euskal diaspora eta kultura
2014/07/07
PUBLIZITATEA
Montevideo, Uruguay. “Muraletan pintatzea da gehien gustatzen zaidana, muraletan mihiseetan baino sakonagora baitoa eskala”, azaltzen du Damian Ibarguren-ek. “‘Mundu zoriontsu bateko postalak’ delako sortaren xedea kaletarrei opari bat ematea da. Jendeak denbora behar du nire koadro eta muraletan gauzak aurkitzeko, hasieran ikusi ez dituen gauzak topatzen baititu; eta batzuetan esanahi berriak ere”.
Esperientzia hau partekatu nahian eta bere arbasoen lurrera eta kulturara hurbiltze aldera, Euskal Herriko bazterretan margotu nahi lituzke bere muralak Ibargurenek. Eta proposamen bera luzatzen die euskal diasporako herri eta euskal etxeei. “Euskal Herria ezagutzea da nire asmoa eta aldi berean zerbait neurea uztea bertan, Uruguaira etorri ziren euskaldunen irudiak, esaterako. Horretarako Euskal Herriko udalekin jarri nahiko nuke kontaktuan, proiektu hau zertan datzan azaltzeko”. Eskaintza euskal etxeetara ere luzatzen du. Egoitzan edo kalean margolariaren muralak izan nahi dituztenek berarekin kontaktatzea baino ez dute. Baldintza bakarra, bidaia eta egonaldiko gastuak ordaintzea.
Jardunbidea muralgintzan
Jardunbide oparoa dauka Damian Ibargurenek muralak egiten. Uruguain, Libanon eta Costa Rican egindako margolanen artean, garrantzitsuenetako bat da, dudarik gabe, Uruguaiko Rio Negro departamenduko Algorta herrian burututakoa da. Izan ere, lan horrekin, Giza Eskubideen Gutunaren 60. urteurrenaren baitan egindako lehiaketa bat irabazi zuen Ibargurenek 2008an. Honi lotuta, behar da aipatu gertutik ezagutzen duela gai hori artistak, guraso tupamaroak izanik, erbestean bizi izan baitzen 1980tik Uruguaira demokrazia bueltatu arte.
“Gustatuko litzaidake harreman bat sortzea euskal kulturarekin nire margolanen bidez”, dio Ibarguren-ek; hala ere, arbasoei buruzko informazio handirik ez duela aitortzen du: “Familia barean kontatzen dena baino ez dut; entzuna dut gu, Fray Bentosko Ibargurendarrak Evitaren (Eva Ibarguren Duarte-ren) familia berekoak garela. Bi lehengusu omen ziren Euskal Herritik itsasontziz etorri zirenak; bat Montevideoko portuan lehorreratu omen zen eta bestea, Buenos Aireskoan… baina esan bezala, kontakizunak dira, momentu honetan ezin ditut egiaztatu”, azaltzen du margolariak.
Damian Ibargurenekin kontaktatzeko, helbide elektronikoa damian.ibarguren@gmail.com da eta Facebook-en ere badago ‘Damián Ibarguren Gauthier’ izenpean. Bere lanari buruz informazio gehiago eskuratzeko, jo hona.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus