euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dantzari, gaitero eta desfile batekin inauguratu zuten Jordan Valley-ko Elorriaga Museoa, John Elorriagaren dohaintza

2008/07/09

John Elorriaga inugaurazio ekitaldian (argazkiak Joni Boyle)
John Elorriaga inugaurazio ekitaldian (argazkiak Joni Boyle)

PUBLIZITATEA

Oregon estatuko Jordan Valley herriak museo berri bat du ekainaren 21az geroztik, Elorriaga familiaren ostatua izan zen etxean. Eraikina eta bertan erakusgai dauden tresna, objetu eta oroigarri gehienak John Elorriagaren dohaintza izan dira. Elorriaga House Museoa izenez ezaguna izango dena ION (Idaho, Oregon, Nevada) Heritage Museum erakundearen parte bihurtu da, bisitariei euskal-amerikar kultura eta bertan etxea egin zutenen bizimodua erakusteko asmoz. Inaugurazio ekitaldian Idaho, Nevada eta Oregon osoko lagun asko bildu ziren, euskal-amerikar komunitateari eginiko opari hau behar den moduan ospatzeko.

Jordan Valley, Oregon. Joan den ekainaren 21ean Jordan Valley herriak berebiziko jaia bizi izan zuen Elorriaga Museoaren inaugurazioa dela eta. Herriko lagunak eta kanpotik etorritako jende andana bildu zen bertan, John Elorriagaren dohaintzari esker sorturiko museoaren ateen irekitzearen lekuko izateko. Elorriagak bere familiaren etxea, euskal ostatua izandakoa, oparitu du, bertan euskal emigranteen bizimodua eta historia jasotzen dituen museoa sortzeko. Ekimena aurrera ateratzeak bost urteko lana hartu du eta inaugurazio ekitaldira proiektuan bildutako lagunak, dantzariak, gaiteroak, musikariak eta pilotariak etorri ziren, egun alai eta koloretsuan.

elorriaga2

[Elorriaga House museoaren kartela, inauguraziorako atondua]

Inaugurazioa herriko kaleetan zehar egin zen desfilearekin hasi zen. Boiseko Oinkari dantzariak eta Highland Bagpipers taldeko gaiteroak ziren buru, Homedaleko Euskal Etxeko Herribatza dantza taldearekin batera. Idaho Civil War Volunteers taldeak ere jaiarekin bat egin zuen, XIX. mendeko kanpamendu bat antolatuz. Artisauek euren produktuak erakutsi zituzten eta pilotariek partidak jokatu zituzten frontoian.

elorriaga5
[Boiskeo Oinkariak taldeko dantzariak Jordan Valleyko kaleetan zehar desfilatzen]

elorriaga6
[Highlanders Bagpipers taldeko gaiteroek inguruotako eskoziar eta irlandar komunitatearen ordezkaritza izan ziren]

elorriaga3
[Oinkariak eta Herribatza dantza taldeak inaugurazio ekitaldian eskaini zuten erakustaldiaren une bat]

elorriaga4
[Desfileak irudi bitxiak utzi zituen, 'rodea' gogora ekartzen zuen argazki hau bezala]

Inaugurazio ekitaldiaren aurkezlea Roy Eiguren izan zen, John Elorriagaren aspaldiko laguna. Eigurenek bertara bildu zirenei ongi etorria egin ondoren Elorriaga familiaren istoria ekarri zuen gogora, Ambrose aitak museo bihurtu den etxea Boisetik ekarritako harriekin egin zuela azalduz, Maria emaztearen Sondika (Bizkaia) jaioterriko etxeen antzekoa izan zedin. Eigurenen John Elorriagak Jordan Valleyko euskal komunitateari eta herri osoari eginiko ekarpena azpimarratu zuen, urte askotan proiektu desberdinak sustatu dituelako, beti gogotsu eta umore onez. Ondoren, Liz Eiguren Bilbaok estatubatuar ereserkia kantatu zuen.

Museoko zuzendari Joanne Cunningham-ek, bestalde, eraikin berriak eskaintzen dituen erakusketa desberdinak aurkeztu zituen. Museo berriak Elorriaga familiak eta inguruetako beste sendiek aspaldi erabiltzen zituzten tresna, altzari eta oroigarriak biltzen ditu, besteak beste. Erakusketa berezienetako bat Pilar’s Beauty Salon deritzona da. Bertan John Elorriagaren arreba Pilarrek urtetan bildutako antzinako ileapaindegi produktu eta kosmetikoak daude ikusgai.

Ekitaldiari bukaera emanez John Elorriagak bere dohaintza eta lanarengatik esker oneko plaka bat jaso zuen eta apaltasunez proiektua egi bihurtu arte urtetan lanean lagun izan dituen familiako kide eta herritarrak izan zituen gogoan.

Inaugurazio ekitaldian Joni Boylek eginiko argazki sorta zabala ikusteko, jo hona.

ION Museoaren webgunea, hemen.


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia