euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dantzan.com webgunea berriz abian jartzeko sostengu kanpaina hasi da: sina ezazu ostirala baino lehen

2012/02/15

Dantzan.com-ek itxieraren berri eman zueneko irudia
Dantzan.com-ek itxieraren berri eman zueneko irudia

PUBLIZITATEA

Berri txar batekin bukatu zuten urtea mundu osoko euskal dantzazaleek: www.dantzan.com webgunearen itxiera. Diru laguntza ekonomikoen murrizketak eta, zenbait kasutan, laguntzen desagerpenak, egoera jasanezinean jarri zuen Dantzan.com-eko lantaldea eta hamar urteko ibilbideari bukaera ekarri zuen. Sarean berehalako erantzuna izan du berriak eta irakurleek sortu duten sostengu talde batek webguneari laguntzeko sinadura-bilketa jarri du abian. Dantzan.com-eko arduradunak erakundeekin hizketan ari dira eta, munduan zehar duten sostengua erakusteko, ostirala bitartean jasotzen diren sinadurak aurkeztuko dituzte. Lagundu nahi baduzu, sina ezazu lehenbailehen!

Donostia-San Sebastián. Dantzan.com-en itxiera dela eta, mundu osoko euskal dantzazaleen erantzuna azkarra eta indartsua izan da eta webgunearen aldeko laguntzaile taldea sortu da. Talde honek sinadura bilketa kanpaina jarri du abian eta lagundu nahi dutenei premiazko kontua dela azpimarratu nahi die: ostirala bitartean ahal bezain beste sinadura bildu nahi dituzte, gero babes horren froga diru-laguntzak eman ditzaketen erakundeen aurrean aurkezteko.

Dantzan.com-eko arduradun Oier Araolazak Euskalkultura.com-i azaldu dionez lantaldearentzako ekimen hau "batetik pozgarria izan da, eta bestetik, sorpresa ere bai". Itxieraren berria plazaratu zenez geroztik, euskal dantzaren munduko elkartasuna barra barra heldu zaie. "Lehen olatu honetan erantzuna izugarria izan da. Lanean ari zarela badakizu jendeak irakurtzen duela, baina besterik ez, eta orain bezala jakitea www.dantzan.com faltan botatzen dutela, benetan jarraitzen dutela, sekulakoa da", esan du.

Laguntzaile-taldeak sinadura-bilketaren bitartez elkartasun olatu horri irtenbide eraginkorra eman nahi dio. Dantzan.com egoera bideratzeko zenbait euskal erakunderekin hizketan ari da eta sinadura horiek guztiak babes horren froga gisa mahai gainean jarriko ditu. "Berriz ere hizketan ari gara beste erakundeekin eta zenbaterainoko babesa dugun ikusi nahi dute. Erantzunak azkarra izan behar du, iragan ostegunean hasi zen eta astebetako epea edo dugu", esan du Araolazak.

Lagundu nahi baduzu, sina ezazu hemen eta zabal ezazu ekimena zure inguruan eta sare sozialetan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia