euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dantzari Eguna: ospakizun bikoitza igandean Arrecifesen Itxarkundia eta Ugarritzak taldeen urteurrenak direla eta

2014/10/02

Itxarkundia eta Ugarritzak taldeen urteurren jaira joateko gonbitea
Itxarkundia eta Ugarritzak taldeen urteurren jaira joateko gonbitea

PUBLIZITATEA

Festaz jantziko da datorren igandean Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat euskal etxea bertako Itxarkundia-ren sorreraren 70. urtemuga eta horren jarraitzailea izan den Ugarritzak taldearen 25. urtebetetzea ospatzeko. Jaian garai guztietako dantzariak bilduko dira, senidetasun bazkari handi batean. Gonbitea luzatzearekin batera, euskal etxeak Iruki Alaiak bere abesbatzaren azken aktibitateak jakinarazi ditu. 

Arrecifes, Argentina. Omenaldia egingo die bere dantzariei Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat euskal etxeak asteburu honetan. Izan ere, bertako lehenengo dantza taldea izan zen Itxarkundia-ren sorreraren 70. urtemuga betetzen da aurten eta data berezi hori ospatzeko arrazoi onak dituzte arrecifestarrek. Gogora dezagun 1944ean jaio zen Itxarkundiak hogeita bost bat gazte bildu zituela euren arbasoen kultura mantendu eta sustatzeko erronkarekin eta luzaroan ondo asko bete zutela helburua bai herrian bai eskualdean.

“Baina denboraren poderioz gazte horiek beste betebehar batzuk ere hasi ziren izaten eta dantzatzeari utzi behar izan zioten… Lau urtez isiltasuna nagusitu zen ‘la Vascan’ eta 1989. urtean eta Itxarkundiak landatutako haziari esker 25 ume eta nerabe bildu ziren berriro Ugarritzak izeneko taldea sortzeko. Teresa de Zavaletaren zuzendaritzapean, euskal etxeari buruzko buletina argitaratzen eta musika –Potxolo Loyola txistulariak lagunduta– eta dantzekin hasi ziren berriro gaztetxoak. Urte gutxitan, instituzioaren enbaxadore bihurtu ziren Ugarritzak-eko kideak”, adierazten digute euskal etxetik.

Urteurren bazkaria igande honetan, urriaren 5ean, izango da, eguerdiko ordu 1ean, eta txartelak 120 peso balio ditu, sarrera, plater nagusia, postrea eta edariak barne. Erreserbak egiteko, centrovascoarrecifes@gmail.com helbidera behar da idatzi.

Iruki Alaiak anfitrioi eta gonbidatu

Azken hilabeteetan egindako lana erakutsi eta konpartitzeko asmoarekin, abesbatzen topaketa antolatu zuen Euskaldunak Denak Bat-eko Iruki Alaiak koruak joan den irailaren 13an. Euskal etxeak gonbidaturik, San Pedro hiriko "Guillermo Farabollini" eta Juningo "Rodolfo M. Alleva" koru polifonikoek hartu zuten parte ekitaldian. Kontzertuan euskarazko abestiak eta baita Hego Amerikako errepertorioko kantak ere egin zituzten taldeek (argazkiak hemen). Errezitala bukatzean, lagunarteko afaria partekatu zuten abeslariek. Etorkizunari begira, Martin Aguilar irakasleak zuzentzen duen Iruki Alaiak-ek Ascension eta Junin hirietako abesbatzen topaketetan hartuko du parte.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia