euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

CUNYko Atxaga Katedrak euskal zinema aztertuko aste honetan New Yorken emakume zinemagileen lanak oinarri

2023/10/23

Maria Pilar Rodriguezek euskal emakumeek egindako lanak errepasatuko ditu Atxaga Katedran CUNYko Graduate Center-en
Maria Pilar Rodriguezek euskal emakumeek egindako lanak errepasatuko ditu Atxaga Katedran CUNYko Graduate Center-en

PUBLIZITATEA

New York, AEB. Gaurtik aurrera eta datozen egunetan CUNY (City University of New York) unibertsitateko Bernardo Atxaga Katedrak ikastaldia eskainiko du Sagar Handian egoitza duen bere Graduate Center-en euskal emakume zinegileak eta hauek euren lanetan garatu dituzten gaiak hizpide. Etxepare Euskal Institutuak bultzatzen duen Katedrak Deustuko Unibertsitateko Maria Pilar Rodriguez irakasle eta ikertzailea hautatu du 2023ko bere titular gisa, kurtso honek euskal zinemagintza nahi du aurkeztu euskal emakume zuzendariek zenbait genero eta formatotan —film luze eta laburrak eta dokumentalak— egindako lanak oinarri, lanok akademikoki ikertuz eta euren zabalkundea eginez.

Rodriguezen aburuz, begibistakoa da euskal emakume zuzendarien produkzio filmikoak ez duela presentzia indartsurik izan panorama zinematografikoan. “Azken urteotara arte egoera ez da esperantzagarria izan. Baina, esan beharra dago ere kritika eta azterketa akademikoak ez direla behar adina ahalegindu emakume zinemagile euskaldunak beren osotasunean ganoraz arakatzen”, esan du. Irakaslearen iritzian, horrek ondorio esanguratsuak ditu. “Emakumeek egindako filmen gorakadak gure gizartea bere osotasunean ulertzeko nahitaezko begirada batekin aberastu du zinemagintza, eta emakume ikusleei identifikatzeko aukera handiagoa eman dieten erreferenteak eskaini dizkie”

Gogora dezagun aste honetan NYC Basque Film Festival jaialdia egingo dela New Yorken, publiko orori zabalik, "20.000 espezie erle", "Cinco lobitos" eta "Arnasa betean" izenburuak pantailaratuta (xehetasunak hemen). Rodríguez doktoreak gaur hasiko duen ikastaroa honako programaaren arabera burutuko da:

Astelehena, urriak 23
- 9: 00-11: 30. Ikastaroaren aurkezpena. Euskal ekoizpen zinematografikoaren aurkezpen orokorra
- Irakurketa: Fernández, Joxean (2012). Euskal zinema. Cine vasco. Basque Cinema. Donostia. Euskadiko Filmategia.

Asteartea, urriak 24
- 9: 00-11: 30. Euskal errealizadoreak. Indarkeria, terrorismoa eta emakumeen parte-hartzea: Yoyes (Helena Taberna, 2000). Emakumeek ETAn izan duten parte-hartzeari buruzkoa saioa.
- Irakurketa: Rodríguez, María Pilar (2004). "Euskal Herria: trantsiziotik zintzilik dagoen auzia? Yoyes, Helena Tabernarena ". Historia zinemaren bidez: trantsizioa eta demokrazia sendotzea Espainian. Vitoria-Gasteiz: EHU, 107-128. or.

Urriak 25, asteazkena
- 9: 00-11: 30. Mugimendu transnazionalak: Amaren idea (Maider Oleaga, 2009). Saio honetan, euskal zuzendariek kokaleku geografiko eta sinboliko transnazionalen inguruan egin dituzten film-sorkuntzak azalduko dira. Lan horiek gaur egungo mundua definitzen duten dinamikek sortutako tentsioen alderdiak azaltzen dituzte, gaiaren eta estetikaren aldetik.
- Irakurketa: Beti, Iñaki eta Recalde, Ana (2012). "Amaren idea. Erbestetik berreskuratutako ahotsak "eta" Elkarrizketa Maider Oleagari ", Exilioan eta zineman. Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 73-86 eta 103-107 or.

Osteguna, urriak 26
- 9: 00-11: 30. Subjektibotasun femeninoen irudikapen garaikideak: 'Cinco lobitos' (Alauda Ruiz de Azúa, 2022) eta '20.000 especies de abejas '(Estibalitz Urresola, 2023). Saio honetan, protagonista berrien afektuak eta egungo familia-egoerak aztertzen dituzten zinemagileen azken filmak aztertuko dira. Urresolaren filma trans pertsonen eta identitate sexualen analisirako oinarria izango da
- Irakurketa: Carmen Albert (2022). "Cinco lobitos. Joan-etorriko bidaia "
- Hitzaldia eta proiekzioa. Euskal emakume zinemagileak. Dokumentala: Arnasa betean. 5:30 pm. Segal Theater. CUNY Graduate Center.

María Pilar Rodríguez

María Pilar Rodríguez irakasle titularra da Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Sailean, eta Aisia, Kultura eta Giza Garapenerako Komunikazioa doktoregoko zuzendaria. Doktorea da Harvardeko Unibertsitatean. 2002ra arte Columbia Unibertsitatean (New York, AEB) irakasle izan zen. Literaturari, zinemari, kulturari eta genero-ikerketei buruz luze argitaratu du. Komunikazio taldeko ikertzaile nagusia da, Eusko Jaurlaritzak errekonozitua. Bere azken liburuak honako hauek dira: Ellas cuentan: Representaciones artísticas de la violencia en el País Vasco desde la perspectiva de género (Madril: Dykinson, 2020, Cristina Ortizekin idatzia), Cine vasco: una historia política y cultural (Salamanca: Comunicación Social, 2015, Rob Stone eta euskal zinemagileekin idatzia. Euskal emakume zinemagileak (Donostia: Euskadiko Filmategia, 2023).



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia