euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Danborrada Necochean hasi da aurten Diasporan eta Euskal Herrira eta mundura zabalduko da asteburuan

2013/01/15

Necocheako danborrariek Donostiatik milaka kilometrotara ekarri zituzten Sarriegi maisuaren doinuak (argazkia NecocheaEE)
Necocheako danborrariek Donostiatik milaka kilometrotara ekarri zituzten Sarriegi maisuaren doinuak (argazkia NecocheaEE)

PUBLIZITATEA

Aurten ere Necocheako Euskal Etxeak aurrea hartu du eta iragan asteburuan ospatu zituen San Sebastian eguneko festak, danborrada eta guzti. Necocheako danborrariei jarraiki, datorren larunbateko gauerdian Donostiako eta Azpeitiako danbor-joleek ekingo diote jaiari eta eurekin batera Diasporako hainbat euskal etxetako lagunek ere. Larunbatean hasi eta igandea bitartean jaiak eta danbor hotsak izango dira Sydneyn, New Yorken, Madrilen, Bartzelonan, Parisen, Shanghain, Caracasen eta Mexikon, besteak beste.

Necochea, Argentina. San Sebastian eguneko jairako dena prest dago jada Donostian eta Azpeitian, eta larunbateko gauerditik hasita milaka lagun aterako dira kaleetara danborra jotzen. Diasporan ere euskal elkarte askok bat egiten dute urtero jaiarekin, eta aurten inoiz baino gehiago izango dira, jaia asteburuan izanik. 

Hala ere, bada jaia goiz hasi duenik, hala nola Necocheako Euzko Etxea elkartea. Argentinar hiri honek datorren asteburuan bizi behar du hiriko Gizataldeen Jaia eta danborrada horrekin batera egin beharreankari horretara erabaki zuen danborrada aurreratu eta urtarrilaren 11-12an ospatzea. Jaiaren egitaraua zabala izan zen: larunbatean mus txapelketa eta erromeria, dantza erakustaldiarekin; eta igandean paella eta dantzaldi-afaria, danborradarekin.

Necochea San Sebastian 2013 1

[Necochean, dantzariek txalo zaparrada jaso zuten euren erakustaldiagatik (argazkiak NecocheaEE)]

Necochea San Sebastian 2013 2

[Eta ondoren danborrada. Danborra jotzen, ezkerretik eskubira, Kiti Zubillaga, Maria Graciana Saez, Maria Bibiana Dabadie, Xabier Zubillaga (Necocheako Ikastolako zuzendaria) eta elkarteko beste bazkide bat (argazkia NecocheaEE)]

Shanghaitik Bartzelonara

Munduko beste aldean, Txinan, Shanghaiko Euskal Etxeak aurten ere zur eta lur utziko ditu bertakoak, elkarteko danborrada kalera aterako baitu urtarrilaren 19an. Danborrariek poteo bat egingo dute Hongmai Lu kalean barrena, Sarriegiren doinuak joz, eta ondoren San Sebastian afaria egingo dute, musika eta giro bera lagun.

Bartzelonan Euskal Etxeak afaria antolatu du 19rako, elkartearen egoitzan dagoen jatetxean. Gauerdian, ETBren seinalean medio Donostiako eta Azpeitiako danborradekin bat egingo dute bertara bildutakoek.

Txikien danborrada Madrilen

Hori bera egingo dute ere Madrilgo Euskal Etxeko kideek Currito jatetxean egingo duten afarian, urteroko jai honen gertaleku zen Gipuzkoa jatetxea itxi ondoren. Gauerdian elkarteko danborradak San Sebastian Martxa joko du, Jose Mari Arana danbor nagusia gidari. Txikiek ere, urtero legez, euren danborrada izango dute biharamunean, igandean. Eguerdian aterako dira eta Euskal Etxearen egoitza aurrean, Diputatuen Kongresuaren atzekaldean, joko dute.

Parisen ere, Maison Basqueko bazkideek afaria egingo dute 19an jaia ospatzeko. Eguerdian hasiko dira jarduerak Arrokiagako "Jose Mendiague" pastoralaren emanaldiarekin. Ondoren, arratsaldeko 20:00tan San Sebastian afaria egingo da elkartean. 

Mexikon, Australian eta Venezuelan ere

Mexiko DFko Euskal Etxeak urtero legez afari jendetsua egingo du San Sebastian eguna dela eta; aurreko edizioetan berrehun lagun inguru bildu izan dira elkartera. Behar bezala jantzirik eta entseguen ondotik, gauerdian danborrada joko dute bazkideek, Alfredo Jover Donnay maisuaren gidaritzapean, euskal etxera bildutako gainerako lagunek mahaietatik lagunduta.

Australian Sydneyko Gure Txoko elkarteak igandean bertan ospatuko du jaia bazkari batekin. Menua primerakoa izango da. Izan ere, sukaldari lanetan ibiliko da Peru Almandoz chef donostiarra, duela gutxi itxi zuen arte Urepel jatetxe ezaguneko arduradun izan dena. Jaia eguerdian hasi eta berandu arte luzatuko ei da.

Caracasen, berriz, Danborradak beste astebete itxaron behar izango du, aurten urtarrilaren 26an ospatuko baita, larunbatez, hiriburu venezuelarreko pilotalekuan, ohi bezala elkarteko danborreroekin, arratsaldeko bostetatik aurrera, ondoren pintxo eta edariak zerbitzatuko direlarik frontoiko tabernan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia