasiz ekitaldi guztiak larunbatera ekarriz
65 urte beteko ditu uztailaren 5ean Cañuelasko Euskal Etxeak eta egun horretan bertan ospakizun bereizi bat antolatzekotan badira ere, urtero Aste Santu inguruan antolatu ohi duten Aberri Eguneko dantzari gazteen bilkura ere nabarmendu nahi dute. Horretarako, moldatu egin dute programa tradizionala eta egun bakarrera ekarri, igande eguerdiko ohiko hitzorduak larunbatera aldatuz. Parte hartzaileen harrera larunbateko hamabietan hasiko da eta lehenengo ekitaldia, Mus Txapelketa Azkarra izango da, eta Euskal Etxearen ondoan dagoen Italiar Elkartean, etenarekin 13etan, Euskal Etxean(Del Carmen 446). Txartelak, $15.000 eta menua, oilaskoa parrillan entsaladarekin eta postrea. 15etan, mus mahaietara berriz. Bitartean, kalean, joko tradizionalak eta euskal ekintzaileen azoka, Txapela sagardoa, Aitunearen diseinuak, Haritzaren jantziak eta Colibriko ehungintza partaide, besteak beste.
Antolatu dira, besteak beste, mus txapelketa, elkartasun bazkaria, jolas tradizionalak, euskal ikutuko produktuen azoka, pilota, jalejira, danborrada, koru musika, dantza, erromeria...
16etan, bertako, La Platako eta Buenos Airesko pilotariek "Aberri Eguna" pilota erakustaldi triangeluarra eskainiko dute Cañuelas Klubeko trinketean (Lara 874), Euskal Etxetik 100 metrora. 19:30ean, kalejira Euskal Etxeko ataritik San Martin plazaraino, danborrada eta guzti. Plazan, Denak Bat Abesbatza igoko da oholtzara eta euskal dantza ikuskizuna hasiko, hainbat herritako euskal dantza taldeak partaide, tartean Mar del Plata, Arrecifes, La Plata, Buenos Aires... Emanaldi amaieran, Mus Txapelketako sariak banatuko dira eta parte hartutako elkarteen ordezkariei oroigarriak emango zaizkie. 21etan, erromeria Denak Baten, eta 23ak aldera, Daniel "Jopo" Galfredo eta hirukotearen ohiko emanaldia abiatuko,kantina zerbitzuarekin. Voucherra erosteko aukera dago 15.000 pesokotan, bi enpanada, hanburgesa, edari alkoholgabe bat eta postrea barne.
Eman izena 2226-601801 zenbakian
Mus Txapelketan izena ematea, 15.000 peso, bazkaria barne. Parte hartu nahi dutenek, bazkarirako txartela edo erromeriarako voucherra erreserbatu: Whatsapp bidez 2226-601801 zenbakian egin dezakete (ostirala 4ra arte).