Santa Rosa, La Pampa. Gogoangarria izan da La Pampako hiriburuko Zelaiko Euskal Etxearen partaidetza 2025eko Gizataldeen Jaian. Ekitaldiaren bosgarren edizioan, duela ehun urte immigranteek Santa Rosan sortutako Nekazaritza eta Abeltzaintza Elkartearen orubean ospatu da, leku honetan bigarrenez. Joan den larunbatean eta igandean, apirilaren 5 eta 6an, hamar bat gizatalde bildu ziren bertan, ikuskizun, gastronomia on eta lagunarteko asteburu bat partekatzeko. Santa Rosa hiriko Euskal Etxeak euskal dantzen erakustaldi bat eskaini zuen, zuzeneko musikarekin, eta stand gastronomiko bat ere muntatu zuen. Horrez gain, igandean Macachingo Gure Ametza dantza taldeko dantzari eta txistulariak taularatu ziren lagun.
"Zelaiko Euskal Etxeak ez dauka gaur egun dantza talde egonkorrik eta, horregatik, komunitate osoari luzatu genion gonbitea hiru eguneko entseguetan parte har zezaten, Festan aurkeztu ahal izateko", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Zelaiko Euskal Etxeko idazkari Lucia Arrarasek. Ez zen batere lan erraza. Hala ere, aldi baterako Santa Rosan bizi diren gazte euskaldun talde baten gogo eta lanari esker, helburua aise gainditu ahal izan da. Ioritz Goizueta Royo, Martiñe Zabala, Oier Frias, Eneko Barriola Apecechea eta Diego Gallego gazteen eskutik dantza batzuk ikasi ahal izan zituzten, besteak beste, Ipurdi dantza, Esku dantza, Zazpi Jauzi eta Polka.
Zelaiko Euskal Etxeko dantzariak eta Euskal Herriko gazteak
"Dantzari ohiak hurretatu zitzaizkigun fandangoa eta arin arina dantzatzeko, baina ezinbestekoak ziren jantziaz, eta ez genituen", jarraitu du Luciak. Orduan, Silvia Carrera bazkideak lanari ekin zion, jantzi batzuk konpondu zituen, beste batzuk modu batera edo bestera egin, eta taldea prest egon zen oholtza nagusira igotzeko. Buenos Airesetik Irati Lezama zornotzarra heldu zen bere trikitixarekin festan parte hartzeko. Eta larunbateko emanaldian Ona Sansinaneak eta Ioritz trikitilariak hasierako Agurra eskaini zuten. Jauzietan, publikoak dantzarekin bat egin zuen, eta barre artean, Ipurdi dantza eta amaierako kalejiran ere bai.
Macachingo Gure Ametza eta Zelaiko Euskal Etxeko kideak igandean 2025eko Gizataldeen Jaian
Igandean Macachingo Gure Ametzaren txanda izan zen. Iosu Pacha Iruretagoyena, José Luis Franco eta Antonella Mujicaren zuzendaritzapean, besteak beste Arku Dantza eta Fandango dantzatu zituzten. Txistularien jardun ona ere lagun izan zuten bi taldeek, bertakoak eta macachindarrak, Zazpi Jauzi, Polka eta Kalejira jendetsuan aritzeko orduan. "Primeran pasatu dugu, arratsalde zoragarria izan da, eta oso pozik gaude Santa Rosako jendearekin eta Euskal Herriko gazteekin partekatu izanagatik", diosku Iosu Pachak.
Zelaiko EEko lehendakariorde Mariángeles Sarasola, Laura Rusos, Luis Álvarez lehendakaria, eta Graciela Ángela Pereyra
Zelaiko Euskal Etxeko lehendakari Luis Álvarez, lehendakariorde Mariangeles Sarasola eta zuzendaritza batzordeko gainerako kideak izan ziren stand gastronomikoaren arduradunak. Bertan, txorizoak ardotan, txibierroak, kroketak, urdaiazpiko ogitartekoak, edariak, eta postre gisa goxua eta esne-gozoki pantxinetak eskaini zituzten. Halaber, Mónica Becerra elkarteko kideak ekimen berezi bat koordinatu zuen: Haritzak euskal kulturan duen garrantzia azaldu zien bertaratutakoei eta, oroigarri gisa, haritz haziak oparitu zituzten lehenengo ernamuintzeko eta, ondoren, landatzeko argibideekin batera.
Zorionak Zelaiko Etxea! Eskerrik asko zuei eta Macachin eta Euskal Herriko eta bertako partaide guztiei!