euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dantza, txapalaparta eta herri bazkaria bihar Carabanchelen Madrilgo auzo honen Bigarren Euskal Jaian

2012/03/23

Carabanchelgo Bigarren Euskal Jaiaren kartela
Carabanchelgo Bigarren Euskal Jaiaren kartela

PUBLIZITATEA

Euskal kultura bizi bizi izango da bihar Carabanchelen, Madrilgo auzo honetako bizilagun talde batek eta Euskal Etxeko zenbait bazkidek antolatu duten Bigarren Euskal Jaiari esker. Ekimena 2009an antolatu zen lehen aldiz, eta harrera bikaina izan zuen carabancheldarren artean. Bertakoek eskatuta, bigarren edizio hau antolatu da aurten eta bihar bertan euskal kolorez eta soinuz jantziko du auzoa, euskal etxeko dantzari eta txalapartariei esker. Ondoren, Carabanchelgo Casa del Barrio auzo elkartean babarrun jana egingo da.

Madril, Espainia. Carabanchelgo "Casa del Barrio" auzo elkartean egingo da bihar auzo madrildar honetako Bigarren Euskal Jaia. Antolatzaileak auzoko bizilagun talde bat eta Madrilgo Euskal Etxeko zenbait bazkide izan dira, eta Euskal Etxeak sostengua ematen dio jaiari, elkarteko dantzarien eta txalapartarien erakustaldiekin, besteak beste.

Jaiak bigarren edizioa du aurtengoa. Lehendabizikoa 2009ko azaroan egin zen eta arrakasta itzela izan zuen, antolatzaileek adierazi dutenez. "Horrelako egitasmoa burutzea ideia zoroa zela pentsa zitekeen hasieran, baina sekulako arrakasta izan zen". "Azken finean gure hiritik kilometro gutxi batzuetara dagoen errealitate bat geurera ekartzea eta zubiak eraikitzea lortu genuen. Euskara, dantzak, gastronomia eta jaia, euskaldunen eta carabancheldarren arteko bilgarri izan ziren, lagunarteko jai giroan".

Jaiaren ostean esperientzia errepikatzeko eskari asko jaso zituzten antolatzaileek. Horrela, nahiz eta atzerapen txiki batekin heldu den, bihar bertan egingo dute bigarren edizioa. Jaiaren gunea Casa del Barrio auzo elkartea (Avenida de Carabanchel Alto, 64) izango da eta dantza erakustaldia, txalaparta kontzertua, poteoa eta babarrun jana egingo dira bertan. Horrez gain, zenbait sorpresa ere izango direla iragarri dute antolatzaileek.

Bazkariaren prezioa 10 eurokoa da eta parte hartu nahi dutenek izena 625083875 telefonora deituz eman dezakete edo e-maila hona bidaliz: ikaslegatibu@gmail.com edo info@casadelbarriocarabanchel.es.

-Informazio gehiago Madrilgo Euskal Etxearen webgunean edo Casa del Barrio de Carabanchel auzo elkartearen webgunean



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia