euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dantza, txalaparta, sukaldaritza eta komunitate osoari begirako ekintzak ‘Villegasko Euskaldunak’ euskal etxean

2012/05/15

Diego Tellechea eta Maria Zaton, sukaldaritza klaseen arduradun (argazkia Diario Actualidad)
Diego Tellechea eta Maria Zaton, sukaldaritza klaseen arduradun (argazkia Diario Actualidad)

PUBLIZITATEA

Hamar urte daramatzate Buenos Aires probintzia argentinarreko General Villegas herriko euskaldunek euskal kultura zabaldu eta babesten. Eta urteak pasatu ahala sendotzeaz gain, gizataldearen mugak gaindituz joan da euskal erakundea. Izan ere, herriari zuzendutako hamaika proposamen garatzen dira ‘Villegasko Euskaldunak’en, tartean, aurten hasitako ahalmen bereziko haurrentzako dantza klaseak. “Paregabeko eskarmentua da guretzat, pozik eta harro gaude aurrera eraman ahal izateagatik”, adierazi dio euskal etxeko lehendakari Diego Tellecheak EuskalKultura.com-i.

General Villegas, Argentina. Mugimendu handiko elkartea da General Villegas-ko ‘Villegasko Euskaldunak’ euskal etxea. Bertan burutzen diren ekintzaak bi helburu argirekin egiten dira: Euskal Herriko adierazpen kulturalak ezagutaraztea, batetik; eta, bestetik, piskanaka eraikitzen ari diren egoitza bukatzeko dirua biltzea. Bi askoak uztarturik, proposamen egitarau oparoa eskaintzen diote euskal etxeko bazkide eta lagunek komunitateari.

Eskola eta tailerrei dagokienez, egun Fasciolo kalean alokatzen duten lokalean, euskal dantza eta txalaparta klaseak ematen dituzte ostegunero Celina Tellecheak, Estibaliz Zaton-ek eta Yanina Castrok, arratsaldeko 5etatik aurrera. Astelehenetan, berriz, sukaldaritza tailerra eskaintzen du euskal etxearen kultur arduraduna den Maria Zatonek. “Proposamen hau batez ere txikiei begira dago pentsatuta eta euskal sukaldaritza baino gehiago, gastronomia orokorra irakasten da”, azaltzen digu Diego Tellechea erakundeko lehendakariak. “Horretaz aparte eta hilabetean behin Mariak eta biok euskal sukaldaritzari buruzko tailer bat ematen dugu. Klase hauetan bai, Euskal Herriko errezetak prestatzen ditugu eta saioa bukatzean prestatutakoa dastatzen dugu denon artean”, azaltzen du Tellecheak.

Baina dantzetan dago, dudarik gabe, aurtengo nobedade handi eta politena. “Maria Zaton etxeko kideak ahalmen bereziko haurrentzako eskola batean egiten du lan eta bera izan da proiektua bideratzen lagundu ziguna. Euskal etxeko dantzariak gaztetxoak dira, zazpi eta bederatzi urte artekoak. Eta eskola horretako edade bereko umeak gonbidatu ditugu dantza klaseetan parte hartzera. Paregabeko eskarmentua da guztiontzat, pozik eta harro gaude aurrera eraman ahal izateagatik”, adierazi du ‘Villegasko Euskaldunak’-eko arduradunak.

Egoitza berritik oso hurbil  

“Hasi ginenetik mota askotako ekintzak egiten ditugu komunitaterekiko harremanak indartze aldera, hitzaldiak, konparazio. Joan den ostiralean, adibidez, Cesar Arrondok ‘Euskal Herriko gaurko egoera politikoa’ izeneko mintzaldia eskaini zigun. Bestalde, hilean behin afari bat antolatzen dugu eta euskal platerak prestatzen ditugu. Jende asko etortzen da eta hori oso ondo dago Euskal Herriko kultura zabal dezakegulako eta aldi berean dirua biltzen dugulako 9 de Julio kalean altxatzen ari garen egoitzarako. Aurten beheko solairua bukatuko dugu eta dena ondo baldin badoa, datorren urtearen amaieran inauguratzeko moduan egongo da”, aurreratu digu Diego Tellechea lehendakariak. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia