euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Daniel Elicetche, euskal-paraguaitarra: "Harrera ona egingo genieke gure herrialdea abian jartzen lagungarri izan daitezkeen euskal profesionalei"

2014/11/06

68 urteko euskal-paraguaitarra da Daniel Elicetche, kontularia eta kontularitza eta auditoria enpresa baten jabea (argazkia EuskalKultura.com)
68 urteko euskal-paraguaitarra da Daniel Elicetche, kontularia eta kontularitza eta auditoria enpresa baten jabea (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Duela 130 edo 140 urte Ameriketara etortzeko Atlantikoa zehartu zuten euskaldunen berbiloba da eta harrotasun irriño batez hartzen du bere boneta edo txapela buruan euskal jite ukaezina duela esaten diogunean, hala iruditzen baitzaigu. Daniel Elicetche kontularia eta enpresari parguaitarra da, kontularitza eta auditoria enpresa baten jabe Asuncionen, baita bertako Euskal Etxeko kide fundatzaile ere. Paraguain profesional gazte formatuen behar handia dagoela diosku.

Joseba Etxarri/Asuncion, Paraguai. Asuncion erdigunean ezarri dugun hitzordura txapela buruan datorkigu, hain zuzen ere --baieztatzen dugu-- Elosegi tolosarren sinadura daraman boneta klasikoa dotore jarria, jakan ere beste keinu txiki bat, bertako Jasone Euskal Etxearen izena eta ikurrina duen pin-a.

-Ikusten zaituen edonork zalantzarik ez du izango, euskaldunaren irudi klasiko dotorea daukazu.

-Euskal jatorrikoa bainaiz, Buenos Airesen jaio nintzen, baina 42 urte dira Paraguain bizi naizela eta hemen eraiki dut nire bizitza. Gure familiak zenbait lekutako odola dauka, alemana, italiarra... baina nik beti miretsi izan ditut euskaldunak eta adar horrekin identifikatzen naiz. Euskalduna sentitzen naiz.

-Zer esan nahi du horrek zuretzat.

-Euskaldun izateaz pentsatzen dudanean nire aitona eta bere senideak datozkit burura, horietako bi ezagutu bainituen. Bururatzen zaizkit txikitan gurasoengandik, aiton-amona eta osaba-izebengandik ikasitakoak, hitzaren balioa, onest izatearen balioa, lanaren balioa, eta familiaren izen onari garbiro eta orbainik gabe eustea.

-Zer dakizu Ameriketara etorri zen zure arbasoari buruz?

-Arrunt guti. Ez nuen ezagutu eta nire aitonaren senideen artean bi baino ez nituen ezagutu. Pedro zen nire birraitonaren izena, baita nire aitonarena ere. Birraitonaren ezkon-agirian, Iribarne birramonarekin ezkondu zela dioen horretan hitzez hitz dio "Pedro Elicetche, Frantzian sortua". Haren alaba zen nire izeba zahar Estefania izen da familia gauzekin gehien lotu nauean, 98 urterekin hil baitzen eta kontu zahar asko kontatzen zizkigun. Baita kantuak kantatu ere, baina gu gaztetxoegiak ginen ezer ikasteko. Harek kontatu ohi zuen familiako zazpi etorri zirela elkarrekin Ameriketara, tartean baita lehengusuak ere, Sabarots deituradunak. Bere amak esanik zekien. Nonbait, Buenos Airesen lehorreratu eta batzuk hegoaldera, Bahia Blancara abiatu ziren, beste batzuk Entre Rioseko bidea hartu zuten eta besteren bat Paraguaira etorri omen zen. Kontaktua galdu genuen ordea, aspaldiko kontuak baitira hauek, 1.870 edo 1880 ingurukoak.

-Nola ikusten da Euskal Herria Paraguaitik?

-Desberdin ikusten dugum jakina, neronek eta paraguaitar arrunt batek. Paraguaitar arruntak seguruenik ez dizkizu desberdinduko Euskal Herria eta Espainia. Euskal Herriaren berri badugunok, arlo afektiboetatik aparte, Euskal Herriaren lan-arloko eta gaitasun ekonomikoa ikusten dugu. Espainiari erreparatzen badiogu, zatitik garrantzitsuena da ekonomiari begira, une latzak bizi izan ditu, besteak beste terrorismoa ere jasan izan du, baina beti jakin izan du aurrera egiten eta bere ahal ekonomikoa mantentzen, baita gaur egun mundua astintzen duen krisialdi honetan ere. Indar hori apreziatzen dugu.

-Euskal arrastorik badago Paraguain?

-Gutxi, esango nuke. Asuncion hiriburua Irala bergararrak fundatu zuen. Frantzizkotarrak hemen, duela gutxi arte euskal probintzia frantziskotarraren menpe zeuden eta, beraz, etortzen ziren fraide eta apezetako asko euskaldunak ziren. Izan ere, 1990ko hamarkadan Asuncionen Euskal Etxea sortu genuenean eurei eman genien gure estatutuak euskaratzeko zeregina; eurei eskerrak urtero San Inazio ospatzeko antolatzen dugun meza, hiru apezek emana da, zati batean euskaraz, euskal kantuak eta guzti. Bestalde, Asuncionen bada eskola bat, herrialde osoan historia abersatsena dutenetakoa, San Jose Eskola, aita baionesek 1904an fundatua, badakizu Mikel Garikoitz santu euskaldunak XIX. mendean sortutako Betharramisten ordenekoek fundatua, eta hor euskal apezen tradizioa izan dute. Gogoan dut eskola horretan ibilitako apezpiku bat, Gogorza deitura euskaldunekoa, oraindik bizi da. XIX. mendean, bestalde, euskal frantses talde batek Villa Hayes fundatu zuen Paraguai ibaiaren bestaldean, Asuncion aurrean. Eta barnealdean, laku batzuetan, hala nola San Juan Bautistan, Misiones departamentuan, atxikitzen dira eusal ohitura batzuk eta badago horiekin aurrera egin nahi duen jende multzo bat, Sasiaindarrak konparazio.

-Krisia aipatu duzu, eta egungo krisi horren eraginez, gazte euskaldun asko atzerriratzen ari dira, eskarmentua eta aukera hobe bila.

-Hemen izan ditugu batzuk, gutxi. Eta gertatzen da, aldiz, Paraguai oso une ekonomiko interesgarria ari dela bizitzen eta lan-indar kualifikatu eta formatu eskasia handia daukala. Guztia dago hemen egiteke. Ekonomia egonkor eta osasuntsua daukagu. Amerika osoan gutxien zorpetutako herrialdea gara, %18a, zer ikusirik ez, esaterako, Estatu Batuek daukaten %100dik gorako tasarekin. Moneta inguru osoko egonkorrena da... Baina beste alde batetik, guztia dago egiteke, profesional trebatuak behar ditugu herrialdea abian jartzen lagun gaitzaten.

-Orain 17-18 urte zeuk sortzen lagundu zenuen Asunciongo Euskal Etxetik ere horren kezka daukazue...

-Bai, uste baitugu ongi litzatekeela euskal gazte profesionalak hona ekartzea, teknikari ongi trebatuak hemen aritzeko eta lan horretan uste dugu Euskal Etxeak zubi lana egin dezakeela, ez bakarrik kultura arloan, kasu honetan ekonomi alorrean ere baizik. Kontaktu eta sarrera onak ditugu mundu ekonomiko paraguaitarrean, sektore pribatuak zein publikoan. Gure bazkideetako asko mundu horretako pertsonak gara. Euskal Etxeko lehendakari Txema Bruno Lacarrak interesa dauka arlo hau lantzeko eta euskal inbertsioak ekartzeko Paraguaira. Aztertu behar da zeintzuk daitezkeen lanerako esparru egokienak, ikusiz elkarren interesa nola bideratu. Eta hau momentu ezinhobea da horretarako.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia