euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Dantza’ filma zinema aretoetan 2016an egotea espero dute Telmo Esnal, Koldobika Jauregi eta Juan Antonio Urbeltzek

2014/09/25

Telmo Esnal zinemagilea (argazkia Montse Castillo)
Telmo Esnal zinemagilea (argazkia Montse Castillo)

PUBLIZITATEA

“Ez da euskal dantzei buruzko dokumentala; istorioa dantzen bitartez kontatzen duen dialogorik gabeko fikzio lana da”, esan dio Telmo Esnal zinemagile zarauztarrak Euskalkultura.com-i. Berarekin batera Koldobika Jauregi eskultorea eta Juan Antonio Urbeltz dantzan aditua ari dira 2016an estreinatzea espero duten ‘Dantza’ filmean lanean.

Donostia-San Sebastian. Bilboko Guggenheim Museoarentzat bideo bat egiten ezagutu zuten elkar Esnalek eta Jauregik, orain urte batzuk. Eta ordutik darabilte buruan euskal dantzekin film bat egitea. Gauzak horrela, Esnalek Urte berri on, amona! pelikula bukatu ondoren elkartu egin ziren sortzaileak eta dantzaren bitartez fikziozko herri baten istorioa kontatuko duen lanaren lehen zertzeladak hasi ziren marrazten. “Euskal dantzen inguruan pertsonarik jantziena izanik Juan Antonio Urbeltzengana jo genuen eta, bere hipotesietatik abiatuta, idatzi genuen gidoia”. Zuzendari dihardu Esnal, jantzien eta attrezzoaren diseinatzaile Jauregi eta aholkulari Urtbeltz.

Filmaren teaser-a edo aurkezpen bideoa egin dute dagoeneko baina grabazioa, “pixkana pixkana” 2015ean zehar egitea espero dute. “Dantzariekin grabatzea ez da aktoreekin grabatzea bezala”, esan du Esnalek. “Denbora gehiago beharko dugu; badaude 200 dantzaritik gora dantzan agertuko diren sekuentzia batzuk”. Grabatzen duten heinean filma muntatzea dute buruan eta, beharrezko finantzazioa izatekotan, 2016an estreinatzea espero dute. “2016rako prest edukitzea espero dugu. Espainia mailan dirua lortzen saiatzen ari gara geure aldetik eta, Frantzia mailan, iparraldeko Ateka produkzio etxea. Hau ez da film soil bat, elkarlana da”. Izatez, dantzariak ere Pirinioetako alde bietakoak dira.

“Geure zinema indartu nahi baldin badugu Iparraldearekin batera lan eginez izan beharko da eta, horretarako, ez dago dantza baino gai aproposagorik” uste du Esnalek. “Ilusio handia daukat proiektu honekin, neure bi maitasunak bateratzen dituelako: dantza eta zinea. Diru gehiago izan eta sekuentzia berriak grabatzeko desiratzen nago”.



Komentarioak

  • Mila esker

    Zuzen zaude, Telmo Esnal zarauztarra da, eta momentu bateko despistea izan da besterik jartzea. Mila esker, Ni, irakurle fin eta lankide izateagatik.

    EuskalKultura.com, 2014/09/29 09:59

  • Donostiarra?

    Telmo Esnal, zarauztarra da.

    Ni, 2014/09/29 08:59

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia