euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dantza, musika, zine eta bestelako tailerretako ikasleen lanak aurkeztu ziren Villa Mercedeseko Euskal Etxean

2011/07/12

Euskal etxeko dantzari txikiek ere hartu zuten parte Arte Erakustaldian
Euskal etxeko dantzari txikiek ere hartu zuten parte Arte Erakustaldian

PUBLIZITATEA

Kultur jaia burutu zen joan den ekainaren 25ean San Luis probintziako Villa Mercedeseko Euskal Etxean. Urtean zehar hainbat arte arlotan aritzen diren neska-mutilek euren aurrerapenak erakusteko paregabeko aukera izan zuten tailerretako irakasleen eskutik. Kantu, dantza, musika eta zinea izan ziren arratsaldeko protagonistak eta lagun anitz bertaratu ziren euskal etxearen egoitzara kultur ekitaldian parte hartu eta euskal erakundeko arduradunek eskainitako askariaz gozatzera.

Villa Mercedes, Argentina. Inork galdu nahi ez zuen erakustaldi bat egin zen joan den ekainaren 25ean Villa Mercedeseko Euskal Etxea-n. Arratsaldeko 5etik aurrera, edade guztietako ikasleek astero garatzen duten lanaren emaitzak konpartitu zituzten publikoarekin.

Arte erakustaldia Villa Mercedes 2011 01

[Txalo ugari jaso dituzte euskal etxeko dantzariek]

Dantzari dagokionez, Maria Sonia Rodriguez Mendoza irakasle eta zuzendariak azaldu zion bildutako jendeari nolakoak diren entseguak eta urtean zehar non aurkeztu diren eta non aurkeztuko diren dantzariak. Ondoren, Maximo Valentin Vallejo Rodriguez, Mateo Gil, Emilia Ramallo, Julieta Diaz Polanco, Maria Pia Avila, Giuliana Cabrera, Milagros Fernandez eta Maria Paz Rodriguez dantzari txikiek, eta Tiziana Maite Vallejo Rodriguez, Valentina Viveka Blanco eta Tatiana Micaela Coser ertaineko dantzariek Kalejira, San Petrike eta Fandango egin zituzten, irakasleak lagunduta.

“Euskal kulturan dantzek duten leku berezia azpimarratzea da gure asmoa. Dantza artea baino gehiago bizirik gauden seinalea dela argi utzi nahi dugu”, adierazi dio Maria Sonia Rodriguez Mendozak EuskalKultura.com-i.

Arte Erakustaldia Villa Mercedes 2011 02

[Zine Tailerreko ikasleek egindako tresnak]

Arte Erakustaldia Villa Mercedes 2011 003

[Euskal etxeko abeslari txikiak]

Arte Erakustaldia Villa Mercedes 2011 04

[Txalaparta ez da Arte Erakustalditik at geratu]

Dantzariek txalo ugari bereganatu zituzten, eta agertokia bero bero utzi zuten hurrengo aurkezpenetarako. Abeslariek (Daisy Cabeytu zuzendari), txalapartariek eta nola ez, euskal etxeko Pre-zine tailerreko ikasleek ikasitako guztia erakutsi dute. Horretaz gain, Pre-zine tailerreko partaideek diplomak jaso zituzten Carla Sanchez irakaslearen eskutik. Ikuskizuna bukatuta, askaria eskaini zioten etxekoek gonbidatuei.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia