euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dantzaldia eta emakume euskaldunen omenezko saria Chascomuseko Euskal Etxearen 20. urtemugan

2011/08/03

Chascomuseko Eusko Hazia taldeko dantzariak herriko Brazzola Antzokian (argazkia Zingirako Euskaldunak EE)
Chascomuseko Eusko Hazia taldeko dantzariak herriko Brazzola Antzokian (argazkia Zingirako Euskaldunak EE)

PUBLIZITATEA

Erakundearen 20. urtebetetzea ospatzeko antolatu diren ekintzak ez dira gutxi izan Buenos Aires probintziako Chascomuseko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxean. Eta ez dira gutxiago izango 2011 honi geratzen zaizkion hilabetetan. Instituzioko arlo guztietako kideak dira jai erraldoi honen protagonistak eta joan den larunbatean, uztailaren 30ean, dantzariei egokitu zaie ekitaldiko arduradunak izatea. 'Eusko Hazia' taldeko neska-mutilak gailendu egin dira herriko Brazzola Antzokian eta beren dantza eta alaitasunarekin argi utzi zuten euskal etxeak ospakizuerako dituen arrazoiak. Testuinguru honetan, Chascomuseko emakume euskaldunen omenezko sariaren berri ere eman du Zingirako Euskaldunak-ek.

Chascomus, Argentina. Hitzorduz betetako egutegia du aurten Chascomuseko euskal etxeak, eta arrakastaz betetzen ari da egindako proposamen guztiak. Hitzaldiak, afariak, mus txapelketa eta nola ez, San Inazio eguneko jaia. Eta euskaldunentzat hain esanguratsua den data hau gogoratzeko, Zingirako Euskaldunak-eko arduradunek dantza emanaldi bat antolatu zuten joan den larunbatean herriko Brazzola Antzokian. Euskal Etxeko 'Eusko Hazia' dantza taldeko kideek anitz pieza prestatu zituzten gau berezirako, tartean Soka Dantza (helduak); Kaskarot (helduak); Ipurdi Dantza (txikiak); Bugi Bugi (txikiak); Lore Arkuak (ertainak); Txinparta (ertainak); Hator Hator (helduak); Zazpi Iauzi (txikiak); Arin Arin (txikiak); Aiepo (txikiak); Txapeloaz (ertainak); Akelarre (ertainak); eta Fandango (helduak).

Eusko Hazia urtemugan 2011 01

[Ongi etorri hitzekin eman zion hasiera emanaldiari Euskal Etxeko lehendakari den Pedro Mauregui Larrandak (argazkia Zingirako Euskaldunak EE)]

Eusko Hazia urtemugan 2011 02

[Txikiek ez zuten jaia galdu nahi izan eta pieza polit batzuk prestatu zituzten San Inazio ospakizunerako (argazkia Zingirako Euskaldunak EE)]

Dantzaldia iluntzeko 8:30etan hasi zen, Euskal Etxeko lehendakariaren hitz batzuekin. Pedro Mauregui Larrandak esker beroak eman zizkien ekitaldia osatzen laguntzaile izandako guztiei, tartean Alberto Morel-i, Udaleko Kultur eta Komunikazio zuzendaria den Fernando Pieske eta antzokiko langileei.

Dantzak hasi aurretik, Euskal Herriari buruzko dokumental bat proiektatu zen. Ondoren, entseguen argazki eta azken 20 urte hauetako dantzarien emanaldien bideoak ere proiektatu ziren.

Eusko Hazia urtemugan 2011 03

[Dantzarien koreografiek, erritmoak, eta alaitasunak aretoa bete zuten joan den uztailaren 30ean (argazkia Zingirako Euskaldunak EE)]

Eusko Hazia urtemugan 2011 04

[Ertaineko taldeko dantzariek Lore Arkuak, Txinparta, Txapeloaz eta Akelarre egin zituzten (argazkia Zingirako Euskaldunak EE)]

Eusko Hazia urtemugan 2011 05

[Lagun anitz bildu ziren herriko antzokian Euskal Herriko dantzak ikusteko eta Eusko Hazia taldeko kideek kalitate handiko ikuskizuna eskaini zieten (argazkia Zingirako Euskaldunak EE)]

Chascomuseko emakume euskaldunei omenaldia

Euskal Etxearen 20. urteurrenean bertako emakume euskaldunen omenezko sari bat ezartzea erabaki dute Chascomuseko euskaldunek. Urtero banatuko den sariaren asmoa komunitatearen alde lan egin duten euskaldunen ondorengo diren emakumeak gailentzea da eta aurtengo lehenengo edizioan Adela Mendiburu de Bigatti-ri egokitu zaio. Adela Mendiburuk jarduera handia du euskal etxean baita herriko komunitatean ere. Dantzari eta euskal etxearen sortzaileetako bat izateaz gain, Adela Mendiburu Chascomuseko lehenengo emakumezko zinegotzia izan zen.

Sari ematea abuztuaren 6an izango da, arratsaldeko 7etan, eta horren ondoren, Koldo Zabalondo arotz euskaldunak “Euskal emakumeak” izeneko hitzaldia eskainiko du euskal etxean.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia