euskal diaspora eta kultura
2014/03/05
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Baliabide ezin erabilgarriagoa bihurtu dira azken urteotan teknologia berriak esperientziak eta ezagutzak konpartitzeko. Halaxe azpimarratzen zuen Aitor Alavak, duela urte batzuk ‘Ezker Airian’ bloga sortu zuenean. Oraingoan proiektu berri batekin datorkigu dantzari arabarra: ‘Dantz-ango’ blogak Euskal Herriko eta Argentinako dantza tipikoen historiak biltzen ditu, egilearen bizitzaren ispilu ere bilakatuz.
“Euskal Herriko eta Argentinako folkloreek oso leku garrantzitsua dute gaur egun nire bizitzan eta ondorioz blogaren muina ere badira. Horrez gain, nire ustez ezin da etorkizunari begiratu iragana ezagutzen ez bada. Jakin behar dugu nondik gatozen eta zeintzuk diren gure herriek egin duten bidea eta izan dituzten eraginak. Ez dago herri izaten jarraitzeko beste biderik”, adierazi digu Zuhatzan jaiotako dantzariak.
Edukiak eta iturriak
Blogaren edukiei dagokienez, iturri ugariz baliatzen da egilea, beti arloan adituak direnengana jotzen. “Weborrian dagoen materialak, dantzaren historiari buruzko hainbat artikulu, liburu eta txosten batzen ditu, nire ikuspuntutik Euskal Herriko folklorearen benetako dimentsioa ondo adierazten dakiten autoreen hitzak baliatuz”.
“Laburbilduz, gure kulturaren balio handiko aldeak nahi ditut erakutsi, bai iraganekoak bai gauregun/etorkizun hurbilekoak. Bestetik, Argentinako Dantza Folklorikoa eta Tango ikasketak burutu ditut eta ikastaro horietarako egindako idazlan batzuk sartu ditut testuen artean; eta ikastaroak emateko prestatutako hainbat material ere bai. Ohikoa da pentsatzea dantza arloan, dantzari ona izateko nahikoa dela praktikatzea. Nik uste dut hausnarketa teorikoa ere behar duela dantzariak trebakuntza orekatua izateko. Irakurtzea eta liburuetan agertzen diren ideiekin adostu edota eztabaidatzea ere oso praktika ona da”, proposatzen du Aitor Alavak.
Hartzaile guztientzat
'Dantz-ango' publiko orokorrarentzat dago pentsatuta, doakoa da eta formatu erraz batean dago antolatuta. Eta nahiz eta gehienbat dantzari diren irakurleentzat pentsatua izan, dantzari izan gabe jakin-mina dutenak ere gonbidatzen ditu. Orria erabat eguneratuta dago –momentu honetan inauteriak dira azaleko gaia– eta oso maiz eguneratuko da urtean zehar. “Orain arte, egunero igo dut material berria. Datorren astetik aurrera, ordea, irakasle lanarekin hasiko naiz berriro ere Euskal Echea Institutuan eta hori dela eta astean behin eguneratuko dut”, azaldu du dantzariak.
“ 2012ko ‘Buenos Aires-ek Euskal Herria ospatzen du’ jaialdian aurkeztu genuen Agur(t)ango koreografia bezala, blogaren izenean ere badago hitz joko bat. 'Dantz-ango'ren bederatzi letrek blogaren edukiak eta nire bizitza laburtzen dituzte; bizitza, lana eta ikasketak”, argitzen du Aitor Alavak.
-'Dantz-ango'ra jotzeko, egin klik hemen
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus