euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Dan Ansotegui, chef onenaren James Beard sarietan semifinalista; 'The Basque Market', Boiseko bigarren onena

2022/03/07

Tony Eiguren Boiseko The Basque Market-eko barraren atzean [arg EuskalKultura.eus]
Tony Eiguren Boiseko The Basque Market-eko barraren atzean [arg EuskalKultura.eus]

PUBLIZITATEA

Boise, Idaho, AEB. Edozein aitzakia da ona Estatu Batuetan euskal jatetxe askok duten harrera ona eta popularitatea aipatzeko, eta oraingo honetan Idaho estatura etorri gara, bertako establezimendu eta chef bat izendatuak izan baitira bakoitza sari edo errekonozimendu banarako. Alde batetik, Dan Ansotegui sukaldari, ekintzaile, musikari eta irakasle euskalduna James Beard Awards izeneko sarietarako semifinalista hautatu dute Ameriketako Estatu Batuetako eskualde horretako sukaldari onenaren sarirako.

Gogora dezagun Dan Ansoteguik --emazte Tamara eta alaba Ellierekin batera-- Ansots jatetxe tipia zabaldu zuela joan den udan Boise erdigunean, Basque Blocketik oso gertu. Aurretik ere hiriko Bar Gernika eta The Basque Market establezimendu ikonikoen sortzaile izandako Ansoteguik euskal kutsuko anoa eta bazkari xinpleak eskaintzen ditu bertan, baita berak egindako txorizoa ere, dagoeneko famatua. Famatu dira baita ere alaba Elliek etxeko gisan egiten dituen mahaiburukoak ere. Askotan saritu izan dute Dan Ansotegui dauzkan 62 urte betegabeetan, gehienbat musikari bezala – 2019an National Heritage Fellowships saria jaso zuen, AEBetako folk eta arte tradizionaletako sari nagusia.

The Basque Market bigarren bozkatua

Eta The Basque Market ere albiste da egunotan, bertako irrati bateko entzuleek bozkatu baitute 'Boiseko bigarren jatetxerik onena'. Tony eta Tamara Eiguren dira jatetxeko jabe eta kudeatzaileak eta EuskalKultura.eus-i Tonyk aitortu dionez, "sorpresa handia izan da, hunkituta gaude Boiseko bigarren jatetxe onena aukeratu gaituztelako...555 jatetxeren artean! Eskerrik asko 107.9 LITE FMri eta bere entzuleei, estimu, maitasun... eta irizpide onaren seinale honengatik! ", adierazi digu irria ezpainetan.

Euskal Herriko garai bateko bodega batzuk bezala, Euskal Herriko elikagaien salmenta --kontserbak, ardoak, lekaleak, arrozak... hemen kutxikiak diren gauzak--  pintxoak, paellak eta anoak zerbitzatzearekin bateratzen duen establezimendua da The Basque Market. Txakolin aukera ederra, sagardoa, patxarana, Errioxako, Nafarroako eta Irulegiko ardoak eta Espainiako antzeko produktuen aukera bikaina eskaintzen du, produktu horiekin platerak prestatzeko ikastaroekin batera.

Bidaia enplegatuekin eta errezeta liburua

Honelako produktuak hemen ez dira Boisen lortzen euskal lekuetatik edo bertako euskal komunitatetik kanpo, ez baitira ohikoak Ameriketako dieta eta menu arruntetan. Dan Ansoteguik sortu zuen The Basque Market 1999an eta, arrakastatsu egin ondoren, Tony eta Tamara Eigureni saldu zien 2006an. Geroztik Eigurendarrek lekuaren izen ona eta erreferentzialtasuna finkatu eta are sendoagoa egin dute.

Kontua da negozioa ongi dabilela eta Eigurendarrek arrakasta partekatu eta langileekin kohesioa eta talde-espiritua sustatzen dutela. Ildo horri jarraiki, 2007an, jatetxea aste batzuetarako itxi eta denak gonbidatu zituzten bidaia batera Euskal Herrian barrena, ezagutza zuzena izan zezaten zein herrialderi buruz eta zein toki eta gastronomiari buruz ari ziren eta zer 'saltzen' ari ziren. Aurten, hemendik aste batzuetara, esperientzia errepikatuko dute.

Tara (McElhose) Eiguren eta Tony Eiguren senar-emazteek liburu bat The Basque Market Cookbook kaleratu berri dute otsailean, Amazonen eta beste liburudenda batzuetan dago eskuragarri.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia