euskal diaspora eta kultura
2013/12/18
PUBLIZITATEA
La Plata, Argentina. Gogorra izan zen 2013aren hasiera Buenos Aires probintziako hiriburuarentzat. Gogora dezagun apirilaren lehenengo egunetan bertako historiako uholde larrienak pairatu zituztela laplatatarrek 70etik gora hildako utziko zituen ekaitzaren ondorioz. Denboraren poderioz, gauzak bere onera itzuli ziren eta baita euskal etxearen jarduerak ere. Esan behar da Euzko Etxeak ere bere harri koskorra ekarri zuela egoera konpontze aldera kaltetuen aldeko Euskal Pilota Partidu bat antolatuz. Apirilaren 8an bildutako janaria kale gorrian geratu zirenen artean banatu zen.
Ezbehar horiek urtearen hasiera goibeldu bazuten ere, poliki poliki euskal etxea 2013rako prestatuta zeukan egitaraua betetzen hasi ahal izan zen: euskara klaseak, zine eta literatura zikloak, Pilota Txapelketak, hitzaldiak, San Fermin eta San Inazio festak eta, esaterako, jadanik klasikoa den Paella Lehiaketa gauzatuz, beste hainbat proposamen artean. Halaber azpimarratzekoa da partaidetza handia izan zutela Emakumezkoen Hockey Eskolak eta Itsuen Futbol Taldeak instituzioa ordezkaturik.
Aipatutako jarrera eta emaitza horiengatik eta beste arrazoi askorengatik jaso zuten kopa Euzko Etxea-koek joan den abenduaren 16an urte amaierako jaian. Elkarretaratzea egoitzako trinketean egin zen eta bertan, besteak beste, abesbatza eta dantzariak aritu ziren. Afaria aurrera joan ahala, diplomak eskuratu zitzaizkien biziarteko bazkide kategorian sartu diren lagunei eta aginte makila eman zitzaion etxeko alkate berriari, Mirentxu Torre-ri.
[Abenduaren 16an egindako afariaz gain, beste topaketa batzuk gauzatu zituzten Euzko Etxeko taldeek urteari azken agurra emateko. Itsuen Futbol Taldeko kide eta lagunak azaroaren 29an bildu ziren, Lagunen Artean aretoan. Euskal etxeko lehendakari Javier Clua-k eta Paula Danel Unibertsitateko boluntarioen koordinatzaileak hitz batzuk zuzendu zituzten bildutakoen aitzinean. Taldearen entrenatzaileak eta kapitainak, euren aldetik, urtearen balantzea egin zuten (argazkiaEE)]
[Hockey Taldeko neskak ere elkartu ziren urteko azken afaria partekatzeko. Topaketaren baitan diplomak jaso zituzten jokalariek (argazkiaEE)]
[Evangelina Bertolaren zuzendaritzapean, Euzko Etxea-ko koruak bere errepertorioko abesti batzuk kantatu zituen abenduaren 16ko elkarretaratzean (argazkiaEE)]
[Lan handia egin zuten dantzariek jaian: janaria prestatu, zerbitzatu, aretoa txukundu eta dantzatu ere, jakina! (argazkiaEE)]
[2014. urtean etxeko alkatea izango den Mirentxu Torrek agintari makila jaso zuen Javier Clua-ren eta Jorge Batiz-en eskuetatik (argazkiaEE)]
Urte amaitrzen ari da eta datozen asteetan, atsedena hartuko dute euskal etxeko zuzendari eta langileek eta indarrak berrituko dituzte datorren urterako. Izan ere, beharko dute Euskal Diaspora argentinarreko jai handiena prestatzeko, La Platako Euzko Etxea izango baita 2014ko Euskal Argentinar Aste Nazionaleko antolatzaile eta anfitrioia. Honekin lotuta, eta nahiz eta data zehatza oraindik erabakitze den, euskal etxetik jakinarazi digute seguruenik azaroan egingo dutela.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus