euskal diaspora eta kultura
2013/03/19
PUBLIZITATEA
Arrecifes, Argentina. Udako atsedenaldia atzean, ikasturte berriari ekin diote Arrecifeseko euskal etxeko lagunek ere. Eta urtarrilean eta otsailean aktibitateekin jarraitu bazuten ere, orain, martxoan, erakundeko motor guztiak piztuko dituzte asteroko ekintzekin hasteko. Hona Euskaldunak Denak Bat-eko aurtengo proposamenak:
Dantza klaseak:
-Txikien Taldea, larunbatetan, arratsaldeko 4etan, Miguel
Garcia Bernaus irakasle
-Ertainen Taldea, ostiraletan, arratsaldeko 7etan, Maria
de las Victorias Saez Abarrategui irakasle
-Txiki-zaharrak, asteazkenetan, iluntzeko 8:30etan, Maria
Laura Angel Echaniz eta Miguel Garcia Bernaus irakasleen ardurapean
Euskara klaseak:
-Lehenengo urratsa, ostiraletan, iluntzeko 7etan, Maria
del Carmen Rodriguez irakasle
-Maila ertainekoa: ostiraletan, arratsaldeko 6etan, Maria
del Carmen Rodriguez irakasle
-Bigarren urratsa: hilean bitan larunbatetan,
arratsaldeko 6etan, Teresa de Zavaleta irakasle
Abesbatza
Arrecifeseko euskal etxeko abesbatza berria ostegunero elkartzen da entseatzera Martin Aguilar irakaslea zuzendari. Errepertorioan estilo askotako kantuak sartu ohi dira, batik bat Euskal Herriko kantutegiko abestiak, Argentina eta Hego Amerikako pieza klasikoak, Afrikakoak eta ‘spirituals’.
Arrecifeseko euskal etxetik jakinarazten dute bestalde, Lucio Echaniz liburutegia irekita dagoela astearte, asteazken eta ostiraletan goizeko 9:30etatik 12:30etara. Kontsultak egiteko, Laura Nobile erreferentearekin jarri behar da kontaktuan centrovascoarrecifes@gmail.com helbidean.
Ipuinaren ordua, Gernikako kimua eta Potxolo Loyola
Liburutegiarekin lotuta, hitzordu berezi batean parte hartzera deitu zaie arrecifestarrei. Apirilaren 30ean ‘Biblioneta’ren bisita jasoko dute euskal etxekoek. ‘Biblioneta’ delako proiektua 500 liburutik gora daramatzan liburutegi mugikorra da; liburuekin batera, beste adierazpen kultural batzuk ere eskaintzen dituzte ‘Biblioneta’ko artistek. Ekintza honekin ‘Ipuinaren Ordua’ 2013ko zikloari emango zaio hasiera Euskaldunak Denak Bat-en.
Bestela ere, maiatzaren 15ean haritzari buruzko hitzaldi bat emango du Peter Laharrague adituak euskal etxean. Mintzaldia egoitzan dagoen Gernikako Haritzaren kimuaren 70. urtemugaren baitan gauzatuko da eta ‘Las Magnolias Garden Club’ elkarteko lagunekin antolatuko da.
Maiatzean ere, baina 18an, Buenos Aires, Mar del Plata, Cordoba, Rosario eta Arrecifes bertako txistulariak bilduko dira Euskaldunak Denak Bat-en ‘Potxolo Loyola’ Txistularien I. Topaketan parte hartzeko.
Tailer eta ospakizunak
Aipatutako gonbidapenez gain, Gernikako Bonbardaketari buruzko erakusketa, zine zikloa, txistu eta pintxo tailerrak eta umeentzako ekitaldiak egingo dira urtean zehar herrian ‘la Vasca’ gisa ezaguna den elkartean. Eta euskal egutegiko datak ere ospatuko dira, tartean Aberri Eguna, San Inazio (Tandilgo Gure Abestiak abesbatza bertaratuta) eta San Fermin. Urrian, urtero bezala, Argentinako Euskal Astean hartuko dute parte dantzariek, aurten Cordobako Villa Marian, eta bidaia burutu ahal izateko, dirua biltzeko laguntza bonoak kaleratu dituzte gazteek. Saldutako bonoen artean 32 hazbeteko LCD zozketatuko da uztailaren 27an. Bonoak erosteko, aski duzu centrovascoarrecifes@gmail.com helbidera idaztea.
Euskaldunak Denak Bat euskal etxetik gogorarazten dute, azkenik, apirilaren 3an hasiko dela ‘Euskaldunaren Hitza’ irratsaioaren 6. denboraldia eta urtero bezala astero emitituko dela arratsaldeko 8etan. Ordubeteko saioan euskal kulturaz, musikaz, sukaldaritzaz eta oro har, euskal gaiez mintzatuko dira Laura Nobile eta Maria del Carmen Rodriguez aurkezleak. ‘Euskaldunaren Hitza’ Latina 98.1 FM irratian entzun daiteke edo, Arrecifesetik kanpo, internetez, hemen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus