euskal diaspora eta kultura
2008/09/18
PUBLIZITATEA
Edinburgh, Eskozia. Cristina Ertze mexikarra euskaldunen alaba eta biloba da eta Mexiko DFko Diasporan jaio zen. Egun Eskozian bizi da eta Edinburgh-eko Bitter Blue Productions enpresarekin bere aitonaren bizipenak jasotzen dituen laburmetraia egin du. Filma Cannes jaialdiko Short Film Corner atalean aurkeztu zen estrainekoz eta datorren asteko asteazkenean, irailaren 24ean, New Yorkeko Zine eta Bideo Jaialdi Independentean izango da ikusgai. Cristinaren aitona, 95 urteko Antonio de Ertze, da filmaren protagonista.
'Ni aitonak kontatzen zituen istorioak entzunez hazi nintzen, Mexikoko Diasporako euskaldunek kontatzen zituzten istorio guztiak entzunez. Mexikok ateak ireki zizkien, baina beraiek Euskal Herria zela euren aberria esaten zuten beti. Horrek jakinmina piztu zidan, nola da posible halako maitasuna izatea sekula berriz ere ikusi ezin izango duzun lekuari', azaldu dio zuzendariak Euskalkultura.com-i.
['Old man and the Whale' filmak Lekeitioko gaur egungo kaleak erakusten ditu]
Errepublikarren altxorra
Aitonak bilobari kontatzen zizkion istorio haiek batzuetan irudimenez betetakoak, bestetan bizitza bezain latzak ziren. Zer zen egia eta zer imajinatua, horixe zen Cristinak zuen galdera, eta laburmetraiak historiaren lekukoek kontatzen duten istorio txikietan oroimenaren eta fantasiaren arteko muga non ote dagoen aztertzen du. Izan ere Ertzeren istorioa irudimena pizten duten horietakoa da. Guda Zibilaren azken egunetan Antonio 'Vita' untzian itsasoratu zen ingeniari mekaniko bezala, Mexikoruntz. Untzi honetan errepublikaren gobernuak atzerrira bidali zituen bere diru erreserbak: garai hartako 50 milioi dolar, antza. Dirua erbesteratuei laguntzeko erabili behar omen zen, baina istorioak dioenez Mexikon lorratza galdu zioten. Kondaira ala egia zantzua duen kontakizuna?
['Old Man and the Whale filmaren irudi bat]
Filmaren narrazioak aiton-amonek bilobei kontatzen dizkieten istorioen doinu poetiko eta fantasiazkoa mantentzen du. Antonio agertzen da kontu-kontari, oroimen harrigarria lagun, Lekeitioko portutik osteratxoa egiten. 'Bakoitzak bere egia dauka', esaten du filmaren une batean, eta bere biloba ados dago esaldiarekin. 'Azkenean aurkitu dudana zera da, garrantzitsuena ez dela zer den egia eta zer kondaira, baizik eta pertsonen bihotzean gelditu dena', azaltzen du.
Poesia eta errealitatea
Filmaren doinu poetikoan sakondu egiten dute Kirmen Uribe poeta ondarroarraren kolaborazioa bezalako pasarteek. 'Kirmenek filmaren izpiritua bikain azaltzen zuen olerki bat erabiltzen utzi zidan. Bere herriaz mintzo den bidaiariari buruzkoa da, guda ostean nola gelditu zen kontatzen duena'. Kirmenek berak gazteleratu zuen, gazteleraz kontatzen baitu Antoniok bere istorioa, eta Elizabeth Macklin itzultzaileak ingelesezko bertsioa egin zuen azpitituluetarako. 'Hasieran aitonak istorioa euskaraz kontatzea nahi nuen, baina ezin nuen ondo ulertu', azaltzen du Cristinak. 'Euskaraz esaldi batzuk baino ez ditut ulertzen eta gehiago ikasi nahian nabil'.
[Antonio de Ertze, laburmetraiaren une batean bere bizitzako istorioa kontatzen]
'Nire familia beti ibili izan da Mexikoko Euskal Etxean', azaltzen du zuzendariak, 'eta pozik aurkeztuko nuke filma Mexikoko jaialdiren batean edo euskal etxean bertan'. Momentuz hurrengo emanaldia New Yorkeko International Independent Film and Video Festival (NYIIFVF) jaialdian izango da, irailaren 24an, arratsaldeko ordu bietan. Zuzendariak hara biltzeko gonbitea egin dio New Yorkeko euskal komunitateari eta jaso duen harrera on eta e-mail mordoarekin harrituta eta hunkituta gelditu omen da.
Laburmetraiaren trailerra
New Yorkeko emanaldira joan ezin dutenentzat, jarraian Diasporako euskaldun askorentzat gertukoa izango den istorio honen trailerra eskaintzen dugu:
Filmari buruzko informazio gehiago, Bitter Blue Productions ekoiztetxearen webgunean, hemen.
Efectivamente, el Vita fue un yate en el que se llevaron dinero de la Repùblica d Mèxico en 1939. Su armador fue Marino de Gamboa, de Mugia, aunque criado en Fiplinas. El capitàn Josè de Ordorika Ruiz de Asua, de Lekeitio. El primer oficial fue Mariano Manresa, càntabro. El segundo oficial, otro lekittiarra, Isaac Etxabe. El jede de màquinas fue Àlvaro Aretxabaleta, de Erandio; el segundo maquinista, Echaniz, de Elgoiobar, y Ertze (hermano del sacerdote, periodista y profesor Ramòn Ertze) tercer maquinista.
koldo san sebastian, 2008/09/19 00:28
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus