euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Daniel Uranga gazte euskal-amerikarrak golf txapelketa bat irabazi du Augusta Golf Club mitikoan

2016/04/11

Daniel Uranga eta Tony aita koparekin Augustako Golf Club-ean (argazkia TUranga)
Daniel Uranga eta Tony aita koparekin Augustako Golf Club-ean (argazkia TUranga)

PUBLIZITATEA

Daniel Uranga gazteak 14 urte baino ez ditu, baina golf munduan lekutxoa egiten hasia da dagoeneko. Berriki, Augusta Golf Club mitikoan golf txapelketa bat irabazi du eta beste batean bigarren postua eskuratu du. Daniel Homedale-ko Txoko Ona Basque Club kidea da eta golfaz gain futbolean, saskibaloian, beisbolean eta... euskal dantzan ere aritzen da, Homedaleko Herribatza Dantzaria taldearekin. Zorionak eta segi horrela Daniel!

Boise, AEB. Daniel Uranga gazteak bi sari eskuratu zituen iragan igandean Augusta Golf Club ezagunean jokatu zen Drive, Chip and Putt Championship txapelketan. Txapelketa hau 2013an sortu zen, golfa sustatu eta gazteen artean zabalttzeko helburuarekin. Urtero egiten da Augusta National Golf Club delakoan, Masters txapelketa -golf munduko hitzordu nagusienetakoa-- jokatu aurreko igandean.

Daniel Urangak putt txapelketa irabazi egin zuen eta bigarren postua eskuratu zuen sailkapen orokorrean, bere adin taldeko 80 gazteen artean. Txapelketan Danielen arrebak, Tea-k, ere parte hartu zuen eta neba-arrebek golf munduko jokalari ezagunak aurrez aurre ezagutzeko aukera izan zuten, hala nola Lou Holtz, Adam Scott, Bubba Watson, Matt Kuchar...

Durangarren ondorengoak

Danielen euskal sustraiak Durango aldean daude, bertatik heldu baitzen Estatu Batuetara Rufino Uranga birraitona, Tony Urangak (aitak) EuskalKultura.com-i agertu dionez.  Uranga familia --Daniel, Tea arreba, Tony eta Jennifer gurasoak-- Wilder herrian bizi da, baina Homedale-eko Txoko Ona Basque Club Euskal Etxeko kide dira.

Familiak elkartearen jardueratan parte hartzen du, eta Daniel dantza taldeko kidea da. Tony aita ere dantzaria da eta musean aritzen da. Berak eta seme-alabek euskera pixka bat egiten dute: "Txikitan eta musean eta dantzan ikasi dudana", esan du Tonyk.

Txapelketari buruzko informazio gehiago, Idaho Statesman egunkariko albiste honetan.

Zorionak Daniel!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia