Tandil, Argentina. Danborrada Donostiarrak, urtetik urtera, gero eta ospe eta interes eta zaletasun handiagoa pizten segitzen du Argentinako euskal etxeen artean. Iazko amaieran, Tandilen, Gure Etxeko lagunek erabaki zuten bazela garaia euren danbor eta upel konpainia propioa izateko. Lanari ekin eta Pergaminoko fabrikatzaile bati 22 upel enkargatu zizkioten. Danborrak falta ziren, ordea. Baliabideak soilik 8 danbor erosteko iritsi ziren. Eta hasteko aski badira ere, laster beste multzo txiki bat eskuratzea espero dute.
Ilusio ikaragarria dute, upel preziatuak gordetzen zituzten paketeak zabaltzearen poza bezain handia. Eta luzamendurik gabe, datorren astean bertan hasiko dira jotzen. Bahia Blancako Euskal Etxeko danborradako kide den Joaquín Manterolaren eskutik, astean behin, 2024ko Euskal Aste Nazionalean jotzaile aritzeko asmoz. Hau guztia ospatzea merezi zuen eta, beraz, lehenengo topaketan, pintxo dastaketa eta topa egin zuten, pintxo-prestatzaileak konpainiako kide diren Ana Arrechea, Valeria Aramburu eta Graciela Confalonieri Zabala izanik.
Gure Etxeko lagunek pintxoz, ardoz eta sagardoz ospatu zuten danborradarako materiala jaso izana
Berrikuntza honetaz gain, Udako etenaren amaiera iristen ari dela, Euskal Etxeak bere ohiko jarduerekin hasiko da laster. Hor dira, euskal dantza klaseak, adin guztikoentzat, Sara Urbieta, Carlos González eta Mariana Juezen eskutik; Gure Abestiak Abesbatza, Martin Tumbarino zuzendari; Mus tailerra, Graciela Confalonieri Zabala lehendakariaren eskutik; Pilota Eskola; eta euskara klaseak, azken hauek apirilean hasiko direlarik, Santiago Benavidez eta Beatriz Poumé irakasleak Euskal Herritik itzuli eta gero, egun Lazkaoko Maizpide barnetegian baitaude, ezagutzak hobetzen.
Trinketa berritua eta kontzesiodun berria
Euskal Etxeko lehendakari Graciela Confalonierik EuskalKultura.eus-i adierazi dionez, Gure Etxea-ko pilotalekuak kontzesiodun berria du. Egungo arduraduna, Camilo eta Manuela Ibarra pilotarien aita den Cacho Ibarra da.
Urtarrilean, eraberritzeko asmoz Gure Etxeko trinketa itxita egon zen aldi baterako. Konponketa batzuk egin eta pintatu ondoren, otsailaren 2an, ostirala, berrinauguratu zen, 18 jokalarik eskainitako ikuskizun txalogarria batekin. Martxoaren 11n, berriz, Zabaltze Txapelketari ekingo diote, munduko txapeldunen eta zazpi mailatako jokalarien partaidetzarekin.