Chascomuseko Zingirako Euskaldunak euskal etxeak antolatutako Udalekua urtarrilaren 5etik 9ra luzatu zen aurten, euskal kolektibitateko hogeita bost bat nerabe lagun. Euskal Herriko eta Argentinako begiraleen ardurapean, euskal kulturan sakontzeko mota askotako ekintzak egin zituzten udako kanpamentuaren partaideek; sukaldean ere aritu ziren gazteak, oraingo honetan Sagardi jatetxeko sukaldarien eskutik.
Chascomus, Argentina. Urte hasierarekin batera eta bost egunetan zehar, euskal dantzak eta musika, kirolak eta herri kirolak eta euskal mitologia eta hizkuntza lantzeko hainbat aktibitateren egoitza izan da Zingirako Euskaldunak-ek antolatutako kanpamendua.
Aurreko urteetan bezala, giro paregabea sortu zen gazteen artean –Chascomusekoez gain, Maipu, Macachin eta Florencio Varelatik etorriak– eta antolatzaileek oso balantze ona egin dute batez ere ekintzaren helburuak ondo asko bete zirelako. Maria Laura Egurenek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “euskal gizataldeko gazteen arteko harremanak sendotzea da ekintza honen asmoa, beti ere euskal giroaz gozatuz eta haien arteko adeitasuna eta lankidetza bultzatuz. Eta berriro ere sentitzen dugu helburu horiek bete direla”.
“Aurten, lehen aldiz, gure gain hartu behar izan ditugu ekintzaren gastuak diru-laguntzarik izan ez genuelako; baina hala ere, eta hainbat jenderen lan eta engaiamenduari esker burutu ahal izan dugu. Aipagarria da udalekuetan esperientzia handia duten gure monitoreen laguntza eta baita ere, aurten etorri diren Euskadiko Ordezkaritzako Joseba Bergaretxe eta etxeko laguna den Maitane Andueza begirale euskaldunena ere. Josebak eta Maitanek batez ere euskara eta trikitixarekin lagundu digute. Eta nola ez, Sagardi Sagardotegiko Txemi Alonsoren partaidetza. Musutuke etorri zitzaigun Txemi bere tailerra eskaintzera, euskal kultura zabaltzearen alde daukan konpromisoagatik”.
Orokorrean, jarduera ugari egin dituzte euskal etxeetako gazteek Chascomus hirian, euskal etxean zein euskal etxearen aurreko plazetan, Pilota Klubean eta igeri lekuan. Oso zaila izango litzateke guztien berri ematea. Hala ere, euskal etxeak sareratu dituen argazkiak –haietako asko bideo honetan bilduta- adierazgarri bezain motibagarriak dira. Hona hemen irudi horietako batzuk: